GAUR8

Michelin izarrak eta harremanaren kilometroak

2025 UDA. (SENSATHLON)

Michelin izarren sailkapenak liluratu egiten nau. Izar bat: geldialdiak merezi du. Bi izar: desbideratzeak merezi du. Hiru izar: espresuki bertara bidaiatzeak konpentsatzen du.

Joan den astean autoaren ikuskapen teknikoa egiteko apropos egin nuen bidaia.

Kapota irekitzeko unean eta lainoaren aurkako argiak pizteko momentuetan... munduko emakume guztien ordezkari bakarra banintz bezala sentitzen dut nire burua. Bikain egin beharra. Mendetan sustraitu den sexismoa, nire sorbaldan itzal pisutsua, gainetik uxatu nahian.

Terapeutok gure borroka propioak ditugu. Bikote harremanetan ere gure bikotekideekiko eztabaidak, eta ez beti dotoreak (bereziki, gure bikotekideak terapeutak ez badira). Buruhauste propioak. Euskaraz hitz egin ahal izateko egoera deserosoak. Esaterako, aurrekoan, Donostiako San Martin azokako fruta postuko emakumearekin (zuria, bertakoa) izandakoa:

- Hiru sagar nahi nituzke

- No te escucho

- Hi-ru sa-gar

- No te escucho

- HI-RU SA-GAR

- No te entiendo

- TRES MANZANAS

Sutan. Borondate eskasa. Eta gu ez gara aingerutxoak. Hau dena, nire hiru haurren begi gosetuen aurrean.

Batzuetan aholkua eskatzen digute (dohainik), une desegokietan eta leku ezinezkoetan, eta ahalik eta eleganteen saiatzen gara erantzuten (guk: ezin diogula erantzun aproposa eman, baina pistaren bat, bai), batez ere, galdera jendaurrean egin badu lotsagarri ez uztearren. Horri buruz hizketan, lagun informatikari (historikoki doan jasotzeko asmoz kontsulta gehien jaso duen lanbidea!) batek honako konbertsazio hau kontatu zidan:

- Zu informatikaria zara, ezta?

- Bai

- Orduan tostadora pasatuko dizut konpontzeko

Ja, ja, ja! Hori ez dago gainditzerik!!!

Harremanetan noiz eta nola hitz egiten diren gauzak garrantzitsua da. Ezin du segada bat izan. Baina ezin diogu erabat uko egin hitz egiteari. Batzuetan hitzordua jarri behar da bikotekidearekin gai bati buruz hitz egiteko. Eta bukaera ordu bat ere izan behar du, gai zerrenda, eta ezin da infinitura luzatu. Beste parteari asimilatzeko tartea ere eman behar zaio. Baina gaia kitatu behar da betiko.

Edozein momentutan egin daitekeena askotan ez da inoiz egiten. Lagun batekin kafea hartu, hizketaldi bat, zerbait txukundu gauza berriei lekua egiteko... Horregatik, joko guztiek arauak dituzte. Araurik gabe ez dago dibertsiorik. Dibertsioa arau horien barruan MODUA bilatzean datza. Eta agian, harremanetan ere, muga batzuk jarrita, bilatu daiteke koska.

Debekatuta zer dagoen ezartzea, zer lehenetsi behar den zehaztea, aukeratzean zer baztertzen den zerrendatzea, gutxi dagoen zerbait dosifikatzea, urteko data zehatz batean juntadizoa egitea... Adibide tonto bat jartzearren... Larunbat goizez bakarrik joan bagaitezke mendi buelta egitera hilean behin (ezin delako beste inoiz), orduan, bai ala bai, nahiz eta eguraldia ez izan onena, egingo dugu elkarrekin mendi buelta. Estutze horrek egingarri bihurtzen du.

Autozerbitzuko gasolindegietan, ordainduko den diru kopurua borobiltzen saiatzea, mangerarekin isurtzen den bitartean, joko pertsonal bihurtu dugu askok.

Taberna batean bertako izena daraman ogitartekoa eskatzea apustu segurua da. Ona egongo da, ziur. Ez dago zalantzarik. %100 probatua dago goxoa dagoela. 10etik 9k errepikatu egingo dute hurrengoan. Osagarriak ikonikoak dira. Aukeratzeko denbora gutxi baldin badago, taberna gainezka dagoelako, bi segundotan hautatuko duzu eta gainera, asmatu.

Zein da zuen “etxeko ogitartekoa”? Umore partekatu propioa? Eguneroko zaintza-keinu txiki bat? Besteari kontatzen dizkiogun kontu batzuk? Paseoak? Pintxoak? Auzoko dendatik ekartzen diozun hori? Deskubritu eta elikatu. Zaindu edo berreskuratu harremanaren marka, ikonoa, garaikurra, mugarria.

Zenbat izar emango zenizkioke zure harremanari oraintxe? Merezi du geldialdiak, desbideratzeak edo bidaia osorik egiteak? Gehiegizko kilometroak egiten ari zara, benetan, geldialdi motz bat besterik merezi ez zuen harreman baterako? •