2025 IRA. 13 - 00:00h Mattin Iñiguez, korrika eta hegan Alpeetan barrena 1.300 kilometroko ibilbidea, mendian korrika eta parapentearekin hegan eginez. Red Bull X-Alps lasterketak proposatzen duen erronka ez da makala, eta euskaldun askok Mattin Iñiguez eta haren taldeari esker ezagutu dugu. Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. Asier Aiestaran Mattin Iñiguez parapentelari zegamarrak Red Bull X-Alps lasterketan parte hartu zuen ekainaren amaieran. Alpeetan bi astez luzatzen den proba da, "hike and fly" modalitatekoa, non kirolariek korrika eta parapente hegaldiak tartekatuz ia 1.300 kilometro inguruko ibilbidea osatu behar duten, bidean kokatutako mugarrietatik igaroz. Esan gabe doa abentura gogorra bezain zirraragarria dela parte-hartzaileentzat, baina baita jarraitzaileentzat ikusgarria ere. Lasterketa Alpeetako leku esanguratsuenetatik igarotzen da eta gaur egungo teknologiari esker, zuzenean jarraitu daiteke lasterketaren bilakaera, kirolari bakoitzaren kokapena ikusiz. Probaren ezaugarrietako bat da bi egunetik behin azken postuan doan parte-hartzailea kanporatua izaten dela, eta bere lehen parte-hartzean, Mattin Iñiguezi sailkapenaren atzealdean ibiltzea egokitu zitzaion, kanporatze arrisku horren presioarekin. Euskaldun bat 35 parte-hartzaileen artean izateak, aipatutako bi elementu horiek gehituta, probaren ikusgarritasuna eta sailkapenaren emozioa, ekarri du mendizale askok ezagutzen ez zuten parapentearen modalitate hau deskubritzea, eta gehienak lasterketarekin erabat txundituta gelditu dira. BALANTZE POSITIBOA «Balantze positiboa izan da. Bi hilabetek ematen dute astia balantze hori egiteko eta une txarrak ahazteko [barreak]. Alde politari begiratuta, oso esperientzia aberasgarria izan da, oso intentsoa lehen egunetik hasita, eta oroitzapen polita dugu», esan digu Mattinek lehen balantzea eskatu diogunean. Gasteizen egin dugu hitzordua. Lasterketa amaitutakoan beste hilabetez bidaia luzatu eta Alpeetan ibili zen zegamarra, eta gerora Pirinioetan hegaldi ederrak egin ditu, abuztu erdialdeko egun beroak baliatuta. Behin etxera itzulita, GAUR8rekin patxadaz hausnartu du egindako jardueraz. Iñiguez, Tre Cime Di Lavaredo mendien paretik igarotzen. (Lukas PILZ / ZOOOM PRODUCTIONS) «Lehen aldiak beti izaten dira bereziak. Ez dakizu zeri egin behar diozun aurre. Ez zen erraza horrelako lasterketa bati aurre egitea lehenagotik lehiatu gabe. Alde horretatik, nahiko gogorra izan da: urte osoko sakrifizioak, entrenamenduak... Urte osoan dedikazio ia esklusiboa eduki dut proiektu honetarako», dio mendizale gipuzkoarrak. «Eta zer ikasi dugun? Ba, batez ere, nola lehiatu behar den. Lehiaketara ez geunden ohituta. Entrenamenduak oso zorrotz egin ditugu, baina lehiatzeko garaian konturatu gara asko geneukala ikasteko. Ez dela gelditu behar, aurrea hartu behar dela gehixeago, eguraldiaren aurrean zer erabaki hartu behar diren, aurretik zer informazio lantzea komeni den... Gauza asko dira, hobetzeko tarte handia daukagula ikusi dugu», gehitu du. TALDEAREN GARRANTZIA Konturatuko zen jada irakurlea Mattinek etengabe “gu” darabilela bere jardunaz hitz egiterakoan. Izan ere, mota honetako lasterketa batean parte-hartzea ezinezkoa litzateke talde baten laguntzarik gabe. «Talde potentea joan ginen. Ni eta beste bost pertsona; sei lagun, guztira. Autokarabana batekin Jon Arruti, Victor Barquero eta Aner Etxezabal ibili ziren. Eta furgoneta batekin, Felipe Tudela eta Nerea Beltran. Goizez talde batek irteerako lanetan laguntzen zidan: jan-edanak, aireratzea, elektronika... Eta beste taldea aurreratu egiten zen nik hegan iristea espero nuen lekura; guk lurreratzeari “pintxatu” esaten diogu. Kontuan izan behar da Alpeetan distantziak oso handiak direla. Nik hegan ordu erdian pasa dezakedan bailara bat autoz igarotzeko agian 3-4 ordu behar dira. Furgoneta bakarrarekin joanez gero, gerta liteke laguntza behar izatea eta taldea oso urrun egotea. Horregatik ibili gara bi taldetan banatuta», azaldu du Iñiguezek. «Parapentelariak bere oinarrizko ekipoa beti gainean eraman behar du. 8-10 kilo bitarteko motxila bat beti gainean daramazu. Baina ezin duzu egun osoko ura eta janaria eraman. Ogitarteko pare bat eta ura hartzen nituen, baina nonbait lur hartu eta bost ordu korrika egin behar badituzu, horretarako behar duzun ur eta janari guztia beste norbaitek eramatea komeni da; bestela, agian, 12 kilo edo gehiago eraman beharko nituzkeelako gainean. Horregatik, ahalik eta pisu gutxien gainean eramateko, taldekideen laguntza behar duzu. Eta konpainia pixka bat egiteko ere bai, ordu asko dira eta», eskertu du zegamarrak. HASIERA KONPLIKATUA Eta egiari zor, laguntza guztia behar izan zuen Mattinek, lehiaketa hasi eta berehala une kritiko bat gainditu behar izan baitzuen, lasterketa guztia baldintzatu ziona. «Oso azkar joan behar zen egun bat zen, baina ekaitzak zetozen. Oso ongi nindoan hegan, baina une jakin batean ekaitz piloa ikusi nituen, tximistak eta abar, eta ez nuen jakin nondik ihes egin. Bailara batean sartu nintzen, altuera hartu eta pasatzea lortuko nuelakoan, baina ez zen erabaki ona izan. Ekaitz batek bete-betean harrapatu ninduen eta mendian lurreratu behar izan nuen, oso altu», onartu du. Taldearen laguntza ezinbestekoa da. Felipe Tudela, Nerea Beltran, Jon Arruti, Victor Barquero eta Aner Etxezabal izan dira Iñiguezen taldekideak. (Sebastian MARKO / ZOOOM PRODUCTIONS) «Eta bigarren erabaki txarra izan zen mendi horretan gora igotzea, pentsatuz ekaitza pasatu eta aireratzea lortuko nuela. Tximista, kazkabarra... denetik ‘jan’ nuen. Elektronika ere izorratu zen, inkomunikatuta geratu nintzen... eta maratoi extra bat egin behar izan nuen, mila metrotik gorako desnibela. Hark lasterketaren atzealdean utzi gintuen. Ordu erdiko planeoa izan zitekeena hiruzpalau orduko korrikaldi bihurtu zen. Horregatik, lasterketa osoan atzetik aurrera eginez ibili behar izan genuen. Lortu genuen 12 egunetan lasterketan bizirik irautea, baina beti kanporatuak izateko arriskuan», gogoratu du. Hain zuzen ere, hasi eta berehala kanporatua izatea zen euskaldunen beldur nagusia. «Horrenbeste sakrifizio egin eta gero, beldurrik handiena hori zen. Lan potentea egin dugu proiektua aurrera ateratzeko: dirulaguntzak lortu, entrenatu... Urte osoan honi begira egon eta gero, hirugarren egunean kalera joatea kolpe handia izango zen. Presio handiena horixe zen. Noski, Red Bullek ikuskizuna bilatzen du, eta horretarako bi egunetik behin azken sailkatua kaleratu egiten dute. Ekaitz horren ondorioz atzean geratu ginenez, presio hori geneukan. Horrek intentsitate handia eman dio esperientziari», aipatu du Mattinek jada denborak ematen duen lasaitasunarekin eta irribarre batez. «Beti hortxe egon gara: ‘mexikarra datorrela, kanadarra datorrela...’. Pixkanaka lortu genuen aurrera egitea eta, azkenean, 11 egun izan ziren lehiatzen, eta 12. egunean joan ginen kalera. Oso hegaldi politak egin genituen, asko ikasi dugu eta esperientzia polita izan da azkenean». Proba Aaron Durogati italiarrak irabazi zuen, eta 21 kirolarik lortu zuten azken helmugara iristea. ESTRATEGIA DESBERDINAK Kontuan izan behar da Mattinek lehen aldiz parte hartu duela maila honetako lehiaketa batean. Iaz Pirinioetako X-Pyr proba egitekoa zen, baina azkenean ezin izan zuen irteera hartu. Horregatik, aurtengoa ikasketa handia izan da talde osoarentzat. Iñiguez, ekainaren 16ko hegaldi batean, Dolomitetan. (Lukas PILZ / ZOOOM PRODUCTIONS) «Hobetzeko asko daukagu eta asko ikasi dugula uste dut. Beste taldeen erabakietatik ere ikasten duzu. Nola aurrea hartu daitekeen gehiago guk egiten genuena baino. Nik asko begiratzen nion hegan egiteko estrategiari, belauneko minez ibili nintzelako hirugarren egunetik aurrera. Lautadan ezin nuen ibili eta aldapan behera ere ez. Horregatik, estrategia izan zen mendian gora igo, hor ongi nenbilelako, eta dena hegan egitea. Beste talde batzuk, aldiz, etengabe ibili dira, eguraldiari kasik begiratu ere egin gabe, egunean 18 ordu gelditu gabe korrika eta hegan. Gu, aldiz, askotan gelditzen ginen hurrengo egunean hegan egiteko izango ziren baldintzei begira. Batzuetan estrategia hori oso ongi atera zaigu, baina beste batzuetan arratsaldeko ordu horiek ez aprobetxatzeagatik pixka bat atzera egin dugu», dio estrategia desberdinen inguruan. MENDIAREKIKO KONEXIOA Bere ibilbideari dagokionez, Mattin Iñiguezek adierazi du parapentean hegan egitea mendiarekin betidanik izan duen loturari jarraipena emateko modua izan zela. «Ni menditik nator. Gaztetan hasi nintzen eskalatzen, gero mendiko gidari titulua ateratzen hasi nintzen, federazioko gazte alpinista taldean ere ibili nintzen, alpinismoa probatzen... Eta alpinismo munduan zabiltzala ikusten duzunean jendea zer lekutan ibiltzen den hegan, paisaia apur bat gustatzen bazaizu... Parapentea izan da niri mendiarekin konexio handiena eman didan kirola. Mendiko ibilbide horren eboluzioa izan da. Ni ez nator lehiaketa mundutik, hau dena berria da niretzat, niri batez ere mendiko hegaldiak egitea gustatu izan zait: distantzia handiak egin, ahalik eta mendirik altuenen artean hegan egin...». Parapentean gaur egun duen mailara iristea prozesu luzea izan ote den galdetuta, zegamarrak dio lehen prozesu luzeagoa izan ohi zela, baina gaur egun jendeak oso azkar egiten dituela urratsak, horrek dakartzan arriskuekin. «Azken bost urteetan asko eboluzionatu duen jarduera bat da. Ni hasi nintzenetik ikaragarri aldatu da. Ni hasi nintzenean ez zegoen ohitura handirik mendiak igo eta hegaldiak egiteko; inguru honetan ez behintzat. Materiala askoz pisutsuagoa zen, parapenteak ere asko hobetu dira azken urte hauetan... Lehen prozesu oso luzea zena orain asko laburtu da eta orain hasi den jendea oso azkar dabil hegaldi oso onak egiten, maila altuko parapenteekin hegan egiten. Lehen, agian, 5-10 urte behar izaten ziren mailaz igotzeko. Parapentean ere mailak daudelako, segurtasun eta prestazioen arabera: A, B, C, D, CCC... Hainbat mailatako parapenteak daude. A1 da seguruena, B1 gero... Segurtasun gutxixeago daukate, baina prestazio hobeak». Iñiguez, hegaldi batez gozatzen. (Sebastian MARKO / ZOOOM PRODUCTIONS) «Baina horrek beste aldea ere badu. Orain jendea hegan ari da oso baldintza potenteetan, oso material potenteekin, baina agian ez dauka urteek ematen duten esperientzia hori parapentea ulertzeko. Zeren parapentea gidatzea, berez, oso erraza da. Ezker-eskuin mugitzen da, bolante bat hartzea bezalakoa da. Ez du zailtasunik. Hor gakoa naturaren interpretazioa da, baldintzen irakurketa. Hori funtsezkoa da. Nondik sartzen den bailarako haizea, lainoek zer egiten duten, non egongo den arriskutsuago, nondik pasa daitekeen... Irakurketa hori esperientziak eta urteek ematen dute. Liburuak badaude, noski, baina urteekin konturatzen zara benetan haizeak zer jokaera izaten dituen. Arriskutsua izan daiteke hori ongi ez interpretatzea eta sartu behar ez duzun leku batean sartzea. Parapentea, azkenean, oihal zati bat baino ez da, plegatu egin daiteke eta hegan egiteari utzi diezaioke. Hegan egitea oso erraza da, baina natura interpretatzea, aldiz, ez horrenbeste», ondorioztatu du. Adibidez, askotan kostaldeko herrietan ikusten ditugun hegaldiekin alderatuta, mendian hegan egitea oso desberdina omen da: «Kostaldekoa eta mendikoa bi kirol desberdin direla esan daiteke. Kostaldeko brisa edo haize hori konstantea izan ohi da, norabide finko batekin. Egunean zehar aldatu daiteke, baina oso erraz interpretatu daiteke. Mendikoa beste mundu bat da. Termikekin egiten da hegan, bailarako haizeekin, eta ez du zerikusirik Euskal Herriko mendi txikietan, Pirinioetan ala Alpeetan hegan egiteak. Izan ere, sistema bakoitzak eta altuera bakoitzak ezaugarri jakin batzuk dituzte, eta altuera bakoitzean haize eta korronte jakin batzuk sortzen dira». INTERESA PIZTU Egia esan, mundu oso interesgarria da, nahi adina sakontzeko aukera ematen duena, eta interes hori piztu izana da Mattini esperientzia honek utzi dion poz handienetakoa. «Niretzat polita izan da ikustea jende askok deskubritu duela kirol hau existitzen dela. Parapentean hegan egitea zer den, lasterketa jarraitu duen jendea konturatu da zer egiteko gai garen oihal zati batekin. Zenbat kilometro egin daitezkeen egun batean. Mendiko hegaldia zer den ikusarazteko balio izan du. Eta jendeak ilusioz jarraitu duela ikustea. Zegamako mendizaleak, parapentea ezagutzen ez zutenak, erabat sartuta egon dira begiratzen zer parajetan ibili garen, zer ibilbide egin dugun. Polita izan da ikustea jende horrek nola bizi izan duen hau eta nola deskubritu duten mundu berri bat. Horrek inor motibatzen badu mundu hau ezagutzera eta mendiarekiko konexio hori bilatzera, ba poztekoa da».