GAUR8

Norvegiako eredua


Abuztuan eman zuen ezagutzera, Norvegiako kanpo aferetako Ministerioak “Norway’s efforts for peace and conflict resolution in a troubled world” izenburua duen liburu zuria. Txostenak munduko egoera kokatu, Norvegiako bake diplomazia eredua aurkeztu eta 90eko hamarkadatik aurrera izandako hainbat esperientzia azaltzen ditu. Gurean ezaguna izan da, bertan deskribatzen baitu Norvegiako gobernuak ETA eta espainiar Estatuaren arteko elkarrizketetan jokatu zuen papera.

Abiapuntuko diagnostikoa ez da ona. 2025ean 60 gatazka aktibo daude barreiaturik munduan zehar, 35 estatu desberdinetan. Zazpi pertsonatik batek lehen pertsonan bizi du gerra eta 130.000 hildako izan dira guda zelaietan. Zenbakiei neurria hartzeko, datu bat ematen dute. 1993an, 44 ziren aktibo zeuden gatazkak munduan, eta hildakoak 45.000. Laburbilduz, “Today, we have the highest number of conflicts since the end of World War II”. Paradoxikoki, txostenak azpimarratzen du azken urteetan nabarmen igo direla gerraren kostuak (19,1 trilioi dolar 2023an) eta, aldi berean, %40 jaitsi direla bakegintza sustatzeko inbertsioak, oro har.

“Norvegiar eredua” ezaugarritzeko hiru ardatz zehazten ditu txostenak: gatazkak gainditzen edo arintzen laguntzea (lehentasunezko ardatza), nazioarteko legedian oinarrituriko neurriak sustatzea eta bakegintzaren kapital politikoa indartzea. Zehazten du berea printzipioetan oinarrituriko ekarpena dela, baina pragmatismo eta malgutasun handikoa. Ardatzok lantzeko, txostenak bake diplomaziaren baitan lau rol desberdintzen ditu: kontaktu diplomazia, erraztatzaile informala, erraztatzaile formala eta hirugarren baten eskariz egindako interbentzioa. Azken multzoan kokatzen ditu, adibidez, ETA eta espainiar Estatuaren artean Oslon egin ziren elkarrizketak.

Emaitzen atalean, txostenak onartzen du erdibidekoak izan ohi direla irtenbide gehienak. Euskal kasuan, adibidez, akordio gabeko soluzioa aipatzen du. Diplomazia hibridoaren adibide bat. Kasu honetan, elkarrizketek ez baitzuten irtenbide bat ahalbidetu, ez, behintzat, akordio formal baten bidez. Etenak eta gorabeherak onartzen dira. Baita osteko kontakizun kontrajarriak ere. Baina sorturiko testuinguruak (bake prozesu baten espektatibak) eragileen posizionamendua aldatzen lagundu zuela aditzera ematen du txostenak, eta espektatiba horren gainean eraikitako harreman sareak nork bere bidea egiten lagundu zuela ere iradokitzen du.

Finean, bake prozesu ororen arrakasta gatazkan engaiaturiko eragileen borondatearen menpekoa baita. Solaskidea hiltzen saiatzeak, Israelek “Gaza sutan” jarri aurretik Dohan egin moduan, solaserako tarte gutxi uzten duela bistan da. Kasu horietan, txostenaren arabera, bakearen diplomaziak oinarrizko baldintzei eusteko gaitasuna erakutsi behar du: mahaiari eutsi, borondatea duenari soluziobide (edo behintzat etenaldi) baten espektatibak ireki, giza eskubideen urraketa larriak gaitzetsi eta borondatea (edo beharra) duenari bidelagunak eskaini. Madrilen eta Bilbon aurreko astean emandako gertakarietan bezala. Baina horrek galdegiten du, ezinbestean, arriskuak hartzeko prestutasuna.

Txostenak dioenaren arabera, arriskuak hartzeko prestutasuna daukate Norvegian, sinesten baitute nazioarteko ordenamenduan oinarrituriko bakea eta egonkortasuna haien intereseko dela. Nire ustez, mundu nahasi honetan gure lekua zehaztu nahi badugu, hori da, hemen ere, erantzun beharko dugun galdera. Ondo dago nazioarteko ordenu baketsu eta egonkor baten ortzi-muga etorkizunean irudikatzea. Baina etorkizuneko irudi horrekin konprometitzeak eskatzen du gaur arriskuak hartzeko prestutasuna izatea. Eta gurean, zein arrisku hartzeko prest gaude? •