2025 URR. 11 - 00:00h Angel, Nasma eta Ana Dulce (I) Erika Lagoma Bertsolaria Euskal estatistika erakundeak jakinarazi du, EAEn, azken hiru urteetako izen ugarienak Ane, Laia, June, Oihan, Martin eta Markel izan direla. Naia jada ez dago 25 izen nagusien multzoan, ezta Iker ere; Maren, Hugo, Paul, Izan eta Liam sartu berriak dira zerrenda horretan. Nafarroan Lucia eta Mateo izan ziren 2024an gailendu zirenak. Iparraldeko daturik ez dut topatu. Azken hiru urteetan, amen ehuneko 25,1ak atzerriko nazionalitatea du. Horietako askok izen euskaldunak aukeratu dituzte, batez ere alabentzat. Alaia, Amira, Sofia, Sara, Ainara, Adam, Mohamed, Mateo, Rayan eta Liam dira izen erabilienak. Ander hamargarren postuan ageri da. Gure eskoletan badaude hainbat Ane, Garazi, Hasier, Asier, Mikel, Martina eta Emile, esaterako. Seaskako egutegian ageri den eta ageri ez den izen andana. Iritsi berri dira eskolara Christian, Damian, Yoanna, Aaliyah, Bryan, Angel, Nasma eta Ana Dulce. Aljeriatik, Frantziatik -Maroko-Lyon (3 urtez), Lyon, Euskal Herria-, Boliviatik, Nikaraguatik, Kolonbiatik eta Nigeriatik. Gaztelaniarekin datoz batzuk, beste batzuk arabierarekin eta frantsesarekin, Bryan yorubarekin eta ingelesarekin. Gaur izan dute lehen eskola eguna. Errekreoa da, eta bakarrik dago Damian. Harrera plana idatzi zuten aspaldian eskolan, paperean, txukun-txukun, baina erotuta ibili dira lehen egun honetan, ez dituzte ikasle enbaxadoreak izendatu, eta Damian bakarrik dago errekreoan. Aaliyahren gelan 17 ikasle daude. Horietatik 10ek hezkuntza premia bereziak dituzte, baina 5ek soilik jasotzen dute zuzenean PTaren laguntza. Besteak ez dira zerrendetan agertzen, baina laguntza behar dute berdin-berdin. Eta hor dago Aaliyah, liburuak eman dizkiote, euskaraz, baina berak ez daki euskaraz, eta irakaslearen azalpenak ere ez ditu ulertu. Klase amaieran irakaslea hurbildu zaio goxo. Saiatu da gaztelaniaz, baina Alaek frantsesez erantzun dio: Je ne comprends pas. Kezkatuta dago tutorea, bera ez baita frantsesez eta arabieraz mintzo. Ana Dulce DBH4n jarri dute, hala dagokio adinagatik. Bolivian gutxi joan zen eskolara, eta dezente kostatzen zaio irakurtzea eta testuak ulertzea. Letrak, eta beraz, hitzak idazten badaki, baina ez du oso argi noiz jarri behar duen puntu eta noiz koma. Euskal Hezkuntza Sistemak gero eta ikasle berri gehiago hartzen ditu, gure hizkuntza eta herria ezagutzen ez dituztenak. Pentsa hamster-etxe batean sartzen zaituztela, badaude hamster zuriak, marroiak, beltzak… baina zu zara hamster gris bakarra. Ondoko etxean ikusi duzu beste hamster grisen bat, baina ez dago zure etxean bertan. Batzuk ari dira txirristan behera erraz, beste batzuk tutuan ezin sartu, bazterrean dauden batzuek burua borobiltxotik ateratzen dute. Zu geldirik zaude, ez dakizu txirrista zertarako erabiltzen den, tutuak nora eramango zaituen, eta ez duzu ulertzen zergatik sartzen duten batzuek burua borobil horretan. Ez baditugu harrera-planak ongi diseinatzen, akonpainamendu hori ongi egiteko baliabideak jartzen, eskolak hamster-etxe arrotz bihurtzen dira ikasle etorri berrientzat. Prestatuta al dago gure hezkuntza sistema ikasle hauek jaso eta haien beharrak eta proiekzioak aintzat hartzen dituen eskola-ibilbide bat eskaintzeko? Datorren hilabetean, Angel, Nasma eta Ana Dulce (II). Hipi laguntza. •