GAUR8

Kontrako eztarritik


Gorputz biluzi bat neutroa da, soilik biluztearen edo hari destatutako begiradaren asmo lizunak sexualizatzen du edo janzten du biolentziaz. Baina kale ilunen faktoriak dibertsifikatu egin du bere negozioa, eta dutxa mistoetara ere hedatu du beldurraren apologia. Kale ilun eta bakartiekin egin zuen lehenik: askatu zituen alegiazko mamuak, gaua habitatzera ausartzen den emakume arduragabeari xuxurlatzeko “ez zaitez hemendik bakarrik ibili, arriskutsua da”. Nik dakidala, ez da inoiz, inon, existitu emakume bati eraso egin dion kalerik, eta hala ere, boladaka eraginkorra bihurtzen da mezua eta lortzen du emakumeak etxean geratzea, non eraso gehien-gehienak gertatzen diren. Mamu berdinak sarrarazi dituzte Bernedoko udalekuetako dutxetan, eta segurtasun faltsua lehenetsi dute askatasunaren aurrean, esateko: har ezazue babes betiko sistema bitarrean, zeina disforia sistematikoaren eta autopertzepzio suntsitzailearen arduradunik behinena baita. Xuxurlek, oraingo honetan, zarata izatera eboluzionatu dituzten bozgorailuak aurkitu dituzte, eta antza, gortu ditu hainbat pertsona udalekuetako begiraleek esan dutenean “biluztasunak duen karga sozialak haur eta gazteengan deserosotasunak sor ditzakeela jakinda” jarduten dutela, espazio seguruak sortzeko bermeak jartzen ahalegintzen direla, baita dutxetan ere.

Egiaz, aspaldi da neska-mutil dikotomia biologizistak gorputz biluziei neutraltasuna erauzi ziela eta horiek sexualizatu zituela, eta horrek denongan utzi dituen orbainak ez gara sekula kuantifikatzera iritsiko. Zer esanik ez gorputz transez edo ez bitarrez ari bagara. Horregatik, salaketak aurkeztu dituzten gurasoek -gutxiengoa, haurrak Euskal Udalekuetara eramateko hautua egin dutenen artean- epaitegietako bide kriminalizatzailea hartuko ez balute, ez balituzte Vox-eko, Abogados Cristianoseko edo terfen jirako ultrak Euskal Udalekuetako hezitzaileen kontrako lintxamendu orokor nahiz indibidualizatura erakarri, begiraleek topless egitea edo bularretakorik ez janztea asaldagarria dela adieraziz -besteak beste-, horren ordez Bernedoko egiteko modu transfeministarekin publikoki ados eta eskertuta agertu diren gurasoekin -gehiengoa- nahiz begiraleekin eztabaida eraikitzaile bat izateko asmoa agertuko balute, horrek aukera irekiko luke galdetzeko biluztasuna zergatik bizi duen hainbeste pertsonak traumatik, lotsatik eta minetik; pentsatzeko nola erreparatu daitezkeen min horiek; hausnartzeko zer eratako akonpainamendua egin dezaketen udalekuetako begirale batzuek, adibidez, dutxa mistoek askorengan eragiten duten ezinegonaren aurrean. Atzera egin beharrean, aurrera egiteko.

Baina ez da horrelakorik gertatu. Salaketak daude. Nahiz eta, egiaz, salaketa horiek transfeminismoaren aurkako oldarraldi bortitz baten palanka besterik ez diren. Misoginiaz, transfobiaz eta antifeminismoz brodatutako mahai-zapia zabaltzeko zain ziren ultrak, eta haien gorputz santutuak paradoxaz bazkatzeko aprobetxatzen ari dira orain: gorputz biluzien -eta batez ere, nerabeen gorputzen- sexualizazioa betikotzen ari dira koilarakadaka, doktrinamendu bitarrak eta sexistak gorputz horietan inprimatu dituen traumak eranzteko asmoz ari den proiektu emantzipatzaile bat trauma eragile dela esaten dutenero. Eta kezkak entzun behar dira, baina transfobia erantzun egin behar da. Beraz, nik ere xuxurla egingo dut, kontrako eztarritik: nire babes osoa, handi-handia eta bete-betea, Bernedoko udalekuetako hezitzaileei. •