GAUR8

Jorge Oteiza gaurko egunez jaio zen Orion

XX. mendeko euskal eskultorerik garrantzitsuena izan zen ziur asko Jorge Oteiza, gaur 117 urte jaio zen jeinua. Bere eragina nabarmena izan da atzetik etorri diren euskal pentsalari eta sortzaileen artean, baina baita Euskal Herriko mugetatik kanpo ere.

Jorge Oteiza, Zarauzko "Bertsolaritzari omenaldia" eskulturaren inaugurazioan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Jorge Oteiza Enbil 1908ko urriaren 21ean jaio zen Orioko Endaia etxean. Euskal Herriko eskultore eta arte-teorilari aski garrantzitsua izan zen, Eduardo Txillidarekin batera XX. mendeko euskal eskultore esanguratsuena.

Oteizaren eragina nabarmena izan da XX. mendeko bigarren erdiko abangoardia artistikoetan, bai Euskal Herrian eta bai Euskal Herritik kanpo ere.

"Euskal arima" berreskuratzea izan zuen helburu eta espazioari buruzko gogoetan oinarritu zuen bere lana: bolumenaren eta espazioaren arteko analisia irudi karratuen eta esferen bidez; espazioaren hustuketari buruzko ikerketa.

Madrilen nahiz Hego Amerikan egonaldi gora-beheratsuak bizi ostean, 1950. urteak markatu zuen bere jardun artistikoa. Ikerketa abstraktu batean murgilduta zegoenean, Oteizak bere gain hartu zuen Arantzazuko Basilika berriaren estatuagintza egiteko enkargua.

Eskulturagintzaren ikerketa amaitutzat eman zuen 1959an, nahiz eta obra berriak eta proiektu zaharren aldaerak egingo zituen. 1968an, esaterako, Arantzazuko apostoluekin jarri zen buru-belarri, urte batzuk lehenago ezarritako debekuak gainditurik.

1966an sortu zen Gaur taldea –Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea, Jose Antonio Sistiaga, Amable Arias, Jose Luis Zumeta, Rafael Ruiz Balerdi eta Remigio Mendiburu taldekide zituela– ere mugarri izango zen Euskal Herriko paisaia artistikoan.

Azken egunera arte bere ideien defendatzaile sutsu, 2003ko apirilaren 9an hil zen Donostian.