GAUR8

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Erresilientziaren inguruko gogoeta, gaurko Zebrabidean

Ostiralero bezala, aste honetako GAUR8 astekariaren aurrerapen txiki bat egin dugu Zebrabidea irratsaioan. Gure kolaboratzaile Eñaut Zeberioren ekarpena ekarri dugu lehen lerrora, erresilientziaren inguruko hausnarketa interesgarria. Erresilientzia zer da, igeri egiteko edo ez itotzeko tresna?


Aste honetako gure begirada bati buruz aritu gara gaurko Zebrabidean. Eñaut Zeberio psikologian graduatua da eta GAUR8ko kolaboratzailea. Aste honetan oso galdera interesgarria paratu du mahai gainean, erresilientzia benetan zer den eta egun zertan bihurtu den hausnartzeko.

«Erresilientzia terminoak nonahiko presentzia hartu du azken urteotan diskurtso politiko, psikologiko eta sozialetan. Gizabanakoek ezbeharrera positiboki egokitzeko, krisiak gainditzeko eta zailtasunei aurre egiteko duten gaitasun gisa aurkezten da. Lehen begiratuan, nozioak positiboa dirudi: indarra, iraunkortasuna eta indarberritzeko gaitasuna iradokitzen ditu. Hala ere, zalantzan jarri behar dira bere oinarri ideologikoak eta bere erabilera gaur egungo dinamika neoliberaletan. Neoliberalismoak erresilientzia txertatu du bere aparatu kontzeptualean, gobernu-tresna gisa. Logika horren pean, krisiak, prekaritatea edo esplotazioa kolektiboki eraldatu behar diren egiturazko arazo gisa interpretatzeari uzten zaio, eta norbanako bakoitzak bere kabuz kudeatu behar dituen erronka bihurtzen dira. Erresilientzia, horrela, betebehar moral bihurtzen da: lanaren ezegonkortasunari, zerbitzu publikoen okertzeari edo eskubide faltari egokitzeko gai izatea jada ez da arazo politikoa, baizik eta ‘trebetasun emozionalen’ eta ‘kudeaketa pertsonalaren’ kontua»

Beraz, Zeberioren hitzetan, ez genuke ondorengoa ahaztu behar: «benetako erresilientzia ez da jasatea, kolektiboki aurre egitea baizik. Ez da egokitzea, eraldatzea baizik».