GAUR8

70 urte bete ditu gaur Laura Mintegik

Idazlea, EHUko irakaslea, Euskal PEN Klubaren presidentea eta euskaltzain urgazlea izateaz gain, EH Bildu koalizioaren lehendakarigaia izan zen 2012ko hauteskundeetan.

Laura Mintegi, argitaratu berri duen liburuarekin: «Akabo». (Andoni CANELLADA | FOKU)

Laura Mintegi Lakarra Lizarran jaio zen 1955eko urriaren 26an, gaur 70 urte bete ditu beraz. Idazlea, irakaslea EHUn eta politikaria izateaz gain, Euskal PEN Klubaren presidentea ere bada eta euskaltzain urgazlea 2006tik.

Jaiotzez nafarra izan arren, oso gaztetatik Algortan bizi izan da eta euskara Bilbon ikasi zuen hamazazpi urterekin. Historia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, baina 1981. urteaz geroztik Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea da, baita sail horretako zuzendari ere hainbat urtean. 1996an Euskal Herriko Unibertsitatearen euskara-plana diseinatu zuen batzordean ere parte hartu zuen.

Idazle bezala, hainbat sari irabazi izan ditu: Azkue Nobela Saria, Donostia Hiria Saria, Jon Mirande Saria eta Urrezko Luma, esaterako. Beste hainbat saritan epaimahaikidea izan da, hala nola Maria Maeztu narratiba sarian, Joseba Jaka bekan, Rikardo Arregi kazetaritza sarian, Anton Abadia sarian eta René Cassin Giza Eskubideen Sarian.

Hainbat nobela idatzi ditu: "Bai... baina ez", "Legez kanpo", "Nerea eta biok", "Sisifo maite minez", "Ecce homo" eta "Akabo". Itzulpengintzan ere jarduera oparoa izan du. Horrez gain, ohiko kolaboratzailea izan da hainbat hedabide desberdinetan, Egin eta GARA egunkarietan edota Egin eta NAIZ Irratietan ere bai, esaterako.

2012ko urriaren 21ean egindako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EH Bildu koalizioaren lehendakarigaia izan zen, eta legebiltzarkide moduan aukeratua izan zen. Legegintzaldi hartan, EH Bildu taldeko bozeramaile moduan jardun zuen, harik eta 2014ko uztailean, arrazoi pertsonalengatik, legebiltzarkide kargua uztea erabaki zuen arte.