2025 URR. 31 - 16:10h Baterajotzea: Gazte komunitate feminista batu eta indartzeko elkargunea Zaldibarren Feminismoa inoiz baino gehiago dago jopuntuan borroka bezala. Horrek emandako aurrerapauso eta garaipenekin du lotura, baina, aldi berean, ultraeskuinaren goraldiarekin zerikusi zuzena duen marko bat ari da zabaltzen. Uma Ulazia gazte feminista, Zaldibarren, asteburu honetan herria borrokaz eta gozamenez bete aitzin. (Raul BOGAJO | FOKU) Maider Iantzi Asteburu honetan gazte komunitate feminista batu eta indartzeko elkargune handi bat izaten ari da Zaldibarko herria. Ehunka gazte feminista ari dira Baterajotzean parte hartzen, gaztetxea, frontoia, plaza, eskola eta kaleak borrokarako eta gozamenerako baliatzen. Lehendabiziko Baterajotzea Elizondon egin zuten, bigarrena Usurbilen, eta lurraldetasunari erreparatuz, hirugarren edizioa Zaldibarren prestatu dute, bertako Udalarekin eta herri mugimenduarekin elkarlanean. Herri bizkaitarrari hagitz eskertuta daude. Urtarrilean hasi ziren antolatzen, eta hilabete luzeak eman dituzte, lan itzela eskatzen duelako halako ekimen handi batek. «Militante feminista pila bat gaude inplikatuta hau aurrera ateratzeko, eta hori bada indartsu gauden seinale. Gogotsu eta energiaz beteta gaude behar denari erantzuteko, eta ederra izango da asteburua», erran digu Uma Ulazia Baterajotzeko bozeramaileak, egun batzuk lehenago elkarrizketatu dugunean. TESTUINGURU BORTITZA Inoiz baino gehiago sinesten dute antolakuntza feministaren premian. «Testuingurua bortitza da; zeharkako erasoak eraso zuzen bihurtu dira, gure aurkako erreakzio hori inoiz baino gordinago ari gara sentitzen gure gorputzetan. Hortaz, inoiz baino beharrezkoagoa da antolakuntzan jarraitzeko pausoa ematea. Oso nabarmena da hori taldeetan: eskuinaren eta ultraeskuinaren erreakzio horrek haserre bat sortzen du, eta haserre horrek antolakuntza bera indartzen du», adierazi du. Horretan jarraitzea dagokie: «Feminismoaren lubakiaren defentsan, eta baita antolakuntza feministaren beharra eta potentzialtasuna aldarrikatzen ere». BATERAJOTZEAREN GARAPENA Ulaziak oroitu duenez, gazte feministen lehenengo jardunaldi nazionalak Durangoko bosgarren jardunaldi feministen testuinguruan izan ziren. Ordutik, bi urtean behin elkartzen dira. Baterajotzea izenez, lehenengoa 2021ean izan zen Elizondon, pandemiaren ondotik antolakuntza feministaren garra bizirik mantentzeko. 2023an, salto bat eman zuten, eta 800 pertsona elkartu ziren Usurbilen. «Han, greba feministari erreparatu genion gazte antolakuntza sustatzeko, eta subjektu aldaketaren prozesua ere hasi genuen». Neska* zena neska, bollera, trans bilakatu zen. Hau da, Neska* Gazteak izan beharrean, Gazte Feministak dira ordutik, ez dituelako neska izateak elkartzen, feminista izateak baino, eta horrek aukera pila bat ematen dizkie militantzia praktiketara begira. Izan ere, Baterajotzeak momentuko beharrei erantzuten die. «Testuinguruari begiratu, eta identifikatzen ditugun beharretara moldatzen gara. Aurten, komunitate feminista batu eta indartzeko momentua dela uste dugu. Feminismoa inoiz baino gehiago dago jopuntuan borroka bezala. Horrek eman ditugun aurrerapauso eta garaipenekin du lotura, baina, aldi berean, marko bat ari da zabaltzen ultraeskuinaren goraldiarekin zerikusi zuzena duena. Hortaz, ezinbestekoa da feminismoaren borroka bera defendatzea». Hortik, “Feminismoa Lubaki” leloa. ELKARGUNE EZ-MISTOAK Elkargune ez-mistoak ere aldarrikatu nahi dituzte, horien «balioa, zilegitasuna eta politikotasuna». Uma Ulaziaren arabera, autoantolakuntzarako behar hori ezinbestekoa da, «borrokak artikulatzeko, eta baita gozamena bultzatzen duelako ere. Aisialdirako espazio ez-mistoak antolatzeak asko du politikotik eta eraldaketatik, heterosexualitatetik kanpoko espazio ez-misto gozagarri bat den heinean», azaldu digu. Horren isla da “Su hau dena”, Baterajotzeko abestia eta bideoklipa, Aner Peritzek eta Aissa Intxaustik idatzia eta Olatz Salvadorrek eta Iholdi Beristainek kantatua. Borroka eta gozamena estu lotuta ageri dira bertan. «Guretzat borroka eta gozamena erlazionatuta daude, borrokak egiten gaituelako aske eta askatasun hori delako gozagarria. Abestian ere hori islatu nahi izan dugu. Bertan jasotzen dira zabaldu nahi ditugun aldarrikapenak, gozamenarekin zerikusia dutenak ere bai». BORROKA SOZIAL UGARI Borroka konkretu anitz ere biltzen dira Baterajotzearen abestiaren letran: Lekarozko Aroztegia, hitza kentzea, mutilen edo nesken komunean pixa egitea... Feminismoak dena biltzen duelako eta txikira ekarrita jendea gehiago identifikatzen delako. «Feministok mugimendu sozial ugaritan gaude, feminismotik ere erreparatu diezaiekegu auzi sozialei. Hain zuzen, ez badiegu feminismotik begiratzen, esan nahi du patriarkatua ez dela problematizatuko eta erreproduzitu egingo dela. Feminismotik guztiari erreparatzearen aukera horretan berresten gara. Hortik, feministok hainbat mugimendu sozialetan egotearen garrantzia», esplikatu du Ulaziak. Baterajotzean guztiak elkartu dira, eztabaida horiek partekatzeko. Zaldibar bere burua gazte eta feministatzat duen ororentzat elkargune izatea bilatu dute, gazte feministen sarekoa izan zein ez. MAHAI-INGURU ZENTRALAK Jada zabaldu dute elkargunea, eta honako mahai-inguru zentralarekin hasi dira lanean: ’Gutxi irabazi dugula dioena gezurretan ari da. Euskal feminismoaren genealogia’. Euskal Herriko mugimendu feministaren historian garrantzitsuak izan diren eztabaidagaiak ekarri dituzte. Garaipenez ere mintzatu dira. Kontaketa kolektibo bat sortzea izan dan helburua, beraz, toki, garai eta borroka hagitz ezberdinetatik etorri dira hizlariak. Ezinezkoa da mugimendu feministaren genealogia osoa ordezkatzea, baina aniztasunetik horretara hurbiltzen saiatzeko ariketa egin dute. Asmoa: «Honaino nola iritsi garen jabetzea». (Raul BOGAJO / FOKU) Larunbat honetako bigarren mahai-inguru zentralak jarraipena emango dio kontaketa horri, gazte feministak non dauden eta norantz doazen hausnartuko dutelako. «Gazte feministon borrokaz hitz egingo dugu, baita Euskal Herriko mugimendu feministaren borrokaz ere, Bilguneko kideekin batera. Nolakoa da gure borroka? Zein potentzialitate ditu? Aurrera begira zein pauso eman behar ditugu eta zeintzuk eman ditzakegu?». Galdera horiek erantzuten ahaleginduko dira. Mahai-inguruez aparte, hainbat eskaintza deszentralizatu daude gazte feministen aukeran: memoria historikoaz ikasteko, erresistentzia lodiak ezagutzeko, hezkuntzan dabiltzan mugimendu feministako kideen ikuspegiaren eta lanaren berri jasotzeko, dragaren inguruan gehiago jakiteko, zaintzari buruz gogoetatzeko, bitxigintza lantzeko... Toki eta gustu ezberdinetako feministentzako plaza izanen da. Ulaziaren hitzetan, helburua da, «eztabaidatzeko gune ez ezik, konspiratzeko gune ere bilakatzea Zaldibar, eta alternatibei begira jartzea». MOBILIZAZIOA ETA EKITALDIA Baterajotze guztietan bezala, aldarrikapenerako tartea ere izanen da. Larunbat arratsalderako ekitaldia eta mobilizazioa antolatu dituzte Zaldibarren, «feminismoaren lubakiaren defentsan, antolakuntza feministaren beharra eta potentzialtasuna aldarrikatzeko». Aisialdiari dagokionez, bertso saio musikatua izan zuten atzo Oihana Arana, Araitz Katarain eta Kattin Madariaga bertsolariekin, Aner Peritz eta Irene Ruiz de Austri musikariekin eta Jone Lizarralde gai-jartzailearekin. Jarraian, Olatz Salvadorrek kontzertua eman zuen. Gaur eta bihar ere ez da faltako ongi pasatzeko aukerarik. Antzerkia, tailerrak, kontzertuak eta azoka izanen dituzte, besteak beste. SUBJEKTU ALDAKETA Subjektu aldaketak irudi aldaketa eta aliantza eta borroka berriak ekarri dizkie gazte feministei. Uma Ulaziak kontatu duenez, tokiko talde ugaritan sumatu zuten subjektua berritzeko premia. 2021etik, Elizondotik, jada presente zegoen behar hori. Horregatik, Usurbilgo mahai-inguru zentralera eraman zuten auzia. Hausnarketaren emaitza gisa, izendapenean subjektua neska* izatetik neska, bollera, trans izatera pasatu da. Baina, izendapenetik harago, zer forma hartu du horrek praktika militanteetan? «Praktika militanteetan hartzen dituen formei edo hartu beharko lituzkeen formei dagokienez, iazko ikasturtean prozesu bat egin zen. Bertan, sexualizazioaren inguruan hitz egin genuen. Zer den sexualizazioa eta zer den, oro har, emakumetasuna edo neska izatea. Bestalde, bollera, trans eta, orokorrean, sexu-genero disidenteon borroketatik proposatzen diren tresnak ere ekarri genituen gazte feministen borroketara, eta elkarrekin nola lotzen diren aritu ginen pentsatzen», agertu du gazte feministak. GUZTIONTZAKO TRESNAK Iruditeria, borroka moldeak, aliantzak, bizi proiektuen eraikuntza eta diseinua, feminismoa ulertzeko modua eta feminismoaren erradikaltasuna planteatzeko proposamenak berritzea ekarri zuen subjektu aldaketak. Ulaziak aldarrikatu duenez, planteamendu eta tresna horiek feminista guztiontzat dira erabilgarri, «norberaren identitatea eta orientazioa dena delakoa izanda ere». Orduan, borrokarako tresna berriak ekarri zizkien prozesu horrek, eta hori aurtengo Baterajotzean ere islatzen ari da, bai asteburuko elkargunean bertan eta baita antolakuntzan aritu diren tokiko taldeetan ere. «Garrantzitsua izan da borrokan segitzeko, etengabe eraberritzen ari garelako eta gure borrokak formaz aldatzen doazelako, garaipen feministan jarraitzeko bidean», azpimarratu du Baterajotzeko bozeramaileak.