GAUR8

‘Ignacio Aldecoa. Istorioen kontalaria’ katalogoa plazaratu dute

Idazle arabarraren jaiotzaren mendeurrenean, ‘Ignacio Aldecoa. Istorioen kontalaria’ katalogoa aurkeztu du Arabako Foru Aldundiak, «funtsezko egile» horren lana nabarmendu eta belaunaldi berrien artean ezagutzera emateko. Lanak ahots akademiko eta literarioen ekarpenak bildu ditu.

Ignacio Aldecoari buruzko katalogoaren aurkezpena, irudian. (Arabako Foru Aldundia)

Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak ‘Ignacio Aldecoa. Istorioen kontalaria’ katalogoa aurkeztu du idazle arabarraren jaiotzaren mendeurrenean. Izen bereko erakusketaren edukiak jasotzen dituen argitalpena da, eta Aldecoaren figuraren eta lanaren ikuspegi sakona eskaintzen du.

Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kiroleko diputatuak Aldecoaren literatura-ondarea sustatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du aurkezpenean: «Bere ondarea ospatzen dugun urte honetan, ekarpen berri bat egin nahi izan diogu gure literaturaren funtsezko egile hori ezagutzeari eta ikasteari, gasteiztar horren lanak bizirik jarraitzen baitu gure orrialdeetan eta gure memorian».

Argitalpenak «Aldecoaren kontakizunetan, pertsonaietan eta paisaietan murgiltzera gonbidatzen» dutela gaineratu du, eta proiektu honek, omenaldia egiteaz gain,  belaunaldi berrietan «kontzientzia kolektiboan duen figura suspertzea» duela helburu.

Katalogoaren zati nagusiak, erakusketaren egitura errepikatzen du, sarrera labur batekin hasita: ‘Istorioen kontalaria’. Ondoren, bisita antolatzen duten lau zati tematiko daude: ‘Aldecoaren bizitzak’, ‘Ipuinetako bizitzak’, ‘Neutral corner’ eta ‘Nolako errealismoa?’.

«Katalogo soil batetik harago» joan nahi du argitalpenak, eta ahots akademiko eta literario ospetsuen testuak bildu ditu, Aldecoaren lana sakonago ezagutzeko.