2025 AZA. 08 - 00:00h Joxe Landarekin Joxean Agirre Adin tarte bakoitzak ditu bere obsesioak (bere penak, ondikoak eta koaitak, esango zukeen Axularrek). Gure adinekoak elkartzen garen bakoitzean minutu batzuk eskaini behar izaten dizkiegu gaixotasunei eta eskelei. Auzoan bizi den tolosar batek kontatzen du haien kuadrilla minutu batzuk dituztela adostuta horretarako eta debekatuta dutela gero gaia aipatzea. Biharamunean banoa bilobaren bila eta bere gelako gurasoak aurkitzen ditut borobilean jarrita eta aita bat ari zaie bezperan emazteak izan zuen bigarren erditzeaz kontakizuna egiten eta ama guztiak hasten dira ondoren bakoitzak bere erditzea nolakoa izan zen kontatzen. Emaztearen adinekoei jartzen diet arreta elkarrekin telefonoz hizketan ari direnean eta hitz fetitxe bat, etengabe errepikatzen den hitz bat, darabilte hitzetik hortzera, jubilazioa. Denek dakite dena gaiaz. Alabaren adinekoen artean lanpostuen egonkortasuna eta maileguak dira hizketagai. Ez dago EITB Focus irakurri beharrik adin tarte bakoitzak zein kezka nagusi dituen jakiteko. Baina badaude salbuespenak, badaude logika horretatik kanpo bizi direnak. Joxe Landarekin egon nintzen tarte batez aurreko batean Itziarren. 96 urte ditu eta adinkiderik gabe geratu delako edo beste maila batean bizi ote den iruditu zitzaidan. Egungo gaiei buruz aritu zen eta bere bizitza osoko pasioa, eguraldia, aipatu zuen. Egunkari honetako azken orrialdean utzi bazuen ere, irrati batzuekin kolaboratzen jarraitzen du. Bezperan Xorroxin irratikoekin bazkaltzen izan zela Elizondon kontatu zigun. Herren eginez sartu zen tabernan, baina ez zion garrantzirik eman aje horri. Gutxi falta izan zitzaion, Oteizak egiten zuen moduan, herren guztiak iraultzaileak direlako egiten zuela herren esateko ere. Ez zuen gaixotasunik eta eskelarik aipatu. Begiz jota ditu 100 urteak eta muga horretara iristeak ilusioa egiten diola bai, aipatu zuen. Ez daukagu zalantzarik iritsi eta pasatu ere egingo duela. •