2025 AZA. 12 - 15:08h Ruper Ordorika: «Zenbait gertaerak ardatzetik ateratzen zaituzte» ‘Lurra ikutu barik’ izeneko disko berriarekin dator Ruper Ordorika. Naiz Irratiko MusikHarian luze aritu zen Iker Gurrutxaga lankidearekin, bizitzaz eta heriotzaz. Sortzailea batzuetan nonbaitetik etortzen diren sentimenduak garraiatzen dituena baino ez dela uste du Ordorikak. Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GAUR8 “Lurra ikutu barik”. Hamaika abestik osatzen dute Ruper Ordorikaren azken diskoa. Oñatiarrak musikan egin duen bidea luzea eta oparoa da, bizitza askoren soinu-banda da Ordorikarena zalantzarik gabe. Hiru musikari puska izan ditu alboan diskoa onduz, Leo Abrahams, Kenny Wollesen eta Jon Thorne. Hainbat urteren ostean, anaia Jonan ez den beste teknikari batekin ere grabatu du diskoa, Victor Sanchezekin, Adunako Elkar estudioan. ‘Garai batean’ abestiari buruz galdetu zion Gurrutxagak, bibrafonoaren indarraz eta iradokitzen duen mezuaz. 2023ko abuztuan zendu zen Jonan anaiari eskainitako abestia ote den galdetuta, gertatzen zaizkion gauzetatik sortzen duela azaltzen du Ordorikak. «Gertatu zaizkit gauza batzuk eta ezin albo batera utzi. Ez naiz bereziki kantu testimonialen ildokoa, baina etorri bezala idatzita daude. Horregatik, behar bada, jarri diot diskoari ‘Lurra ikutu barik’ izenburua. Nire sentsazioa da batzuetan ez ote zaren bidea baizik, nonbaitetik etortzen diren sentimenduak garraiatzen dituena. Eta bai, galera batzuk egon dira baina ez naiz laketzen horretan. Uste dut behar nuela hori egin eta horrela atera zait». Heriotzaren presentzia horrek ez omen du islatzen heriotzarekiko beldurrik. «Egiazki uste dut zenbait gertaerak ardatzetik ateratzen zaituztela eta esaera klasiko bat da ‘ikaran jabilt oinetako lur hau’, eta hortik abiatuta etorri da, baina ez dut ikararik zentzu horretan. Hala ere, esaten dutenez, bizitza gainbaloratuta dago, denbora gehiena heriotzan pasatzen dugulako, kar-kar», hausnartu du.