2025 AZA. 13 - 00:00h Gaurko egunez ireki zen Basurtuko Ospitalea Gaur 117 urte, 1908ko azaroaren 13an zehazki, zabaldu zen Bilboko Ospitale Zibil Santua, egun Basurtuko Unibertsitate Ospitalea deitzen dena. Bilboko izen bereko auzoan kokatua, udalerriko ospitale publiko nagusia da. Eraikin modernista hau harribitxi arkitektonikoa da. Basurtuko ospitale modernistaren irudia. (Marisol RAMIREZ | FOKU) GAUR8 Hain ohikoak egiten zaizkigunez, batzuetan ez dugu inguruan ditugun eraikinetan erreparatzen. Horren adibide, Bilboko Basurtuko Ospitalea. 117 urte ‘bete’ ditu gaur ospitale honek eta, urteurren horren karira, hemen bitxikeria batzuk: ba al zenekiten 20 pabiloiz osatuta dagoela eta gehienak tunelen bidez lotuak daudela? Ba al zenekiten Casilda de Iturrizarrek 500.000 pezeta eman zituela eraikitzeko? Eta, are gehiago, ba al zenekiten Estatuko lehen ospitale orokorra izan zela? XIX. mendearen amaieran, Bilbo industria-hiri indartsu izatera igaro zenean, biztanleriak bat-bateko hazkunde demografikoa izan zuen. Orduan Atxuriko Ospitale zaharra txiki eta zaharkitua gelditu zitzaiela ohartu ziren. Hau dela eta, eta Karitate Batzordeak bultzatuta, 1898an Bilboko Ospitale Zibil Santua eraikitzen hasi zen, geroago Basurtuko Ospitalea izenez ezaguna izango zena. Eraikuntza dohaintza partikularrekin ordaindu zen –zenbait pabiloiei dirua eman zutenen izena jarri zitzaien–, baina deigarriena Casilda Iturrizar andreak egin zuen dohaintza izan zen: milioi erdi pezeta; obraren kostu osoa sei milioi pezetakoa izan zen, atera kontuak. Enrique Epaltza udal-arkitektoak proiektatu zuen eta eremu lorategidun baten barruan islatutako pabilioietan antolatu zuen (Hamburgeko Ependorff ospitalea hartu zen eredu gisa, garaiko modernoena). Hau da, gaixoak garraiatzeko, lurpetik komunikatuak egin zituzten pabiloiak. Bestalde, bere arkitekturaren bereizgarri dira aurrealdean dituen mosaikoak, teilatu makurtu koloredunak eta hegal zabalak.1898ko ekainaren 21ean hasi eta hamar urtez luzatu ziren lanak. 1908ko azaroaren 13an inauguratu zen, azkenik, Estatu espainarreko lehen ospitale orokorra izango zena. 1936ko abenduaren 1ean, Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zenean, inauguratu zen bertan lehen Medikuntza Fakultatea. Gerra Zibilaren ondorioz, bertan behera gelditu zen, dena den. 1970ean Medikuntza Fakultateari heldu zitzaion berriro Basurtun, eta haren atzetik Erizaintza Eskola eta Fisioterapia Eskola etorri ziren. 1992an Bilboko Ospitale Zibil Santua Osakidetzan, Euskal Osasun Zerbitzuan, sartu zen. Aurrerantzean Basurtuko Ospitalea izena izango zuen.