GAUR8

Gaur 37 urte onartu zen Palestinako Independentzia Aldarrikapena

1988ko azaroaren 15ean, Yasser Arafatek Palestinako Independentzia Aldarrikapena irakurri zuen Aljerren, Mahmud Darwish poetak idatzita: «Kontseilu Nazionalak, Jainkoaren izenean eta Palestinako herri arabiarraren izenean, Palestinako Estatua Palestinako Lurraldean ezartzea deklaratzen du».

Aldarrikapenaren irudia. (Palestinaren enbaxada Madrilen)

Gaur 37 urte bete dira Yasser Arafatek Palestinako Independentzia Aldarrikapena irakurri zuenetik Aljerren. 1988ko azaroaren 15 hartan Palestinako Estatua aldarrikatu eta Jerusalen (Al-Quds Ash-Sharif) hiriburua izendatu egin zuten. Adierazpena irakurri ondoren, Arafatek, OLPko buru legez, Palestinako presidentearen izendapena bere gain hartu zuen.

Aurretik Kontseilu Nazionalak, OLPren organo legegileak, aldarrikapena onartu zuen, aldeko 253 botorekin, kontrako 46 botorekin eta 10 abstentziorekin. OLPk ez zuen inolako lurralderen gaineko kontrolik, beraz, independentzia aldarrikapen hau keinu sinboliko gisa irakurri zen.

«Jainkoaren izenean, bihozbera, errukitsua. Gizateriari zuzendutako mezu zerutarren lurraldean, Palestinako lurraldean, palestinar herri arabiarra jaio zen, hazi eta garatu egin zen, eta bere presentzia gizatiar eta nazionala sortu zuen herriaren, lurraren eta historiaren arteko harreman organiko, zatiezin eta etengabearen bidez». Horrela hasten da Mahmud Darwishek egin zuen adierazpena. Madrilgo palestinar enbaxadaren web orrialdean irakur daiteke gaztelaniazko bertsioan. 

Eta nor zen Mahmud Darwix (1941-2008)? Agian Palestinak eman duen poeta, kulturgizon eta politikari maitatuena. Obra poetiko moderno eta indartsua eraiki zuen erbestea, bakardadea eta borroka bezalako gaien inguruan eta idazle emankorra izan zen, 30 bat olerki liburu eta prosako zortzi liburu argitaratu baitzituen.

2008ko abuztuaren 9an zendu zen, kirurgia operazio baten ondotik, hiru egun dolu eta ehorzketa nazionalak antolatuak izan ziren Palestinan.