GAUR8

Ilusio partekatu bat


Sarrerak salgai jarriko zirela jakin bezain laster apuntatu zuen gorriz agendan hitzordu bikoitza: azaroaren 15a eta urriaren 23a. Alabari ilusio handia egingo zion gezurra gorpuztuta egin zituen bufandaren, kamisetaren eta galtzerdi luzeen erosketak. Bezperan utzi zituen prest sukaldeko mahai gainean guztiak tolestuta, eskolan egindako ikurrinaren marrazki batekin. Madalenak esnetan bustitzeko ordua iritsi denerako madalenekin batera ilusioa ere irentsi du alabak.

«Kafe bat» eskaintzen dizutenean, badakizu ez dela kafe soil bat. Alainek ere bazekien hori, eta hala ere baiezkoa eman zion. Kafe horren «ondorioak pairatzen» ari dira orain bera eta kuadrillako beste hiru. Autoa hartu eta Bilborako bidean madarikatu dute txanda guztiei baietz esaten dien lagun konprometitua, eskuorriak banatu bitartean San Mamesen ordaindu gabe (!!!) sartzeko aukera izango dutela eta barrez ordaindu dituzte bidesariak, eta, beste planik ezean, txanda egitea ere ez dela hain plan txarra esanez konbentzitu dira elkar.

Atzo jolas-orduan haserretu zen Ane Liherrekin, esan zion bere aitaren errua dela jolastoki osoaren «idoloa» denak gaurko partida ez jokatzea. Bere aita omen da agintzen duena, eta «kulpablea». Hitz hori erabili zuen, baloikada batek sabelean jo izan dionean sentitutako mina sentitu zuen Anek, errudun sentitzeak baino pisu handiagoa baitu kul-pa-ble-a izateak. Azken asteetan bera jada ohean zegoela sumatu du aita etxeratzen, urduri baina pozik.

Alde Zaharrean topatu dute elkar, ohea eta ideiak partekatu izan zituzten bi urtez edo, inoiz nobio-nobioak izan ez baziren ere. Biek dakite ez bata ez bestea ez dela futbola ikustera etorri, baina, sare sozialetan Palestinaren aldeko aldarriak zabaltzeaz gain, zerbait gehiago egin behar dela sinesten dute. Eta horrelako euskal topaleku sozialen zaleak direlako ere joan dira, horrek ere elkartu izan ditu. Elkar nola agurtu ez badute asmatu ere, ilusioa egin die ikusteak berak. Ez dakite gauean topo egitea desio duten edo nahiago duten arrisku hori saihestu.

Izoztu al daiteke laurogeita hamar minutuz mundua? Kirola eta politika ez nahasteko esaten dutenen aurrean, kirol kronika futbolistiko bat idazteko hautu irmoa du kazetariak. Jokaldiak, jokoz kanpokoak eta abarrak kontrolatzen dituen arren, testuingurua, emozioa eta kolorea ere sartu nahi dio orri zuriari, mundura leiho bat irekiko duen esperantzan.

Palkotik ikusi du partida, gorbata urdin eta ongi plantxatutako amerikana soinean, ez uste bezain lasai, baina argazkilarien aurrean irribarrez. «Palestinaren eta Euskal Selekzioaren alde egin: txek». Bere eginbeharrekoen zerrendatik biak batera ezabatu ditu, herritarrak benetako urrats politikoak eskatzen ari direla ezabatzearekin batera.

Metroan doaz etxera Maria eta Axun, batak ikurrina du lepoan korapilatuta, besteak Palestinako zapia. Urteak ziren Gozategirekin batera «...herria bihotzean/ ahoan euskara/ galdutakoan ere/ irabazle gara...» pozik abesten ez zutela, ilusioz bizi dute eguna. Zenbatetan amestu duten garaipenarekin, ez bereziki futbolari lotutakoarekin.

Aldi baterako laneko enpresa baten bidez kontratatu dute partidaren osteko garbiketarako Amanda, gordetzen dugunak baino botatzen dugunak esaten omen du zintzoago nor garen. Pentsamendu horri bueltaka bururatu zaio elastiko bera daraman bere kuadrillako Maddik ea noiz jokatuko duen hain betea dagoen estadio handi batean.

Laurogeita hamar minutuko hutsune horretan, hamaika gizon aritu dira hamaika gizonen aurka baloi baten atzetik. Eta ilusio partekatu bat inguruan. Horixe besterik ez, eta hori guztia. •