2025 AZA. 22 - 00:00h Pasioa Xabier Mikel Errekondo Pasioz hilko nintzateke, pasioz bizi, jakinik gure eskuetan baino ez dagoela lortzea, horretarako ez dela miraririk behar, ez dela mundua deskubritu behar, nahikoa dela intentsitatez bizitzea, nahikoa dela egunerokoan ematen eta jasotzen duguna sentitzea, barrutik eta energiarekin. Irudimenak ere izugarri laguntzen du gatz-piper apur batez ondua, druida-lapiko sakon batean sartu eta zurezko koilara erraldoiarekin erregosi arte astiro baina gogoz bira eta bira eragin usainek, xiringatik lez, zainak eta burmuina tango-dantzaren pasiotan blaitu arte… Pasioa da garenetik erabakiak hartzea, gauzak benetan nahi dugulako egitea eta ez plastikozkoak bagina bezala norbaitek ezarri printzipioak itsu-itsuan jarraitzeagatik. Pasioa da emozioa, energia, beroa, garra, sua, suharra, sumendia, bizia, grina, nahia, sentitzea, ukitzea, maitasuna, desioa, sexua, lizunkeria, luxuria, haragikeria. Pasioa da poesia, burua eta gorputza astintzea, arrankea, ausardia, kemena, adorea, kuraia. Apasionatua da minak, nekaldiak, higadurak, pairamenak, sufrimenduak, sumindurak kanporatzen dituena barruan lehertu beharrean. Apasionatua da haserretzen dena, zerbait gaizki egin izanaren kulpa bere egin aurretik (haserretu ordez sarritan egiten duguna, bereziki emakumeek). Niretzako pertsonak apasionatua behar du izan, onerako zein txarrerako, goxoa bezain zorrotza, kezken zurrunbiloan ito ordez kuraiarekin aurrera egiten duena, ameslaria eta utopikoa, eta aitortzen dut apasionatua ez den bikotekiderik ez nukeela izanen, politena izanagatik ere. Maitasuna eta sufrimendua batera doaz, halabeharrez, tango-dantzaren bikote banaezinak balira bezala. Ez dadila eten dantza. •