GAUR8

Pribilegiotik biktimizaziora: narratiba antifeministak Manosferan

Beharrezkoa da ulertzea zein mezu mota kontsumitzen den. (GETTY)

Konektatuta bizi gara. Pantailak gure egunerokotasunaren zati bihurtu dira. Mugikorretik ordenagailura, tabletetatik eta erloju adimentsuetatik igaroz, gailu teknologikoen etengabeko erabilerak gure harreman, ohitura eta identitateen zati handi bat definitzen du. Baina benetan ulertzen ari al gara zer dakarren mundu digitalarekiko etengabeko esposizio horrek?

Teknologia berrien erabilerari buruz kritikoki hausnartzea ez da mugatzen pantaila baten aurrean pasatutako denborara, beharrezkoa baita ulertzea zein mezu mota kontsumitzen den, nork sortzen duen, zein asmorekin eta zer inpaktu sortzen duen. Izan ere, teknologia berrien eta sare sozialen ondorioz, informazio-bonbardaketa betean gaude murgilduta. Mezu biralak, jarrera erradikalak eta diskurtso polarizatuak nahasten dira, eta, kaltegabeak diruditen arren, karga ideologiko esanguratsuak ezkutatzen dituzte.

Sare sozialetan hedatzen diren eduki askok genero-estereotipoak indartu eta diskurtso diskriminatzaileak normalizatzen dituzte. Horren adibide dugu Manosfera delakoa, ideia matxista eta antifeministak sustatzen dituen online komunitatea. Maskulinitatea ardatz duen komunitate digitalen sarea ugaritu egin da sare sozialetan, hala nola Youtube, TikTok edota X plataformetan. Gizonentzako “laguntza-gune” gisa definitzen dute. Hala ere, garapen pertsonalaren edo kritika sozialaren itxura horren azpian, diskurtso erabat misogino eta antifeministak ezkutatzen dira; neurri handi batean, feminismoaren aurrean sentitzen duten mehatxuak eta pribilegioak galtzeko beldurrak bultzaturik. Pribilegio historikoki maskulino horiek galtzeko beldurra amorru bihurtzen da, eta amorru horrek oihartzuna aurkitzen du espazio horietan.

Ingurune horien arriskua ez datza haien edukian bakarrik, horrelako edukiek eragin negatiboa izan dezaketelako pertsonen eta, batez ere, gazteen nortasunaren eraikuntzan eta autoestimuan ere. Eragina dute norbanakoaren irudia munduari erakusteko moduan, besteen adostasuna eta onarpena bilatzea bultzatzen baitute etengabe. Probokazioa saritzen duten algoritmoen bidez, diskurtso horiek biral bihur daitezke azkar, eta, hala, jarrera sexistak normalizatu, emakumeenganako mespretxua sustatu eta genero-ekitate mota oro mehatxu gisa bazter dezakete. Epe luzera, horrek, desberdintasuna betikotzeaz gain, oztopatu egiten du maskulinitate osasungarri, enpatiko eta plurala eraikitzea.

Horrek funtsezko eztabaida batera bideratzen gaitu, alegia, teknologia berriek gure harremanetan, pribatutasunean eta ongizate emozionalean duten eraginari buruzkora, eta horien erabilera arduratsu eta etikoari buruzko hausnarketa sakona eskatzen du. Izan ere, gaur egun pantailekiko etengabeko esposizioa eguneroko bizitzaren zati bihurtu da eta beharrezkoa da hezkuntzan dagokion bezala eustea.

Ildo horretatik, gaur egungo erronka handienetako bat da hezkuntzan teknologia berrien erabilerari sakontasunez eta sistematikoki heltzea. Nabarmena da nerabe eta gazteen eguneroko bizitzan gero eta presentzia handiagoa dutela teknologia berriek eta horien eragina -identitatearen eraikuntzan, harremanetan eta munduarekiko ikuspegian- oraindik ez da behar bezala lantzen ikasgeletan. Hori bereziki kaltegarria izan daiteke espazio digital asko diskurtso toxiko eta baztertzailez josita daudelako, Manosferan ugari diren horien modukoez. Horregatik, premiazkoa da hezkuntza-praktikan teknologien erabilerari buruzko begirada kritiko eta eguneratua txertatu eta garatzea, ikasleek ingurune digitalean kontsumitzen eta partekatzen dituzten mezuak ulertu eta zalantzan jar ditzaten eta horien aurrean posizionatzeko aukera izan dezaten. •