GAUR8

Palestinarren %90 laguntza humanitarioaren menpe bizi da

Gazan bi urte pasatxoko ofentsibak utzitako ondorio gordinen berri eman du beste behin ere UNRWAK, Palestinar Errefuxiatuentzako NBEren agentziak: une honetan zerrendako palestinarren %90 laguntza humanitarioaren menpe bizi da, eta gehienek otordu bakarra egiten dute egunean zehar.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Urriaren 10etik indarrean dagoen AEBk eta Israelek diseinatutako su-etenak ez ditu palestinarren bizi-baldintzak hobetu eta egoerak «katastrofikoa» izaten jarraitzen du, UNRWAk ohartarazi duenez. Erakunde honek nabarmendu duenez, 10 gazatarretatik 9 muturreko pobrezia egoeran bizi dira, laguntza humanitarioaren menpe baitaude erabat. Testuinguru honetan, beharrezkoa dena baino elikagai askoz ere gutxiago ari dira sartzen zerrendan eta milaka lagunek egunean otordu bat baino ez dute egiten.

UNRWAk dioenez, «bi urteko infernuaren ondoren», Gazako palestinarrek errealitate apokaliptiko bati egin behar diote aurre; biztanleriaren % 90 desplazatuta dago eta eraikin gehienak kaltetuak izan direnez, bi aukera dituzte gazatarrek uneotan gaua pasatzeko. Eraikinen hondakinen artean bizi, edota inprobisatutako kanpalekuetan. 16 urteko Rimas kanpaleku horietako batean bizi da eta bere testigantza zabaldu du UNRWAk.

16 urte eskasekin, Rimas bere anai txikiaren arduraduna da, haren gurasoak hil baitzirenn Israelen eraso batean. Etxea ere galdu zutenez, oihal-denda batean bizi da anai txikia eta amonarekin batera. Une honetan NBEk sartzea lortzen duen laguntza humanitarioari esker bizirauten dute Rimasek eta anaiak. Lortzekotan, NBEri esker lortzen dute jatekoa eta ikastera itzuli ahal izan du, erakunde berberak zailtasunez jarri dituelako klaseak martxan gune zehatz batzuetan, egoerak ahalbidetzen duenean.

Su-etenaren baitan laguntza humanitarioa zeramatzaten 600 kamioien sarrera baimentzea adostu zen, baina gaur gaurkoz Israelek soilik 170 kamioiren sarrera baimentzen du. NBEk salatu duenez. Elikagaiak daramatzaten 6.000 kamioi inguru Gazan sartzeko pasabideetan daude. Kasu askotan elikagai horiek usteltzen ari dira, itxaronaldi luze hauen ondorioz.

Laguntza humanitarioa ez ezik, Israelek nahi bezala urratzen jarraitzen du su-etena. Astelehen honetan beste lau gazatar hil dituzte, bi Jan Junisen eta beste bi Gaza hirian. 343 dira Israelek eraildako gazatarrak, bake akordioa  martxan jarri zenetik.