2025 AZA. 29 - 00:00h Eskubide eta betebeharrak Mikel Urdangarin Ezkerrari «migrazioaz hitz egiteko» deia egin zion orain dela gutxi Gabriel Rufianek. «Bai, migrazioaz», nahiz eta «deserosoa» izan. Fluxu migratorioak «erronka» direla eta «integrazioan, segurtasunean eta errespetuan» oinarritu behar direla adierazi zuen: «Bai, errespetuan. Gure gizartean denek eskubideak eta betebeharrak dituztelako, Javier edo Brahim izan». Eskubideak eta betebeharrak. Oinarrizko printzipioa da, noski, baina susmoa dut lerro artean mezu problematikoagoa iradoki zuela: «Denek eskubide berdinak izan behar dituzte, ados -jada hala izango balituzte bezala-, baina betebeharrak ere berdinak izan behar dira! -Javierrek eta Brahimek izango ez balituzte bezala-». Hala ote da? Deiari erantzunez, Euskal Herrira etorrita, hitz egin dezagun, bada. Hasteko, denek ez dituzte eskubide berdinak. Euskal Herrian bizi diren milaka pertsonek ez dute “paper” edo hiritartasunik. Estatu espainiarrean hiritartasuna odolez transmititzen denez, bertan jaioagatik, paperik ez dutenen seme-alabetako askok ere ez. Eta horrek ataka zail batean kokatzen ditu: Atzerritartasun Legearen arabera, pertsona migratzaile batek paperak lortzeko hiru urtez erroldatuta egon behar du. Hau da, gutxienez hiru urtez bertan biziraun behar du, baina azpi-herritar bezala, oinarrizko eskubideak ukatuta edo mugatuta: laguntza sozialak, etxebizitza, bozka... Tartean lan kontratuak egiteko eskubiderik gabe. Ildo horretan, zenbait agintari instituzionalen erretolika makabroa da: «Lan egitera etor daitezela!» exijitzen dute, baina “paperik” izan ezean legalki ezin dute enplegurik izan. Bizirauteko lan egin beharra dutenez, jakina da ekuazio horren emaitza: askok ilegalki edo beltzean egiten dute lan, sistema eta gizartea sostengatzeko «esentzialak» diren lan ikusezinetan. Hortaz, Ordenaren eta Legearen izenean «baldintza ilegaletan lan egin dezatela!» esan nahi dute? Behin eskatzen hasita, «ikasita etorri daitezela!» aldarrikatzen dute, baina ikasketak homologatzeko sekulako zailtasun burokratikoak izaten dituzte. Betebeharrak ere ez dira berdinak jatorriaren, azal-kolorearen eta klasearen arabera. Preso egondakoek esaten duten bezala, kartzelak pobrez beteta daude. Datuek ere hala diote: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaiotakoen artean, lau ikertuetatik bat atxilotzen dute; magrebtarren artean, bitik bat. Bikoitza, alajaina! Jite arrazista hori berresten duten beste hamaika kasu daude. Adibide sinple bat: trenetik atera eta Ertzaintza geltoki kanpoan. Nor “katxeatuko” dute, zu, mutil zuria, edo arrazializatua? Estatu espainol eta frantsesak Bidasoan inposatutako muga igarotzen saiatuz gero, beste horrenbeste. Beraz, «segurtasunaz» ari garenean, noren segurtasunaz ari gara? Hobe beharrez egiten diren zenbait diskurtsok ere betebeharrak ezberdin banatzen dituzte. «Begira zein jatorrak, zintzoak, eskuzabalak diren X jatorrikoak!», «guk nahi ez ditugun lanak egiten dituzte», «barne produktu gordinari jaso baino gehiago ematen diote»... Halakoek super-herritarrak izatea eskatzen diete migranteei, ez herritar normalak, beren bertute eta miseriekin. Eta bai, ados, egia da «kanpotik datozenetako batzuk» betebeharretatik salbuetsita daudela. Haiek eskala sozialean behean baino goian daude, ordea. Adibidez, kapital transnazionala. «Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa...» ekartzen ei dutenez (batzuentzat), horiei alfonbra gorria jarri behar omen zaie, haien jet pribatuetan trabarik (zergarik, lan gatazkarik...) gabe lur hartu dezaten. Hortaz, hitz egin dezagun migrazioaz, bai, baina euskal herritarron eskubideak zabaltzeko eta betebeharrak berdintzeko, ez alderantziz. Zergatik? Euskal Herrian lan egin eta bizi den oro euskal herritarra delako. Aske eta berdinen Errepublikarantz, inork ezin duelako euskal herritarron ez azpitik, ez gainetik egon. Eta aliantzak eginez gero, Euskal Herriaren eraikuntzan askoz gehiago eta eraginkorragoak izango garelako. •