GAUR8

Sexologia ortopedia (askatzaile) gisa

Gogo-bihotzera. (SENSATHLON 2025)

Bikote bati sexu zailtasunak gainditzeko etxeko lanak (kotxekolanak, mendikolanak, hoteleko lanak…) bidali eta horiek ez omen ziren naturalak eta espontaneoak. Terapia sexuala ortopedia delako! Aldakak eta zentzumenak eroso mugitu ahal izateraino eramaten zaituen ibilbidea hibridoa da. Argibideak ematen dira erotismoa bere ubidera itzuli artean. Badakizu zer egin dezakezun, eta zer ez egin (oraingoz). Mugek aukerak marrazten dituzte. Eta askatzailea da.

Ortopedia espontaneotasunaren mugakidea da.

Naturaltasuna ez da abiapuntua, helmuga baizik.

Mundu guztia ez dago prest paziente izateko.

Hankan igeltsua duela dantzan hasten dena, ez da paziente ona. Behin irakurri nuen, mahai bakarreko jatetxe bat ireki zutela Galiziako herri batean. Nola izango litzateke paziente bakarreko kontsulta bat? Astelehenetik ostiralera, berarentzako ikasten jardungo nuke espresuki. Liluragarria litzateke, mikrobiologia, atomoen fusioa, aroztegiko makinen kontrol numerikoa, golfaren araudia, gripearen txertoen kudeaketa, borroka sindikala, ogasuneko hackeatzeak, lidergo feministaren eragin politikoa edo gauetako DJ errealitateetara gehiago hurbiltzeko denbora hartzea. Pazientearen eguneroko bakar hori eta bere beharrak esploratzea.

Multipotentzialitatearen gaiak harrapatuta nauka. Ez da dirudiena. Ez da istant berean gauza pila egitea (multitask), bizitzan zehar gaitasun oso desberdinak abiatzea eta garatzea baizik, intentsitate maila batekin.

Alkohola lubrikatzaile soziala da.

Gauza zeharo desberdinetan ona denak (edo gauzatzeko gai denak) maiz ezkutatu behar izaten ditu bere iaiotasunak. Garrantzia kendu eta dagokiona baino txikiago aurkezten du bere burua. Sortzen dion berotasun-zirrara babesteko. Ondokoak jeloskor jartzen baitira. Jendeak ez baitu ulertzen, behin ezagutza eremu bat nahikoa menderatuta, asperdurak arima akaba diezazukeela...

...ez al dago lubrikatzailerik honetarako? Armairu horretatik ateratzen laguntzen nabil azkenaldian zenbaitzuei.

Liburu bat irakurri berritan, bertako edukiak xurgatzeko animoz, ez dut apalean uzten, begien bistan baizik. Egun batzuetan inguruan edukitzeak nire pentsamenduak goxotasun horretan geratzera gonbidatzen baitit. Armairu honetatik ere irteten hasia naiz ni. Bolada berean hiru, lau edo bost liburu irakurtzen egon naiteke. Batzuk ez ditut bukatzen. Idatzi, azpimarratu eta marrazten/narrasten dut bertako orrietan. Bai. Astiro eta amorruz.

Ideien arteko pasabidean kokatzen naiz horrela.

Pentsamenduen elkargune sortzailean barneratzen naiz.

Eremuen ertzeko zubigintzan.

Ideien igurtzien lekuko.

Zopa hibridoan nahastuta.

Ezagutzen arteko mestizajearen bitxitasuna miresten.

Ez da popularra baina bai jakina sexologoentzat, termodinamikaren printzipioak aplikatzen ditugula bikote terapian.

Ez gutxietsi eremu desberdin askotan ibili dena, nonbait ikasitakoa, edonon aplikatzen egongo baita.

Eman jaten jakin-min amaigabeari.

1. Zure terapeutak hauspotzen al zaitu?

2. Barre eginarazten al dizu berarekin zaudenean?

1 eta 2 galderei baietz erantzun badiezu, albiste oso ona da zuretzat. Ez dago profesional pentsakor plantak egiten, zurekin benetan murgilduta baizik.

Gure semeak futbol partida 14.15ean du programatua (zelaira 13.15ean iritsi behar du). To eat or not to eat? That’s the question. Egoera nahiko ortopedikoa neguko igande gris baterako. Bazkalduta joan ala bukatu arte itxoin. Agian partidan zehar bokata jatearekin konpon zaitezke ikusle moduan bazoaz. Edo bi aldiz arin bazkal dezakezu.

Ortopedia da bidea.

Ideien fusioa, beharrezko argia. •