GAUR8

Bekatu


Atzo arte Jainkoaren, Ama Birjinaren edo santuen aurkako hitzezko biraoa iraintzat hartu eta gaztigatu egiten zen: Erdi Aroan, Alfontso X.a Gaztelako erregeak blasfemia egileak 50 latigo-zartada jasotzera zigortzen zituen, lehen aldian; ezpainak burdin gori batez markatzera (B hizkiaz) bigarrenean; eta mihia moztera hirugarrenean. Korsikan (1571) mihia zulatzen zieten. Bi Sizilietako Erresuman (1860) bi eta bost urte arteko espetxe-zigorra. Inkisizioak Sanbenitoz jendaurrean erakustea, kartzela, galerak edo, biraoa heresiarekin lotzen bazuen, sutan hiltzea ezarri zituen.

Gurasoen garaian, aurreko milurtekoan, dena zen bekatu. Jainkoaren legeak, etika eta moral zorrotzek agintzen zuten. Hura zen muga zeharka ezina. Ongia egin ala gaizkia egin, horra dilema.

Zaintza horretan edonor zen salatzaile: apaiza, irakaslea, aguazila, inkisizioa eta, mingarriena, auzotarrak eta senideak.

Beldurrek inguratuta bizitzera kondenatuta zeuden. Beldurra euskaraz hitz egiteari, plazan dantzan arrimatzeari, ukitzeari, muxu emateari, sexuaren plazeretan atzemana izateari, apaizari hitza zuzentzeari, jauntxoei, obedientzia itsua hausteari. Beldurra marra gorriari, handik hara dena baitzen bekatu.

Gaurko garaiak beste batzuk dira, zalantzarik ez, baina nago uste baino ugariagoak direla inguruan, gazte izanik ere, beren pentsamolde, sexu-frustrazio, banitate eta inbidiatik marra gorri partikularra ezartzen dutenak hurkoak epaitzeko. Horiek egungo apaizak!

Bada, beldurrak uxatu eta egin bekatu, hautsi gizarte hertsietako muga oro tinko zanpatuz flamenko dantzariak lez eta bedi takoikada bakoitza energia, alaitasuna eta argia armairu-zahar usaineko etika eta moral ilunetatik ihesi.

Aurreko milurtekora artekoek sobra sufritu zuten, bereziki emakumeek. Bada, Hirugarren Milurtekoan, haien omenez bada ere, ez egin kasu hamar mandamentuei, ez eta zazpi bekatu kapitalei; egin bekatu eta eman eta jaso plazera tonaka lizunkeriatan blai… •