GAUR8

Gure Kirola Sariak, Arabako 25 kirolari, erakunde eta enpresarentzat aitortza

Otsailaren 12an, Gure Kirola Sariak emango dituzte Gasteizko Europa Jauregian, arratsaldean ospatuko duten ekitaldian. Edizio honetan, diziplina ezberdinetako Arabako 25 kirolari, erakunde eta enpresa daude sarituta, kirol lorpenengatik edo kirolari emandako laguntzagatik.

Gure Kirola Sariak ekitaldiaren aurreko edizioa, irudian. (ARABAKO FORU ALDUNDIA)

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak Gure Kirola Sariak jaia antolatu dute otsailaren 12rako Europa Jauregian. Arabako 25 kirolari, klub, enpresa eta erakunde aintzatetsiko dituzte 2025. urtean erdietsitako kirol merezimenduengatik.

Gure Kirola Sariak gala aukera ederra da bertako kirolarien ahalegina eta sakrifizioa aitortu eta balioesteko".

«Mundu osoko hainbat diziplinatan ordezkatzen gaituzte eta haurrentzako erreferente dira. Kluben, federazioen, entrenatzaileen eta boluntarioen dedikazio eta lan handiaren emaitza dira lorpen horiek guztiak. Izan ere, haiei esker, Arabako kirolak arrakasta izaten jarraitzen du», adierazi du Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Kirol zinegotziak.

Bestalde, Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kiroleko diputatuak nabarmendu du «ekitaldia hitzordu paregabea» dela «Araban dugun kirol talentu itzela aitortu eta balioesteko».  

Urrezko, zilarrezko eta brontzezko intsigniak

Gure Kirola Sariak ekitaldiaren bosgarren edizioa Gasteizko Europa Jauregian egingo da, 18.30ean. Guztira, 22 kirolarik jasoko dituzte urrezko, zilarrezko eta brontzezko intsigniak haien ibilbide profesionala aitortzeko, eta hiru diploma banatuko dira aurreko ekitaldian lortutako arrakastengatik.

Urrezko intsignia jasoko dutenen artean Ibon Navarro saskibaloiko entrenatzaile gasteiztarra dago, Unicaja taldearekin lortutako tituluengatik, baita beste kirolari batzuk ere, hala nola Sergio ‘Dinamita’ Sanchez kick boxingeko munduko txapelduna, Salma Solaun gimnasia erritmikoko Europako txapelduna eta Patxi Peula, abiadura patinajeko Europako txapelduna.

Roberto Galdos parabadmintoneko jokalariak eta Alba Aznar eta Oscar de Marcos futbolari ohiek ere urrezko intsignia jasoko dute egindako ibilbide profesionala omentzeko.

Azkenik, Kirolaraba Fundazioak lurraldeko etorkizun handiko 43 kirolari aitortuko ditu, hainbat diziplinatakoak, hala nola pilota, karatea, igeriketa, curlinga, hipika, borroka, motoziklismoa, boxeoa eta samboa. Gainera, bederatzi enpresa ere aintzatetsi eta sarituko dituzte, txapelketak egiteko eta oinarriko klubei laguntzeko orduan kirolarekin duten lankidetza eta lotura estuaren omenaldi gisa.