GAUR8

Euskal Herriko Zuhaitz Egunen jatorriaz

Uste dugunaren kontra, azken hamarkadetan horren ohikoak eta horren gureak bihurtu diren Zuhaitz Egunak ez dira oraingo kontua. Haien jatorriaz hitz egitean, atzera begiratu behar dugu. Eta kanpora. Bidaia dezagun XIX. mende amaierara eta har ditzagun abiapuntutzat Ameriketako Estatu Batuak.

1915. urtean Zeanurin, Bizkaian, izandako Zuhaitz Egunean jasotako argazkia da goian ageri dena. (Felipe MANTEROLA | EUSKO JAURLARITZA | EUSKADIKO ARTXIBO HISTORIKOA | ESTORNES ZUBIZARRETA SENDIA)

Urteak atzera egin eta gizartearen memoria kolektiboa galtzen den garai horietan bihurtzen da urrezko artxibategi bat. Izan ere, artxibategietako liburu zaharren artean aurkitzen ditugu sarri gizarteak jada gogoratzen ez dituen gertaerak, datuak edota informazioa. Euskal Herrian egiten diren Zuhaitz Egunen artean, badira asko hamarkadetan egin izan direnak. Badira batzuk, berrikiago sortu direnak, edota Zuhaitz Eguna galdu eta jada elkarteek antolatzen dituzten landaketarako auzolan bihurtu direnak. Horiek, gehiago edo gutxiago, gogoan ditugu. Gutxik gogoratzen du jada, ordea, XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran Euskal Herrian izan zirela Zuhaitz Egunak ere. Orduan, alabaina, beste izen bat ematen zitzaien: “La Fiesta del árbol” edota Euzko-Idazkaltza-Buruba elkartearen dokumentuetan deitu izan zioten moduan: “Zugatz egunsaia”.

Atentzioa ematen du duela ehun urte ere Zuhaitz Egunen antzeko festak egiten zirela ikusteak. Izan ere, “Fiesta del árbol” moduan ezagutzen ziren egun horiek festa giroan egiten ziren eta Euskal Herriko herri askotan antolatu zituzten. Baina, zerk bultzatu zituen garai hartako herritarrak zuhaitzak landatzera? Zergatik festa bat arbolen aitzakian? Zein zen helburua?

BASOAK SORTZEKO BEHARRA

XIX. mende amaieran, mendietako zuhaitz eskasiak eta paisaia soilduak kezkarako gai bihurtu ziren. Basoberritzeko behar larri baten aurrean, zuhaitzak landatzeko premia zegoen. Hala, esaterako, 1893an, Nafarroan, herri guztietan zuhaitz mintegiak sortzea bultzatu zen, ondoren bertan hazitako arbolak mendian landatu ahal izateko. Orduko idatzien arabera, ordea, ez dirudi herritar guztiak horren aldekoak zirenik. 1899an, Santiago Arnal hezkuntzako ikuskariak, esaterako, adierazten zuen gizartea zuhaitzen aldeko aldarrian sentsibilizatu beharra zegoela, herri askotan indiferentzia eta apatia zegoelako zuhaitzekiko eta, haiek errespetatzeaz gain, zuten garrantzia ere zabaldu beharko litzatekeela.

Arnalen hitz horiek ikuskariak berak egindako “Cartilla forestal” liburuxkatik hartuak dira eta ez dira hitz hutsak. Arnalek oso ondo baitzekien zertaz ari zen. Izan ere, bera izan zen 1897an Tuteran egin zen Nafarroako lehenbiziko “Fiesta del árbol” jaialdia bultzatu zuen pertsona. Zuhaitz Egunaren gisako ekitaldi hori antolatzea, ordea, ez zen ikuskariaren asmakizuna izan. Arbolaren festa hori sortzeko ideia urrutiagotik zetorren. Luzatu dezagun begirada Euskal Herritik kanpora…

1933-1935 urteetako Euzko-Idazkaltza-Buruba elkartearen idazkietan aipatzen den moduan, arbolaren festak ez ziren kasualitatez agertu Euskal Herrian. 1872an, Julius Sterling Morton-ek zuhaitzak landatzeko festa bultzatu zuen Nebraskan (Ameriketako Estatu Batuak) eta “Arbor day” izenpean egin zen ezaguna. 1896an, Madrilek “Fiesta del árbol” izenpean arbolak landatzeko festa handi bat antolatu zuen. Dokumentuek diotenaren arabera, 1805ean, Cáceres probintziako Villanueva de la Sierra herrian egin zen helduek eta umeek egindako lehenbiziko landaketa, herriko parrokoak eta alkateak bultzatuta. Madrilgoa, alabaina, mugarria izan zen zuhaitzak landatzeko festen zabalpenerako. Izan ere, bertako eredua hartu eta Espainiako Estatu guztira zabaltzeko saiakera egin zen hurrengo urteetan.

MADRILDIK EUSKAL HERRIRA

1896an Madrilen egin zen “Fiesta del árbol” festa berezia izan zen. Ekitaldia bertako Udalak eta Aldundiak antolatu zuten Alfontso erregearen ohoretan. Erregeak joaterik izan ez bazuen ere, haren omenezko arbola bere arreba Isabelek eta Eulaliak landatu zuten.

Ekitaldian 2.000 umek hartu zuten parte eta bakoitzak arbola bat landatu zuen. Ondoren meriendatxoa ere izan zuten sari modura, eta diplomak eta dominak ere banatu ziren oroigarri gisa.

Gizarte mailako festa handia izan zen, eta, guztira, 40.000 pertsona inguru elkartu zirela aipatzen da. Umeez gain, Gobernuko eta elizako ordezkariak ere bertan izan ziren, eta musika bandek festa giroa jarri zuten ekitaldian. Besteak beste, umeek zuhaitzari eskainitako ereserkia kantatu zuten.

Madrilgo arbolaren festa, beraz, ez zen zuhaitzak landatzeko jarduera soila izan. Zuhaitzak, umeak, hezkuntza eta kultura nahasten ziren ekitaldi handia izan zen, orduko kultura arloko jende ezagunak ere laguntza eman baitzuen.

Arrakasta ikusita, Madrilgo eredua Estatuko gainontzeko herrietara zabaltzeko ahalegina egin zen. Eta hala iritsi zen arbolaren festa Euskal Herrira.

Goiko irudian, 2025. urtean Hernanin izandako Zuhaitz Eguna. Neska-mutikoak azalpenei adi-adi ageri dira bertan. (Marimi AZKUE)

EUSKAL HERRIKO ARBOLAREN FESTA

Madrilgo ekitaldiaren ostean, eredua segituan zabaldu zen Euskal Herriko puntu askotara. Urtebete geroago, 1897an, Tuteran egin zen, Arnalek berak bultzatuta. Urte horretan bertan, Tolosako Udalak ere egin zuen berea eta orduko “Cántabro” egunkariak dioenaren arabera, abenduaren 26an egin zen. Ikastetxeetako umeak pilotalekuan bildu ziren 14:00etan, eta, bakoitzak arbola bana hartuta, San Esteban ermitara jo zuten. Bertan, aurretik botatako eta Udalak enkantean saldutako arbolak ordezkatzeko, aukeratuak izan ziren ikasleek zuhaitzak landatu zituzten, musika bandak jotzen zuen bitartean; eta hortik, Correo kaletik herrira bueltan, Eduardo Mokoroa musikari eta organistak festarako propio konposaturiko ereserkia kantatzen itzuli ziren ume guztiak Foruen plazara. Ondoren, Udalak merienda banatu zien ume guztiei eta dantza-saioa eta kukaña izan ziren festa amaitzeko.

Tuterako (Nafarroa) eta Tolosako (Gipuzkoa) lehenbiziko zuhaitzak landatzeko festez gain, pixkanaka-pixkanaka zabaltzen joan ziren ekitaldiak han eta hemen. 1899an, esaterako, Nafarroako Aldundiak herriei eta kontzejuei haien herri-lurretako arbolak ikuskatzean, umeak kontuan izateko eskatzen zien, eta, hala, arbolaren festa egitera animatzen zituen.

Ricardo Gurbindo Gilek egindako lan bikainari esker, “La Fiesta y la Hermandad del Árbol. Primeras experiencias ambientalistas en Navarra” liburuak “La Fiesta del árbol” delakoari buruzko hainbat datu interesgarri azaltzen ditu, eta Nafarroan izan zuen eboluzioa aztertu. Nafarroan, esaterako, 1898an Faltzesen egin zen, 1900. urtean Alesbesen, Leitzan eta Ribaforadan, eta 1903an Lizarran.

Araban ere, esaterako, “Euskalerria” aldizkariak aipatzen du Zurbaon 1900. urtean egin zutela arbolaren festa. 60 ume, mutil eta neska, elkartu ziren eta irakasleen eta apaizaren laguntzaz, 136 arbola txiki landatu zituzten. Herri guztiak hartu omen zuen parte bertan. “Euskalerria” aldizkariak ekitaldi eredugarri moduan izendatu zuen Zurbaokoa, eta Araba guztiko herrietan egin beharrekoa zela azpimarratu zuen.

1904an Errege Dekretu bat atera zen “Fiesta del árbol” jaialdia Espainiako herri guztietan egitera animatuz, baina derrigortasunik gabe. Jakina da, ordea, ordurako Hego Euskal Herriko hainbat herritan egiten zela, 1904ko “Euskalerria” aldizkarian aipatzen den moduan. “El Eco de Navarra” egunkarian, ordea, nabarmentzen zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ondo sustraitu bazen ere, Nafarroa zela zuhaitzak landatzeko festa gutxien egiten zituen Estatuko probintzietako bat.

1905eko abenduan, Hernanin (Gipuzkoa) egin zen, eta, 1906an, Goizuetan (Nafarroa). Bigarrenaren kasuan, esaterako, aipatzen da Nafarroako eta Gipuzkoako Ingeniari Nagusiak eskutitza bidali zuela Goizuetako Udalera festa egitera gonbidatuz. Artxiboko dokumentuek Hernaniko eta Goizuetako egunen aktak gordetzen dituzte, zehaztasun nahiko handiz deskribatuz egun horietan gertaturikoak.

Herri batzuetan jada arbolaren festaren antolaketa errotzen hasia bazen ere, 1915ean, bigarren Errege Dekretu bat atera zen, are eta gehiago bultzatuz festaren ospakizuna. Izan ere, kasu horretan, dekretuak Estatuko herri guztiak eguna ospatzera behartzen zituen.

Urte horretan bertan, Zeanurin (Bizkaia) egin zela badakigu, Felipe Manterolak egunean bertan egin zituen argazki ederrei esker. 1916an, berriz, Hondarribiak (Gipuzkoa) aurreneko aldiz egin zuen festa eta Madrildik diploma bat jaso zuen Udalak egin zenaren oroigarri eta esker gisa. Hala, “Fiesta del árbol” izenekoak Euskal Herriko herri askotan egin ziren, harik eta 1936ko Gerrak dena eten zuen arte.

Irudian, 1899ko «Cartilla forestal» izeneko liburuxkaren azala. Santiago Arnal hezkuntza ikuskariak bultzatutako proiektua izan zen. (GAUR8)

ZUHAITZAK, UMEAK ETA ESPAINIAKO BANDERAK

Ricardo Gurbindo Gilek azpimarratzen duenaren arabera, Madrilgo ekitaldiaren eredua nagusitu zen herri gehienetan. Bertan gai nagusi batzuk zeuden: zuhaitza, kultura eta hezkuntza, baina elizak ere parte hartzen zuen, bai eta politikariek ere. Izan ere, 1898an Espainiak Kuba, Puerto Rico, Filipinak eta Guam galdu ostean, nazio sentimenduak behera egin zuen eta festa bera sentimendu hori hauspotzeko erabili zen. Hala, ikus daiteke, Espainiako banderak ohikoak zirela “Fiesta del árbol” batzuetan. Goizuetako aktetan irakurri daitekeenaren arabera, esaterako, 1909an 37 haur elkartu ziren plazan, aitzur txikiekin batzuk eta bandera espainolaren koloreekin batera, beste batzuk (aktaren arabera, «ospe gehiago emateko ekitaldiari»).

Gehientsuenetan, Hernani, Goizueta eta Hondarribiko kasuan bezala, udaletxe paretik ateratzen ziren herritarrak. Tolosan, ordea, frontoian egin zuten zita. Musikak ere protagonismo berezia izaten zuen. Tolosan eta Hondarribian herriko musika banda joan zen eta umeek ereserkia kantatu zuten zuhaitzak landatu ostean. Hernanin, ordea, txistua eta danbolina izan ziren, eta Goizuetan klarinetea eta danborra. Zenbait herritan, ekitaldia amaitzean, dantza izaten zen herriko plazan, Tolosan eta Goizuetan adierazten den moduan.

Horrez gain, hitzaldiak ohikoak izaten ziren. Hernanin zein Hondarribian eskola publiko zein pribatuetako irakasleak eta umeak joan ziren, eta irakasle batek hitz egin zuen zuhaitzen eta egunaren garrantziaz.

Landaturiko zuhaitzak askotarikoak izaten ziren: haritzak Goizuetan, intxaurrak Hernanin eta zumarrak, makalak eta akaziak Tuteran, esaterako. Beran (Nafarroa), akaziak landatu zituzten. Horrez gain, herri guztietan nabarmentzen da mokadu txiki bat ere eman ohi zuela Udalak bertaratzen ziren umeentzat. Arrautza egosi bat eta bi gaztaina omen ziren ohikoak Goizuetan, baina beste herri batzuetan zorte handiagokoak izan ziren umeak. Deikaztelun, esaterako, partikular baten laguntza dela eta, laranjak, opila eta turroia izan zituzten eta Hondarribian, laranja, opila eta txokolatea. Peraltan, alabaina, umeek menu kuriosoa izan zuten: tortatxoa txorizo mutur batekin eta baso-erdi bat ardo.

Herri batzuetan, landaketa inguruko baserrietan hartzen zuten babes, bazkaltzeko edota eguraldi makurraz babesteko, Goizuetan egin zuten moduan. Zehaztasun horiek guztiak artxiboko aktetan edo egunkarietan azaldu ohi dira. Izan ere, udaletako idazkariek Madrila bidali behar izaten zuten sarri eguna nola joan zen adierazten zuen txostena.

HEZKUNTZAREN ETA KULTURAREN INDARRA

Arestian aipatu den moduan, hezkuntza arloko profesionalak ohikoak izan ziren ekitaldietan. Irakasleen presentzia herri guztietan adierazten da, alkatearenarekin batera. Izan ere, arbolaren festen aitzakian material didaktikoa ere publikatu zen, zuhaitzen eta basoen garrantziaz ohartarazteko.

Aurretik ere aipatu den Santiago Arnal ikuskariak berak egindako “Cartilla forestal” liburuxka da horren adibide, Nafarroako Foru Aldundiaren laguntzaz publikatu ahal izan zena. Bertan, festa egiteko oharrak emateaz gain, zuhaitzei eta basoei buruzko informazioa ematen zen. Liburuxkak Nafarroa osoan zabaldu ziren hainbat kopiaren bidez, ikasleekin ikastetxeetan erabili ahal izateko.

Hezkuntzaz haratago, ordea, Madrilgo ekitalditik ateratako ideia askok ere aurrera egin zuten, eta, hala, ereserkiak kantatzeaz gain, edota sortzeaz gain, poesia eta narrazio lehiaketak ere izan ziren, guztiak arbolei lotuak, noski. Edota sariak, herriak arbolak landatzera eta udalak parte-hartzera bultzatuz.

Irudian, 1926ko Iruñeko Zuhaitz Eguna. (Jose GALLE / IRUÑEKO UDAL ARTXIBOA)

«FIESTA» HAIETATIK, ZUHAITZ EGUNERA

Gurbindoren arabera, Nafarroan 1921-1930 artean egin ziren arbolaren festa gehienak: Milagro (1922), Irunberri (1923), Miranda Arga (1923), Kaseda (1924), Zirauki (1927), Aiegi (1928), Lodosa (1928), Galdeano (1928) eta Etxarri Aranatz (1928) izan ziren horietako batzuk. Hasieran “Fiesta del árbol” moduan egindako ekitaldiak, ordea, leku askotan 1936ko Gerraren etorrerarekin amaitu ziren.

Gerraren ostean, XX. mendean zehar, zuhaitzak landatzeko ohitura berreskuratzen joan ziren herri batzuetan, “Fiesta del árbol” zenak utzitako arrastoari jarraituz. Hala, “Fiesta del árbol” zena, izen berriarekin, “El día del árbol” edo Zuhaitz Eguna moduan berreskuratu zen XX. mendean, Gurbindo Gilen esanetan, jatorri ingeleseko “Arbor day” izenak eraginda.

Ordutik, Zuhaitz Egunak ohikoak dira Euskal Herriko herri askotan. Eta Zuhaitz Egun horien arrastotik etorri dira ere auzolanean egiten diren landaketa asko egun, elkarte batzuek bultzatuta.

1805ean Cáceres probintzian egindako landaketa isolatua izan bazen ere, geroztik, “Arbor day”-ak Ameriketako Estatu Batuetan izan zuen arrakastak bultzatu zuen “Fiesta del árbol”-a Estatu espainiarrean, eta horri jarraikiz etorri zen Euskal Herrira, eta ondoren Zuhaitz Egun moduan berreskuratu zen.

Duela ehun urte baino gehiago deforestazio egoera larrian sorturiko ekimen berezi honek bere arrastoa utzi du egungo paisaian. Goizuetan, esaterako, ikusi den moduan, orduan egindako landaketei esker, gaur egun oraindik ere hariztiak daude paraje horietan.

Garaiak, alabaina, aldatu ere egin dira eta gaur egungo Euskal Herriko paisaia ez da ordukoa. Basoak lekua irabazi du mendi magal askotan, eta nekazaritza lurrak, sastrakadiak, iratze tokiak, sega belardiak eta beste zenbait habitat mota dira gaur egun bakandu direnak, garai haiekin alderatuz.

Uneak hala eskatzen duela eta, interesgarria litzateke udalek zein bailarek hausnarketa egitea eta etorkizunean nolako paisaia nahi dugun aztertzea. Izan ere, egungo biodibertsitate galeraren erdian eta klima larrialdiaren barruan, gizakiak modelatzen duen paisaiak ikaragarrizko pisua izan dezake ditugun erronkei aurre egiteko.

Testuinguru horretan, zuhaitz landaketek zein leku duten baloratu beharko litzateke, eta pentsatu, ea zuhaitzak non, nola eta zein helbururekin landatuko diren, duela ehun urte egin bezala, Zuhaitz Egunek ere zentzu bat izan dezaten.