GAUR8

Tabernetatik galaxietara

2009ko irailaren 14an ESOk (Txile) egindako argazkia. (WIKIMEDIA COMMONS)

Tabernetatik galaxietara egin dut bidea, joan-etorrikoa. Artikulua ilustratzen duenez, galaxiatik abiatuko naiz, edo, zehatzago esanda, galaxien arteko elkarrekintzatik, irudiak jasotzen duen moduan. Zehazki, NGC 2207 eta IC 2163 dira, espiral gisakoak biak, Lurretik fenomeno hau aztertzeko parada onenetakoa eskaintzen dutenak eta, hain luzez behatuak, ezen kamera moteleko bideo bat egin baitute, bien arteko dantza grabitatorioaren erakusgarri. Horixe izan da lagun batek duela aste pare bat pasa didana, zertarako eta gure galaxiak Andromedarekin talka egingo duela berriz errepikatzeko, ez baitiot nik inoiz ontzat hartu, duela hamabost bat urte azaldu zidanetik.

Big Bang teoriaren leherketa ereduagatik edo, Unibertsoa hedatzen eta bere elementuak elkarrengandik urruntzen irudikatu izan ditut beti. Begira astronomia zalea naizela aspaldi, zientzia berriak gertutik jarraitzen ditudala eta hamaika bider egin dudala dei lerrootatik zeru ilunari begiratzeko, baina gaur arte ez naiz ohartu nire akatsarekin. Antza, grabitatearen ondorioz homogeneoa zen espantsioan fluktuazioak jazo eta galaxiak sortzen dira, era berean elkar erakartzen dutenak, eta elkarrekintzan sartzen direnak. Esne Bidea bera SagDEG deritzan galaxia eliptiko ttipia jaten ari da, eta 110 km/s-ko abiaduran hurbiltzen ari zaigun Andromedarekin hamar mila milioi urteren bueltan fusionatuko ei gara azkenik.

Fisikaren inguruan ditugun aurrekontzepzioak okerrak dira askotan, eta oso iraunkorrak; zaila da berauek ideia berriengatik ordezkatzea. Horregatik da determinantea fisikaren (eta edozein alorren) irakaskuntza egokirako aurre-ideia horietatik abiatzea, eta ikerketen bidez (ahal dela esperimentazio propioaren bidez) ideia okerrak ezeztatzea, egokiak eraikitzeko. Konstruktibismoaren balioa birgogoratu digu berriki Mikel Etxanizek Espainiako Fisikaren Errege Sozietatearen eskutik jasotako sariak. Bizia irakaskuntzari emandako irakasle horren aburuz, ikuspegi memoristikoak pisu gehiegi du oraindik gurean, eta, egungo erronkei begira, hazten ari den nerabeen ezegonkortasun emozionala eta kontzentratzeko zein frustratzeko duten gaitasun eskasa azpimarratzen ditu.

Horren haritik heldu zaigu asteon Pedro Sanchezen enegarren efektu kolpe mediatikoa; 16 urtetik beherakoei sare sozialak debekatzea. Paradoxikoki, egun berean heldu zitzaidan hurrengoa: frantziar Estatuan egin ikerketa batek, tabernen (bar-tabacs direlakoen) itxieraren eta eskuin muturraren igoeraren arteko lotura behatu du. Azken hogei urteotan galdu diren 18.000 establezimenduek, progresiboki eragin omen dute eskumaranzko lerratzea, eta, berriz ireki direnean, joera emendatu omen da. Jarduera transaktiboagoa duten okindegiekin alderatuz, tabernek erregulazio soziala baimentzen ei dute, eta, horrek, antza, bakardadea ekidin eta sare sozialen testuinguruan ematen den pentsamenduaren isuri eskuindarra apaltzen du. Gustatuko litzaidake ikertzea ea lotura hori gure herriaren zabalean betetzen ote den, izan ere, besteak beste, tabernaren bateko elkarrizketan atera zen galaxien talkaren gaia... •