2026 OTS. 27 - 16:30h AEBetako Bigarren Mundu Gerrako euskal beteranoen memoriala Zebrabideko aurrerapenean Ameriketako Estatu Batuetako Bigarren Mundu Gerrako euskal beteranoen oroitarriak, bisitarako eta oroimenerako espazio iraunkorra emango dio aurki diasporaren memoria historikoari Nevadako Gardnerville herrian. 2.150 izen zizelkatuko dituzte harrian, belaunaldi oso baten isiltasuna apurtzeko. Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GAUR8 Gaurko Zebrabideko aurrerapenean Urtzi Urrutikoetxeak ondutako erreportajea hartu dugu ahotan. Historia handiko herri txikia da Gardnerville. Duela ia mende eta erdi sortu zuten Carson Valleyko bihotzean. Ordutik euskal artzainen, ostatuen eta euskal etxeen bidez eraikitako komunitate sendo bat hartu du, eta diasporako piknik ospakizun garrantzitsuenetako bat hartzen du urtero abuztuan. Orain, diasporaren beste kapitulu garrantzitsu bat idatziko da bertan: Bigarren Mundu Gerran faxismoaren aurka borrokatu ziren beterano euskal-amerikarren lehen memoriala hartuko du. Memoriala Heritage Parken eraikiko da, garai batean euskal auzo bizia izan zen erdigune historikoan. “Bizi leku” izeneko diseinu kontzeptuala Maider Bezos Lanz arkitekto bilbotarrak egin du. Corten altzairuz egindako egiturak 2.150 gizon-emakumeren izenak jasoko ditu bertan; denek ere Bigarren Mundu Gerran Ameriketako Estatuko Batuetako Armadan edo Itsas Merkataritzan zerbitzatu zuten 1939-1945 bitartean faxismoaren eta nazismoaren aurka. Proiektua NABO Ipar Amerikako Euskal Elkarteek gidatu dute, eta oinarri zientifikoa Sancho de Beurko Elkartea elkartearen “Fighting Basques” ikerketak eman dio. Lan horren buru da Pedro J. Oiarzabal historialaria.