2026 OTS. 28 - 00:00h Graziak eta desgraziak Maider Iantzi Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad Txisteak ulertzea kostatzen zaienetakoa naiz. Literalegia. Osaba Juan Joserenak gustatzen zitzaizkidan. Kontaketa hasteko hartzen zuen denbora lasaia, nola garbitzen zuen zintzurra eztul ttiki batzuekin, jartzen zion misterioa, eta batez ere nola eskapatzen zitzaion irria pasarte barregarrira ailegatzear zela. Atmosfera berezia sortzen zuen. Txiste bera hamaikagarren aldiz errepikatuta ere ez genuen arretarik galtzen. Barne-barnean ditut bere txiste mitikoak eta bere umorea (hemendik nire oroimena eta omenaldia). Hegazkina galdu genuen egun hartako komentarioa, adibidez, familia osoa aireportuan barna lasterka gindoazela. Bezperan musikal bat ikusia genuen, eta hala bota zuen, batere estutasunik erakutsi gabe: «Atzo antzerkia ikusten eta gaur egiten, kar-kar!». Umorea sekulako tresna da; aunitzetan salbatzen gaitu eta une zoragarriak ematen dizkigu. Zer hoberik sabeletik ateratako irri algara bat baino, malkoz, puzkerrez edo pixaz lagunduta agian. Ezin kontrolatu, ezin gelditu... Inauteriak umorearen bestak dira, eta testuinguru horretan umorearen graziak eta desgraziak aztertu zituen Uxoa Anduagak hitzaldi batean, parte hori ere baduelako. Euskal umorearen inguruan egin duen tesia azaldu zuen. Garai batean boladan egon zen eta oraindik egiten segitzen duten “Vaya Semanita” saioari eta sortzen ahal digun sentsazio gazi-gozoari erreparatu zion. «Nork egina da? Nondik dator?» galdetu, eta euskaldunok espainiar Estatuan historikoki izan dugun irudiaz eta horren bilakaeraz aritu zen. Umorea behetik gora egin behar dela dioen baieztapena zalantzan jarri zuen, iradokiz hori ez dela beti aski, eta inauterietako adibide zehatzetan sartu zen. Gure herrian, iaz hautsak harrotu zituen KKK siglak zeramatzan karrozak. Halakorik egitekotan, parodiatzen ari zarela argi utzi behar dela ikasi nuen solasaldian. Bertzela mezu horiek jendartearen iruditerian txertatzen eta normalizatzen ariko zara. •