2026 OTS. 28 - 00:00h Ikaste-analitika: Ikasleen arrasto digitalak ulertzen Ingurune digitaletan, irakaslearentzat zailagoa da ikaslearen ikaste-prozesua jarraitzea. (GETTY) Ainhoa ALVAREZ ARANA Ikaskuntza-irakaskuntza prozesu egoki baterako, ezinbestekoa zaie irakasleei ikasleen ikasketa prozesuaren inguruko informazioa jasotzea. Informazio horrek lagunduko dio irakasleari klaseen erritmoa doitzen, estrategia aldatzen edo norbait atzean geratzen denean garaiz detektatzen eta neurriak hartzen. Eskola presentzialetan, informazio hori modu desberdinetan jaso daiteke: begirada bat, keinu bat, zalantza aurpegi bat. Baina... zer gertatzen da gaur egun geroz eta gehiago erabiltzen diren ingurune digitaletan? Ingurune digitaletan, egoera guztiz aldatzen da, irakasleek ez dute informazio hori jasotzen eta beste modu batzuk bilatu behar dituzte jakiteko ikasleak zer egiten edo/eta ikasten ari diren. Zuzeneko informazio jasotze hori desagertzen bada ere, ikasle batek aplikazio edo sistema digital batean edozein akzio aurrera eramaten duenean, datu bat sortzen du. Klik bakoitzak, bistaratze bakoitzak,mezu bakoitzak arrasto edo seinale digital bat utziko du. Arrasto digital horiek jaso, tratatu eta informazio pedagogiko erabilgarri bihurtzen duen alorrari learning analytics edo ikaste-analitika deritzo. Ikaste-analitikak hiru pausu nagusi dauzka. Lehenik, ingurune digitalekiko ikasleen elkarrekintzen datuak jaso eta biltzen dira. Bigarren, datuak aztertzen dira hainbat teknologia erabiliz, esate baterako, datu-meatzaritza, ikasketa automatikoa, modelizazioa edo iragarpen-teknikak. Pausu horren helburua, datuetatik irakaskuntzarako interesgarri izan daitekeen informazioa erauztea da, hauen antzeko egoerak identifikatuz: zein ikasle ari dira irakasgaiarekin arazoak izaten, zeintzuk diren irakasgaiaren zatirik zailenak, ikasleen emaitza akademikoak aurreikustea, zeintzuk ez diren lanean ari... Hirugarrenik, erauzitako informazioa aurkezten zaio irakasleari irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak hobetzeko asmoarekin. Informazio horren aurkezpena ulergarriagoa egiteko eta irakasleari erabakiak hartzen laguntzeko, dashboard edo aginte-panelak eta adimen artifizial garatzailea erabiltzen dira gehienbat. Hau da, irakaslea jada ezin denean gela barruko ikasleen ekintzetatik bakarrik gidatu irakaskuntza prozesua hobetzeko, ikaste-analitikak lagundu dezake egoera esanguratsuak identifikatzen. Ondorioz, hezkuntza-ingurune hibrido eta digitalen erabilera geroz eta gehiago garatzen ari den honetan, ikaste-analitikak ahalmen izugarria du hezkuntza-prozesuen ekitatea, pertsonalizazioa eta eraginkortasuna hobetzeko. Ikaste-analitika egoki erabilita oso onuragarria izan badaiteke ere, ikasleen datuen erabilerak etika eta pribatutasun galdera garrantzitsuak zabaltzen ditu. Zein neurritan da onargarria ikasleen jarduera monitorizatzea? Nork erabakitzen du zein adierazle diren benetan esanguratsuak? Nola ekidin honelako sistema batek ikasle bat “arrisku-egoeran” etiketatzea adibidez, eta horrek berarekiko irakaslearen pertzepzio eta jarrera aldatzea? Gakoa ez da soilik teknologiak zer egin dezakeen, baizik eta zer den etikoki onargarria eta pedagogikoki zuzena. Gaian sakontzeko, hona hemen ikastaro interesgarri bat. •