2026 OTS. 28 - 00:00h Zenbakiez eta lehentasunez Lur Albizu Etxetxipia Abertzalea eta feminista 3. 8. 10. 4. 5. 7. 6. 8. 6. 6. 5. 6. 5. 4. 6. 7. 3. 5. 5. 6. 4. 6. 7. 1. Zentzu handirik gabeko segida ematen du, baina urtez urteko hildakoen zenbakiak dira. Datu zehatzak ditugunetik, 2003. urteaz geroztik, alegia, 133 emakume* hil dituzte Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz. ‘Datuei’ beste zenbaki bat gehitu behar zaie: 13. Indarkeria bikarioa deitzen den horren biktimak izan direnak Euskal Herrian, denbora tarte horretan: haurrak. Zenbakiek, hala ere, ez dute pista handiegirik ematen, hotzegiak dira: ez dute izen-abizenen berri ematen, ez dute testuingurua azaltzen, ez dute indarkeria matxista zer den definitzen, ez dute segida logikorik eskaintzen -edo gorabeherak dituen egonkortasun izugarri baten berri ematen digute-, ez dute ez adinik, ez lurralderik, ez lekurik. Hil dituzten emakume* horiek guztiek bai: testuinguru zehatz batean bizi ziren, indarkeria matxistaren adierazpenik gordinena sufritu zuten -heriotzaraino-, adin zehatz bat zuten, leku zehatz batean bizi ziren. Izen-abizenak zituzten. Zenbaki batzuk, izen-abizen batzuk, memorian iltzatuta geratu zaizkigu. Izan datagatik, izan hilketari buruz jakin genuenean non geunden gogoratzen dugulako, izan komunikabideetan hartu zuten presentziagatik, izan gure etxetik gertu jazo zirelako. Baina memoriak ez du mesede handirik egiten, askotan: 133+13 horietatik gutxi gogoratzen ditut, egiari zor: noiz, nola, nork, nori. Beharbada ez da inportanteena ere, baina oroimen kolektiboa osatzeko beharra dugula iruditzen zait, ez ahazteko zein den indarkeria matxistaren tamaina, dimentsioa, testuingurua, kausak. Izan ere, feminismoaren kontrako oldarraldiaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, hainbat ideia eta jarrera zabaltzen ari dira azken hamarkadatan izan den mugimendu iraultzaile eta inpugnatzaileenaren kontra. Eta, zer esanik ez, feminismoaren aurkako jarrerak sozialki zabaltzen ari direla aditzera ematen duten hamaika ikerketa eta inkesta ikusten ari gara eta ikusiko ditugu, neutroak balira bezala. Beste hamaika adibide jartzen ahalko genituzke. Zergatik gertatzen da hau? Batzuek diote aurrera egiten ari garelako etorri dela oldarraldia, erreakzio forman. Dena den, memoriari jarraiki, mugimendu feministan, hamarkadaz hamarkada, emakume* askok -baina ez hainbestek- iraunkorki lan egin du, asko edo gutxi izan, egunerokoan. Olatuak ez dira kasualitatez etortzen. Iritsiko dira beste batzuk. Feminismoak ez du atzera bueltarik. Heriotzak ere ez du atzera bueltarik izaten. Horregatik da garrantzitsua emakumeen* aurkako biolentzia egiturazkoari erantzuteko bideak argiak izatea. Eta ardurak banatzea, eta baliabideak izatea. Erakundeetatik hasi, mugimendu sozialetatik pasa eta norbanakoetaraino -baita komunikabideak ere: morboak eta detaileek zertarako balio dute zehazki?-. Erantzukizun desberdinarekin, baina hemen gizonek emakumeak* hiltzen jarraitzen dute, menperatzen gaituen sistema oso baten barruan. Eta lehen mailako arazoa beharko luke agenda guztietan, ez emakumeenean*, ez feministenean. Gaur-gaurkoz, ez dago. •