GAUR8

Babesleku konplikatuak


Ezkutuko hitzordu baterako leku aproposak dira ospitaleak. Inork ez daki kafe makinaren ondoan eserita dagoen bikotea beren dibortzioaz hizketan ari den, lapurreta bat prestatzen edo eztabaida politiko garrantzitsu batean katramilatuta dagoen. Ospitaleko korridore zuriek ia guztiok berdintzen gaituzte, bai behintzat soinean ipurdi bistan uzten zaituen mantala eraman dugunok. Berdin du ezinezko maitasun istorio bat den zurea, Euskal Herriko bankurik handiena lapurtzera zoazen edota Elkargoko lehendakaritza eskuratzeko estrategia pentsatzen ari zaren, guztiak gara ohearen gainean dagoen arbeltxo karratuko zenbakia, eta, jarraian, eskuz idatzitako izena.

Denbora geldotzen da intimitatea gortina zimurtu batek banatzen duen gelan, gosea gutxitu janaria burdinazko erretiluetan iristerakoan eta bizipoza ere gaixotzen doa ahapeka hitz egin eta botikek ohera lotzen zaituztenean egin beharreko irribarre behartuetan.

Gorputzak memoria du, leku batzuetara hurbildu eta diafragma korapilatzeak gogorarazten dit niri min fisikoa nonbait lekutzen dela. Oroitzapenekin ere gertatzen zait sabelaldea korapilatzearena, baina azken boladan nahi baino gehiago bisitatu behar izan dut ospitalea, eta oraindik gerturatzen naizenero sumatzen du zerbait gorputzak. Eguneroko paseoak eskaileretan gora eta behera ibiltzearengatik aldatu behar izan nituen. Gogogabetu nau espazio itxian egon beharrak, baita leihotik beste eraikin zuri bat besterik ez ikusteak ere.

Baina toki bat toki jendeak egiten duela irakurri nion norbaiti, eta horretan berresteko lagundu dit egonaldiak. Lorez bete zidaten gela gertukoenek, bisita sorpresez eta nire mututasunaren (eta muturtasunaren) aurrean pazientzia infinituz. Desagertzen diren joan-etorriak izan dira beraienak, ordea, egunero ospitalea leku bertako langileek egiten baitute.

Edozein arratsaldetako hitz aspertuan nik ere kritikatu izan dut Osakidetza, madarikatu dut telefonoz bestaldeko langilea medikuarekin hitzordua deitu eta bi astera emateagatik, haserretu naiz Onkologikoaren pribatizazioa salatzen duen prentsaurrekora joatea egokitu zaidanean, baita iraungitako txertaketak direla eta azaleratu den kudeaketa eskasaren enegarren adibidean.

Osakidetza kudeatzen duten trajedunak, ordea, ez daude ospitale izena jarri dioten lekuan. Horiek ez daude greban; medikuen greba hasi zenetik bi aldiz jo behar izan dut larrialdietara, erdi lotsatuta, baina oinazea garrasika. Badut akituta dagoen lagun mediku bat, akituta guardia luzeez, atsedenik gabeko lanegunez eta erregulatu gabeko jardunaz, eta hala ere hilabetero grebara jotzen du. Zerbitzu minimoak egokitu zitzaizkiolako egin genuen topo larrialdietan, eta eskutik helduta lasaitu ninduen, leku arrotz hori goxoago eginez, hitz arraroak gure hizkuntzara itzuliz; zorionez humanoki lan egiten dutenak ere badaude ez-lekuetan.

Hurrengo egunetan ere grebara joko dute medikuek. Baldintza duinen alde, 30 urtez berritu gabeko hitzarmena egungo egoera eta baldintzetara ekartzea eskatuz. Murrizketak eta pribatizazio politikak salatuz, hizkuntza eskubideak urratu ez daitezen neurriak proposatuz.

Jendeak egiten du leku bat babesleku, baina horretarako baldintzak sortzea garrantzitsua da. Osasun langileek horixe eskatzen dute, egun eta gau lanean ari baitira osasun publikoaren alde, herritarrak sendatzeaz gain zaintzeko ere arnasa izan dezaten. •