
Udalak bultzatzen duen Getxo Antirrazista Estrategiak antzerki talde bat sortzeko ekimena jarri du abian, «arrazakeriaren aurkako jarrera eta diskurtsoa ikusarazteko».
«Getxo Antirrazista antzerki taldea osasun integralaren eta kultur trukearen aldeko Izargata erakunde getxotarrak dinamizatuko du», azaldu du Udalak ohar bidez.
Zehaztu duenez, pertsona guztiei irekitako ekimena da. «Horregatik, aurrera eramango dugun prozesuan parte hartzera animatzen dugu, Getxoko bizilagunek sortutako piezekin, horiek direlako zuzenean migrazioari eta kultura-aniztasunari buruz udalerriko hainbat lekutan gertatzen diren zurrumurruak, aurreiritziak eta elkarrizketak ezagutzen dituztenak», adierazi du Mihaela Jilavu Immigrazio eta Kulturartekotasun Zerbitzuko zinegotziak.
Taldea sortzeko lehen fasean bi saio prestatu dituzte. Lehenengoa apirilaren 28an izango da Romo Kultur Etxean, eta bigarrena maiatzaren 19an egingo dute, Villamonteko Kultur Etxean. Saio biak 18.00etan hasi eta bi orduko iraupena izango dute.
Antzerkiaren inguruko zenbait tailer dinamiko izango dituzte parte hartzaileek, taldea sortu eta publikoaren aurrera eramango duten antzezlanaren edukia sortu baino lehen. «Lana ebaluatu ondoren, hurrengo fasean, irailetik abendura», entseguak egingo dituzte «aktore-taldearekin, figuranteekin eta laguntzako eta logistikako langileekin».
Ekimenaren inguruko informazioa eta izen-ematea antirumores@getxo.eus posta elektronikoan egin daiteke, edota 662 425 662 telefono zenbakira deituta.