GAUR8

Liztor asiarren aurkako kanpaina berri bat abiatu dute Aiaraldean

Liztor asiarren koloniak murrizteko kanpaina berri bat jarri dute abian Aiaraldean, herritarren parte hartzearekin. Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Aiarako Kuadrillak banatuko du materiala tranpa berriak jartzeko.

Liztor asiarren habia, artxiboko irudian
Liztor asiarren habia, artxiboko irudian (Idoia ZABALETA | FOKU)

Arabako Foru aldundiarekin lankidetzan, urtero liztor asiarren (Vespa velutina) harrapaketa kanpaina jarri du abian Aiarako Kuadrillak, herritarren laguntzarekin. Horretarako, hainbat tresna banatuko ditu erlezainen eta Aiarako, Arztiniegako eta Okondoko herritarren artean.

Herritarren parte hartzea eskatu dute, espezie horren kolonia berrien kopurua murrizteko, «biodibertsitatea galtzearen eta erleen eta fruta-arbolen ekoizpena murriztearen erantzule handia baita, besteak beste».

Apirilaren lehengo egun hauetan hasiko da tranpak jartzeko fasea, eta maiatzaren 15ean amaituko da. Horretarako, tranpak (poteak) eta erakargarri homologatuak banatuko ditu Kuadrillak. Zehaztu dutenez, aurreko kanpainetako poteak dituztenei aurreikusitako egunetarako beharrezkoa den erakargarri dosia emango zaie. Ur-potea edo botillatxoa eraman beharko dute substantzia hori jasotzeko.

«Tranpak, ahal dela, ur-puntuetatik, ibaiertzetatik, fruta-arboletatik, erlauntzetatik eta lehenago kaltetutako eremuetatik hurbil» kokatu behar direla gogoratu dute.

Kuadrillak, halaber, jarraipen-fitxa bat emango du, nahitaez bete behar dena, tranpen kokapena eta liztor asiarren eta harrapatutako beste intsektuen kopurua adieraziz.

Kanpainan parte hartzeko, apirilaren 7an eta 8an banatuko dute materiala Aiarako Kuadrillak Arespalditzan duen egoitzan, 11.00etatik 13.00etara. Bertaratzeko arazoak izatekotan, Kuadrillako Ingurumen sailarekin kontaktuan jartzeko aukera dago, 679 791 933 telefono zenbakira deituta.