Bekatuan eta uros
Bekatuan uros bizitzeko aldarria hedatuko da gaur, hirugarren urtez jarraian, Atharratzeko kaleetan, Bekatu’uros egunean. Gorputz eta ahots disidentez, bekatuz, girgileriaz, koreografiaz, sare transfeministaz beteko dira Zuberoako bazterrak. Egun oso batez, hantxe juntatu izana ospatuko dugu, elkar ezagutuko dugu, elkarrekin kantatuko, dantzatuko dugu, sarea sendotuko dugu. Akordatuko gara iazko ekainean Prefostan agertu ziren pintaketa homofoboekin; adoretuko gara hurrena ere halakoei ozen eta fuerte erantzuteko. Egun polit-polit bat pasatuko dugu, indarra emango diguna, bihar-etzi norbera bere etxera itzulitakoan, honetan sinesten jarraitzeko.
Aldi berean, beste puntan, Plentziako Danontzat gaztetxean, Uribe Kostako Ukatu sexu-genero disidenteen asanbladaren sei urteko ibilbidea ospatuko da. Egun oso batez, iritziak konpartituko ditugu, poesiaz gozatuko dugu, elkarrekin kantatuko, dantzatuko dugu, lagun berriak egingo ditugu, topa egingo dugu sei urteon alde, eta datozenen alde ere bai, jantziko gara nahi bezala, eta erantziko, hantxe juntatu izana ospatuko dugu elkarrekin.
Ez da kasualitatea bi festaok bat egin izana. Elkargune, topaketa, jaialdi kuirrez josi dugu urtearen lehenengo erdi hau. Kuirrez, transfeministaz, desbiauz, bekatorosez. Prestatu dira hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak. Atera dira karroak, marianitoak, bozgorailuak kaleetara. Hitz egin da gai konplikatuen inguruan. Ekarri dira dantza pauso berriak pistara. Sendotu dira harremanak, eta beraz sareak, eta beraz estrategiak.
Aurreko asteetan Andoainen, Iurretan, Bilbon, Ondarroan nola, Atharratzen eta Plentzian elkartu gara gaur. Eta jarraituko dugu elkartzen; kaleak hartzen, normak puskatzen, aldarriak hedatzen, bekatua goratzen, heteroaraua ukatzen. Eta elkarrekin egun polit-politak pasatzen, bekatuan eta uros. •