Espazioan nabigatzen

Espazioan nabigatzen bezala ibiltzen naiz maiz (larregi) txoko honetatik, jakin badakidanez. Apika mundu anker honetatik ihes egin nahiak mantentzen nau gora begira, baina egiari zor, kontsultatzen ditudan hedabide anitzetako zientzia atalak ere espazioarekin loturiko berriz josiak daude, gero eta gehiago. Gaiari iskin egin nahi izan diot, daitort, baina gai bila efemerideetara jo dudanean ezin izan diot patuari aurre egin; gaur, apirilaren 12a, Giza Hegaldi Espazialaren Nazioarteko Eguna da! Yuri Gagarin lehen espazioko nabigatzaile (edo “kosmonauta” grezieratik, amerikar eskolako astronautak izarretako nabigatzaileak diren bitartean) bihurtu zela 64 urte betetzen dira gaur, doi-doi, eta hala, 1963an Kosmonauten Egun gisa ezarri zen Sobietar Batasunean. Gerora herrialde askok mantendu du efemeridea, baita AEBek ere; 2001etik Yuriren Gaua edo “Word Space Party” ospatzen delarik, Yuriren balentriaren 40. urteurrenean eta Columbiako lehen transbordadorearen jaurtiketaren 20. urteurrenean. Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2011n jaso zuen nazioarteko egun gisa, mende erdia ospakizun.
Yuriren lehen bidaia hartatik, jende andana espazioratu da; are gehiago, espazioa bera turisten eskura dagoenetik. Zenbat diren zenbatzeko bada lehen arazo bat; espazioa zer den definitzea. FAI (Federation Aeronautique Internationale) erakundearen arabera, atmosfera eta kanpo-espazioaren arteko muga zehazten duen Karmanen lerroak banatzen du hegazkina espazio-ontzitik, 100 kilometroko altueran. AEBetako USAF (United States Air Force) erakundeak, berriz, muga hau 50 milako altueran ezartzen du, 80 bat kilometrotan. Azken irizpide honen arabera 721 pertsona (619 gizon eta 102 emakume) espazioratu diren bitartean, 682 dira FAIren irizpidearen arabera. Berrogei hauetariko gehienak espazioko turistak dira, milioi erdi dolarren truke “espaziora” 10 bat minutuz irteten direnak Blue Origin edo Virgin Galactic enpresen eskutik... Badu, beraz, negozio zentzu bat USAFen irizpideak. Denbora gehiagoko hegaldiek lurreko orbitan sartzea eskatzen dute, 150 kilometrotik gora. SpaceX enpresak eskaintzen ditu egun batzuetako iraupena duten bidaia hauek, 55 bat milioi dolarren truk. 624 dira lurra orbitatu duten nabigatzaileak, eta soilik 24 lurreko orbita baxutik (150-2000 km arteko distantzia) haratago bidaiatu dutenak.
Nabigatzaile guztiak 47 herrialdetako jatorrikoak izan arren, gehienak estatubatuarrak eta sobietar edo errusiarrak izan dira, apur bat urrunago txinatarrak daudelarik. Aukerarik baduzue, eman begirada bat espazioratu den jendearen zerrendari, geopolitika lezio polit bat aurkituko duzue zerrenda hauetan. Hasieran, herrialde ezberdinetako jendea bidaltzeko joera zegoen, baina denborarekin, potentziak indartu dira eta, orain, pribatizazioaren ondotik, dirua nazio duten aberatsak nagusitzen ari dira. Geopolitikatik klase egiturarako bidea egin daiteke espazioko nabigatzaileei begira. Nork daki, apika, urte batzuen buruan, migratzera derrigortuta daudenak izango dira espazioko nabigatzaileak! •