Maddi AIESTARAN IPARRAGIRRE

Paparreko txapak

Ez dakit zenbateraino izan zen hala, baina irudipena daukat gure ume-garaian behin eta berriz jartzen genituela txapak paparrean. Eskolako ez-dakit-ze jaialdi egiten zenean, aurpegia pintatzeko txokoaren inguruan egoten zen txapak egiteko aparatu hori, eta ondoan paperak, eta errotuladoreak, eta guraizeak, eta beste. Edo herriko jaietan, puzgarrien eta plastikozko trikimakoen txokoaren inguruan. Edo ez-dakit-ze kausagatik helduak juntatu behar baziren plazaren azpian eta umeok egon behar bagenuen hango izkinaren batean denbora pasatzen, han ere berdin. Aparatu hura nola erabili jakiten zuen pertsona bat egoten zen bertan; laguntzen zigun gure obramaestra txaparen neurrian mozten, metal zatian pegatzen, eta, begira geratzen gintzaizkion bitartean, aparatu hartan kokatzen zuen txapa eta goitik behera mugitzen zuen “palanka” hura: eta klak. Ez dakit zenbateraino izan zen hain kontu errepikatua. Askotan egin ez bagenuen ere, oso gogoan daukat txapan zer idatzi pentsatzen, nola apaindu erabakitzen, metal borobilean txukun-txukun pegatzen eta klak egindakoan eskuan hartu eta orratzarekin kamisetak zulatzen igarotako denbora.

Geroxeago, bestek diseinatutako txapak jantzi genituen. Egin genuen zulo bat ez-dakit-zeren alde, zulo bat ez-dakit-zeren kontra. Fijatu ginen ez-dakit-noren paparrean eta esan genion “agur” elkarri, txapa iguala generamalako. Harrapatu genuen trukotxoa, orratza bere lekutik sartzeko-ateratzeko, hatz puntarik ziztatu gabe.

Geroxeago, jaio zen Euskaraldia eta hedatu zen paparreko txaparen presentzia. Geroxeago, heldu zioten eskutik elkarri, euskarak eta paparreko txapak. Geroxeago, iritsi ziren bigarren, hirugarren Euskaraldiak. Eta geroxeago, egitasmoaren laugarren edizioa hasi berri denean, nahi nituzke soinean hartu euskaraz eta euskaratik elkar mugituz egingo ditugun borroken beste hamaika txapa: Aroztegiko zazpien alde, herri palestinarraren alde, erresistentzia transfeministaren alde, gorputz disidenteen alde, ameslari porrokatuen alde, grebalari nekaezinen alde, lurraren defentsaren alde eta makroproiektu askotarikoen kontra. •