Xabier Mendiguren Elizegi, Elkar-eko editorea

Aitagure bat Joxeren alde

Joxe Azurmendi eta Xabier Mendiguren, 2000n, euskal erbestearen inguruko hitzaldi batean.
Joxe Azurmendi eta Xabier Mendiguren, 2000n, euskal erbestearen inguruko hitzaldi batean. (Jon URBE | FOKU)

Garai batean, gogoko idazle bat hautatzeko galdetzen zidatenean, ez nuen izenik ematen, ezin nuela erantzuten nuen, hainbesteren artean bakarra aukeratzea ezinezkoa zelako eta nire lanbideagatik itsusia litzatekeelako ere bai. Baina, duela urte batzuk, ohitura aldatu, eta idazle-izen bat esaten hasi nintzen halakoetan, beti berbera: Joxe Azurmendi. Ez zen pentsatutako erabaki bat izan, baina, horretaz gogoeta egiten jarrita, hainbat arrazoi eman nitzakeela bururatzen zait orain.

Joxe Azurmendi izan da nik ezagutu dudan gizonik jakintsuena, beste edonorekiko alde handiz, ikaragarriz. Izango dira bera bezain jakintsuak edo jakintsuagoak ere, baina ez zaizkit parean egokitu. Ez naiz hasiko jakituria erraldoi, txundigarri, adarretatik infinitura zabaltzen zen horren adibideak ematen, motz geratuko nintzatekeela iruditzen zait eta. Baina bai esan nahi dut jakituria baino are handiagoa zuela bihotz eta eskuzabaltasuna, enpatiarekin konbinatzen zuen hurkoarekiko interes natural bat, faltsutik ezer ez zeukan apaltasun jator bat.

Talentu apartaz jaio den batek ezin du horren berri ez izan, baina bere umiltasunaren marka zen dohain hori beti besteen zerbitzura jartzea. Langile nekagaitza izan zen, azkenaldian gaitzak guztiz menderatu zuen arte, eta beti kontsideratu zuen bera euskal kulturaren aldeko behargin xume bat zela, bere ahalmenak eta ahaleginak horren alde emango zituena, zintzotasun eta kemen erabatekoz. Horren adibide dira bere biografia oparoko tituluak, asko eta asko honek edo beste horrek eskatuak, kausa noble honentzat edo beste horrentzat.

Berarekin berbetan, harrigarria zen zenbateraino zen pertsona ez-dogmatikoa, zeinahi arazoren alderdi guztiak ulertzen zekiena; baina bera, hala ere, busti egiten zen, baita zikindu ere, Jakintzaren dorre bolizkoan gorderik gera zitekeenean ere. Eta bustitze horretan ez zuen ez kalkulu partikularrik, ez printzipio potolorik erabiltzen, intuizio xehe batzuk baino: euskal andre-gizon arrunten aldeko jarrera garbia, eta euskal kulturan eguneroko lanean ari zirenenganako atxikimendu erabatekoa. Eta sen horrekin, esango nuke historiaren alde egokian paratzen asmatu zuela beti. Elizak gizartearen eta kulturaren kontrol totala zuen gizarte batean sortu eta hazi zen, eta hortik urruntzen asmatu zuen, ausardiaz. Marxismoak pentsamendua kolonizatua zuen sasoi batean eman zituen gaztaroko urteak, eta errespetuz bezainbateko ezagutzaz harremandu zen mugimendu ezkertiarrekin, totalitarismoari itzuri eginez, hala ere. Munduak hainbeste buelta eman eta gero, berarentzat ezkertiarra izatea, gaur, zertan zetzan galdetu nion behin, eta ez berba hanpaturik ez definizio biribilik ez zuen erantzun xinple hau eman zidan: pertsonarentzako askatasun eta berdintasun pixka bat lortzea. Ez litzateke gutxi, gauzatzerik izango bagenu. Azken urteetan beste mugimendu bat ari da indar hegemonikoa hartzen gurean: feminismoa. Eta ez dakit konturatu zareten, nolako argikusmena eta eskuzabaltasuna erakutsi zituen Joxe kide zuen taldeak, Jakin-ek, frantziskotar abitudun izandakoen aldizkaria eta ondare sinboliko guztia feminista euskaltzaleen talde baten esku uztean.

Artikulurako tartea amaitzen ari zait, eta irudipena dut ez dudala oraindik ezer esan, beste mila kontu geratzen direla esateko: edonori laguntzeko zeukan prestasuna, arteak oro har (musika, pintura, arkitektura eta, bereziki, literatura) ulertzeko eta preziatzeko sentiberatasuna, familiarekin eta lagunekin izaten zuen goxotasuna, denekin erakusten zuen umore ona, bere ikasleengan utzitako inpronta eta lorratz ezabaezina, munduko hainbat bazterretan bizi izandako intelektual poliglotak bere sorterriko hizkera eta jendeekin zeukan lotura, idazkera zoragarria, analisien zorrotza… Guztion besoak zabalduta ere ezin bera zen zuhaitz jigantearen gerria inguratu.

Jainkorik egon, ez dagoela esan ohi zuen Joxek, baina transzendentziarekiko sentimendua zuten gizaberetxoen keinuak maitatzen eta aintzatesten zituen. Horregatik amaitu nahi dut aitagure bat eskatzen aita moduko bat izan dugun Joxe Azurmendiren alde.