Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Askatasunaren eta herriaren aldeko euskal pentsalaria

Ezin da Joxe Azurmendi ulertu Joan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti, Paulo Agirrebaltzategi eta gainerakoak kontuan hartu gabe, Joseba Jaka gogoratu gabe, Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” aldarrikatu gabe. Era berean, bere alde edo kontra egon, ezin da Azurmendi euskal nazio askapenerako mugimendutik banatu. Bestela, ez da Joxe ulertu nahi izango, ezta berak bere burua kolektiboki non kokatzen zuen ere: herrigintzan, herriarekin, botereen aurka. Mundua ulertzeko gogoa da, hain zuzen ere, Joxek utzi digun altxorretako bat. Baita munduari begirada kritikoz begiratzeko joera ere.

Ernst Cassirer eta bere animalia sinbolikoaren bizkarrean, Filosofiaren galdera nagusiak ikasi genituen: Zer jakin dezaket? Zer egin behar dut? Zer itxaron dezaket? Eta garrantzitsuena, zer da gizakia? Marko hori ardatz hartuta, euskaldun izateak galdera horiek nola moldatzen dituen asmatzen ahalegindu ginen. Klasikoak irakurri eta ulertu genituela sinetsi genuen: Kant, Herder, Hume, susmoaren filosofoak... Frankfurteko Eskolara salto egin genuen eta pluralismoari eta erlatibismoari buruz ikasi genuen. Eta Leninekin “zer egin?” galderari beste erantzun batzuk bilatzen saiatu ginen, arrakastarik gabe, printzipioz.

Joxeren apaltasunak, bere ezagutzak eta argitasunak, eta behar zuenari laguntzeko prestutasunak, une ilunenetan herrigintzako militanteon bidea argitzen zuen pospolo bihurtu zuen. Arantzazutik Alemaniarako bidean, eta bueltan, pentsamendu sistema koherente eta indartsu bat eratu zuen. Herriaren mesedetan, Euskal Herriaren alde, askatasun gosez.

Gazte harroputz, dogmatiko edo erretxinduekin zeukan pazientzia pedagogikoa ikaragarria zen. Baita fatxekin zuen tenplea ere. Ahots-tonu leun batez, unibertsitatearen habeak dardarka jartzen zituzten ideiak esaten zituen. Zorrotza eta erradikala zen Joxe.

Hil denerako gu demokratak garela eta haiek biolentoak direla argi geratu da. Esan ohi zuen bezala, lehen ezkerretik pasatzen zitzaizkigunak orain eskuinetik pasatzen zaizkigu. Beren kosmopolitismoa paumen gisara erakusten zutenek nazionalismoaren eta autoritarismoaren bertsio okerrenak bere egin dituzte. Arrazoirik ez zuten; lotsarik ez dute sekula izan.

Arrazoia izateak ez gaitu askatu, ordea. Kontrakoa gertatuko zela uste bagenuen, ez genuen arretaz entzun. Joxek politikagintzan egin zituen sartu-irtenak beti izan ziren zuhurrak eta errespetuzkoak. Pentsatzen zuena ez esateko konpromisoa zuen, mundu guztiak libreki esaterik ez zuen arte. Printzipio horrek bere kritika zentzudun batzuk ezagutzea galarazi zigun. Baina tranpa askotan ez erortzen lagundu zigun.

Kooperatibismoa sozialismoa da... edo hala izan dadin lan egin behar da. Nafarroa Euskal Herria da... edo lan egin behar da izan dadin. Euskara euskal herritarron hizkuntza da... edo lan egin behar da izan dadin. Beti lan egin behar baita askatasuna gailendu dadin diktaduraren aurka, berdintasunak mendekotasuna garaitu dezan, adimenak ergelkeriari merezi duen jipoia eman diezaion. Lanaren, diziplinaren, militantziaren kultura belaunaldi horiek utzi digutenaren ondarearen parte da. Ez dezagun ahaztu, ez gaitezen nahastu. Lan horrekin jarraitu besterik ez dugu. •