
Mercedes Sosa (San Miguel de Tucuman, 1935eko uztailak 9-Buenos Aires, 2009ko urriak 4) Argentinako eta Hego Amerika osoko kantaririk maitatuenetakoa izan zen. Giza eskubideen defendatzaile sutsua eta Argentinako diktadura militarrean erbesteratua, erresistentziaren eta ezkerreko ideien ikur izan zen 70eko hamarkadan.
Mercedes Sosa gibeleko gaixotasunak jota hil zen 74 urte zituenean, Buenos Aireseko ospitale batean. Bere ahots sopranoaren berotasunak eta transmititzen zuen emozio sakonak nabarmendu zuen bere kanta. Handia zen ‘La Negra’. «Iraultzei, desjabetuei, herrien borrokari, erbesteratuei eta askatasunari... ahotsa jarri zien», idatzi zuen GARAk bere editorialean.
‘La Negra’ Sosa (hala esaten zioten maitasunez) Movimiento del Nuevo Cancionero delakoaren sortzaileetako bat izan zen, 60ko hamarkadaren hasieran, bere senarra izandako Manuel Oskar Matus musikariarekin batera. Mugimendu artistiko horrek proiekzio kontinentala eman zion folklore argentinarrari, musika herrikoia indartsu hedatzen lagundu zuen eta ikuspuntu berritzailea gehitu zion ordura arteko musika tradizionalari.
40 diskotik gorako uzta eman du Sosaren ibilbideak. 1962an kaleratu zuen bere lehen lana, ‘La voz de la zafra’ izenekoa. Hiru urte beranduago, 1965ean, Nuevo Cancionero mugimenduaren ikur bihurtuko zen diskoa argitaratu zuen, ‘Canciones con fundamento’.
Hego Amerikako poeten hitzak zabaltzea lortu zuen: Jorge Cafrune, Violeta Parra –autore txiletarraren abestiak hilezkor bihurtu zituen–... eta bat batean, militarren estatu kolpea iritsi zen.
1979an erbestera joan zen: Paris, Madril... Europan barrena kantatzen aritu zen, 1982an, militarren diktadura amaitu aurretik, Argentinara itzuli zen arte.
Memorian iltzatuta gelditu zaizkigun kantak egin zituen: ‘Alfonsina y el mar’, ‘Todo cambia’... Eragin handia izan du mundu osoko musikoen artean, baita ere euskaldunen artean: horrela aitortu dute gure orrialdeotan Thierry Biscaryk, Iratxe Mugirek edo Itziar Ituñok.
Lila Down mexikarrak behin baino gehiagotan aipatu du ‘La Negra’ erreferente legez. Beraz, hemen ‘opari’ hau: ‘Razón de vivir’.