GAUR8

Ermua, Eibar eta Zaldibarko alkateek udalerrien arteko bidea suspertzeko hitzarmena sinatu dute

Eibar, Zaldibar eta Ermua udalerriak zeharkatuko dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako bidearen proiektuari ekiteko hitzarmena sinatu dute hiru alkateek, luzaroan esperotako egitasmo bat abian jarriz.

Eibar, Ermua eta Zaldibarko alkateak, hitzarmenaren sinaketan.
Eibar, Ermua eta Zaldibarko alkateak, hitzarmenaren sinaketan. (Eibarko, Ermuko eta Zaldibarko udalak)

Eibarko, Zaldibarko eta Ermuko udalek akordioa erdietsi eta hitzarmena sinatu berri dute hiru udalerrien arteko oinezkoentzako eta bizikletentzako bidearen proiektuari ekiteko.

Hiru udalotako iturriek jakinarazi dutenez, akordioa «urrats garrantzitsua» da inguruko udalerrien arteko lankidetzan, eta «mugikortasun iraunkorra, lurralde lotura eta herritarren bizi kalitatea hobetzearen aldeko apustu sendoa islatzen du».

Bada, Beatriz Gamiz Ermuko alkateak, Jon Iraola Eibarkoak eta Eneritz Azpitarte Zaldibarkoak hiru udalen arteko akordioa izenpetu zuten asteartean, uztailaren 22an, Ermuko Izarra zentroko auditoriumean.

Luzaroan esperotako proiektua da hau, hiru udalerrietako ordezkariek onartu dutenez. «Ermua eta Eibar lotuko dituen proiektu berria bide atsegin, seguru eta jasangarri gisa pentsatuta dago, herrien artean oinez edo bizikletaz modu erosoan mugitu ahal izateko», aurreratu dute.

Beatriz Gamiz Ermuko alkatearen esanetan, «urrats sendoa eta beharrezkoa» da hitzarmena «proiektu eraldatzaile bat desblokeatzeko», eta gaineratu duenez, «udalerrien arteko lotura fisikoa hobetzeaz gain, gizarte eta lurralde kohesioa ere hobetzen du».

Herritarren eskari bat «luzaroan»

Jon Iraola Eibarko alkateak adierazi du bidea «herritarren eskaria» izan dela «luzaroan». Zehaztu duenez, «pertsona askok adierazi dute eguneroko joan-etorriak egiteko aukera emango duen ibilbide bat behar dugula, autoaren mende egon gabe eta errepide bat gurutzatu behar izan gabe».

Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkateak akordioaren garrantzia azpimarratu du, eta proiektuari esker Ibur-Errekari emango zaion sarrera duina edota herritarrek izango duten behar bezalako espaloia eta bizikletentzako bidegorria azpimarratu ditu.

Sinatu duten akordioan adostu dute hasierako proiektuaren eguneratze teknikoa egitea, «etorkizuneko bidea mantentzeko ereduaren definizioa eta inplikatutako administrazioen arteko erantzukizunen banaketa proportzional bat».