
Etxeetako pantaila bakarra telebista zenean, bazkalostean Tourra elkarrekin ikustea udako ohitura zen, bai eta gero egunkariko porra egitea ere. 1990ko hamarkadan, Euskal Herriko ia etxe guztietan berdinaren alde egiten zuten apustu: Miguel Indurainen alde, alegia. Izan ere, nafarra gurpil gaineko erregea zen, Euskal Herrian zaletasuna sustatzen lagundu zuena. Dena irabazten zuen sentsazioa zen nagusi, eta bera animatzeko abestia ere bolo-bolo zebilen kalean.
Erlojupeko bi etapa irabazi ostean, 1991an irabazi zuen bere lehen Tourra. 1992an, berriz, Tourra eta Giroa irabazi zituen, Giroa irabazten zuen lehen euskal herritarra bilakatuz. Hurrengo urtean palmaresa errepikatu zuen.
1994an ez zuen Giroa irabazi, baina Tourra bai. Azkenik, bosgarren Tourra 1995ko uztailaren 23an irabazi zuen, gaur 30 urte. Tourra bost aldiz jarraian irabazten zuen lehen txirrindularia bihurtu zen hala, garaiezina zenaren itxura emanez. Alabaina, horren ostean gainbehera etorri zitzaion. Hurrengo urtean, Dauphiné Libéré eta Atlantako Joko Olinpikoetan urrezko domina irabazi bazituen ere, Tourrean 11. postuan gelditu zen. 1997an txirrindularitza utziko zuela iragarri zuen. Hala ere, lortutakoari esker, txirrindularitzako mito handietako bat bilakatu zen.
Euskal Herriko kirolaririk garrantzitsuenetakoa izanik, bere izena daraman txirrindularitza proba bat egiten da Lizarran. Era berean, 1998an kirolari gazteen sustapenerako Miguel Indurain Fundazioa sortu zuen.