Burokrazia

Azkenaldian profesional eta akademiko askoren ahotan entzun dut lanorduen portzentaje nagusi bat «papeleoa» egitera dedikatzen dutela eta lanaren alderdi sortzailearen denbora zeharo murriztua gelditu zaiela. Izapideak, baimenak, dirulaguntzak, kontsulta-orriak bete, formularioak, justifikazio-ziurtagiriak. Lan horri gehitu askotan online ekintzak direla eta informatikak akats egiten duenean sortzen duen kaosa. Batzuetan prozedura administratiboaren sistemak sortzen ditu lan gehigarriak; besteetan dagoeneko sistema informatikoan dauden datuak gaineratzeko lana egin behar da. Denbora galtzearen sentsazio nekeza. Zeozer burutu aurretiko kudeaketa-lanen karga desorekatua kexa orokortua da, eta gizarte moduan zer pentsa eman beharko liguke. Zenbat energia dedikatua prozedura nahaspilatsu batean, zeina ongi funtzionatzeko beharrezkotzat jotzen dugun, baina gure berezitasunetik gehien eskatzen duten eginkizunetarako energia gehiegi lapurtzen duen, ahiturik iristeraino batzuetan. Administrazioaren antolaketa eraginkor baten atzetik gabiltzala ez ote garen egoera zentzugabea sortzen ari.
Tramiteen denbora murrizteak administrazio publikoaren helburu nagusi bat izan beharko luke. Baina bestaldean, egia da badirela tramiteetako prozedurak maite dituzten pertsonak, kontrol sentsazioa eskaintzen dielako, konplexutasuna ondo egindako bide baten bermea izango balitz bezala. Gure administrazio sisteman, den-dena arautu nahi dugu, eskubideak bermatuta egon daitezen alde batetik, eta kontrol eta fiskalizatze eskaeragatik beste alde batetik. Helburuak denok konpartitzen ditugu eta zilegi dira, baina askotan sinplifikazioa prozedurak diseinatzeko garaian helburutzat izatea ez legoke sobera ere. Britainia Handian, esaterako, arautze zehaztu baten ordez, gida orokorrak ezartzen ohituak daude, eta irizpideen aplikazioa irekiago gelditzen da aplikatu behar dutenen artean eskumen handiago utziaz. Kontrol gutxiago akaso, konfiantza handiagoa, errealitatearen doikuntzarako malgutasun zabalagoa. Kontrola non jarri behar den eztabaidatu daiteke, eta kontrola beharrezkoa duten gaietan burokrazia konplexuagoa ezarri, baina eragin gutxiagoko eragiketetan, lausotu.
Ohikoa da dirulaguntza askoren tramite korapilatsuagatik askorentzat ez konpentsatzea burokrazia eta nahiago izatea laguntzarik gabe aurrera ekitea (batzuetan laguntzen eskakizun eta baldintzek behartua). Ezaguna da next generation funtsen burokrazia konplexua; zenbat ikastaro eman diren ulergarritasuna errazteko eta zenbat truko bidean trabaturik ez gelditzeko. Hain da konplikatua, ezen dirua ez baita behar duen lekura iristen. Berriz ere gertatu da energia aurrezpenerako eta zaharberritzeetarako dirulaguntzen portzentaje altu bat dirurik gabe gelditu dela, tramitazioan akats edo gabeziaren bat izan eta tramitetik kanpo geldituta. Helburua dirua behar den eremuetara iristea baldin bada, ezin du prozedurak huts egin eta erraztasuna gakoa da, konplexutasunak beste leku batean egon behar baitu. •