Nerea Sancho Esnaola
Sexologian eta bikote harremanetan espezializatutako psikoterapeuta

Altxor iberikoak: toalla lapurtuak eta pintxo umezurtzak

Collage: Mendipetroleoak. SENSATHLON
Collage: Mendipetroleoak. SENSATHLON

Ilusioak beti egin behar dio itzala beldurrari, aurrera egin nahi baduzu. Etxe bat erosteak beldurra ematen badizu... itxoin ilusio berezia egiten dizuna topatu arte. Oporraldiak aukeratzeko, berdin (ahal baduzu!).

Aste honetan pentsatzen egon naiz... ea zergatik lapurtzen dituen jendeak toallak hoteletan oroigarri modura. Anonimatoaren sentsazioak bultzatuta, nonbait.

Eguneroko bizitzan boterea ez dugunean, lanpostuetan zanpatuak sentitzen garenean eta politikan txorizo estrukturalek gure bizimoduak baldintzatzen dituztenean, gure izaera iberikoa ateratzen dugu. Bihurrikeria hauek urteko duintasun zorrak kitatzen laguntzen digute.

Bihotza urtzen dit bakoitzak bere lanpostuan dituen soberakinek sortzen dituzten eskuzabaltasuna eta zoriona (benetan diot) zabaltzen ikusteak. Gure familiako lagun batek ogi labeak ekoizten dituen lantegi batean dihardu. Labe hauek probatu behar dituzte erosleari entregatu aurretik. Eta hara! Zein den bere ekoizpen-soberakina: DEMO ogiak, bolloak, palmeritak eta sagar tarta txikiak. Ummm, zorionekoak gu!

Zein da zure aktibitatearen soberakina? Dendan abandonaturik pilatzen diren aterkiak? Fotokopiak eta folio eta boligrafo eskukadak? Emanaldietarako sarrera bikoitzak? Umezurtz geratu diren pintxo goxoak?

... egunerokoari zentzu extra bat ematen dio, leku bat munduan, harrotasuna, duintasuna eta gizatasuna. Dena batera. Egunerokoa erdigunean. Hori miresten dut nik, egunero itsasoan bainatzen diren zoroak, eguzkiak kiskaltzen duen edo 5 gradutan euri zaparrada azpian dauden inporta gabe… ez daudelako asteburuaren zain, oporren zain, une perfektuaren zain… eguna da zikloa eta bertan gertatzen da bizi beharrekoa.

Idealaren eta errealitatearen artean onarpena dago. Hori jakinduria.

Hotel batzuek, jakinda toallak eramango dituztela, bertan idatzitakoa aldatu dute, «Hotel Californiako oparia da hau». Parisen hainbeste manifestazio daude, ezen telebista kanal bat baitute espresuki guztiak emateko. Onartu ala hil.

Harreman afektibo batzuetan errealitatea dekoratzen da. Eta dekoratuta erakutsi sareetan. Baina hori da, dekoratu bat. Onarpenak 0 zero, postureoak 1 bat. Baina ibilbide motza du horrek.

Zer gertatzen da paziente bat kontsultara berandu etortzen bada? Gauza asko.

Horien artean (psikologoen izenean hitz egingo dut), terapeuta deskontzentratzen doa, desmotibatzen, eta irudikatzen hasten da denbora librea izango duela. Hau da egia gordina. Berdin du saioa aldez aurretik ordainduta dagoen ala ez. Ez iritsi berandu. Berandu bazatoz, mezu bat bidali. Ez desestrukturatu. Onartu ez zarela garaiz iritsiko.

Gauzak atzeratzen joatea garesti atera ohi da. Zailtasun sexual asko garaiz ez harrapatzeak esan nahi du zure bikoteak utzi egingo zaituela, zuen harremanak pott egingo duela, ezingo duzula ama edo aita izan garaiz... hitz batean, doakizun bizitzako etapak ihes egingo dizula.

Sexologoa bisitatzea maldan gora bizikleta elektrikoan igotzea da. Pedalari behin eman eta aurreraka bultzadan zoaz. Eta behin hor zaudela, posible baduzu, modu koordinatuan jardun! Terapia kontrajarriak, Interneteko baliabideak superbisiorik gabe... dena nahastuta... ez da ideia ona izaten!

Trantsizioak zubiak dira. Zubi baten albo batetik abiatu zara, baina ez zara beste ibaiertzera iritsi. Erdian zaudenean, beti aurrera! Ez zoratu. Ekin. Sinistu prozesuan. Konprometitu. Aurrera!

Meca rapid etorri zait burura. Mekanografia ikasteko akademiak ziren. Ji ji. Ze garaiak haiek.

Nire garunaren abiaduran idatzi nahi nuen nik. Behar bat zen niretzat! Hatzek ez zioten nire buruari jarraitzen hasieran... baina ikastaroa eta gero... hori beste gauza bat zen! Zure gorputzak ondo erantzuten dizu? Entrenatu egin beharra dago. Mekanografiara ezkutuan apuntatu nintzen ni... eta dirurik gabe gelditu nintzenean, gurasoei aitortu nien. Hori XX. mendearen ertzean izan zen. Neu ere iberikoa. EZ NAIZ INOIZ HORRETAZ DAMUTU. •