Ekoantsietatea

Krisi klimatikoa errealitate bat da. Klima-aldaketak, gure planetako ekosistemei ez ezik, gure osasun fisiko eta mentalari ere eragiten die. Aldaketa horien berehalako ondorioak argiago ikusten dira hondamendi naturalen ondoren: trauma, hunkidura, trauma osteko estresaren nahasmendua, abandonu-sentimenduak, antsietatea, depresioa.. Eez bakarrik klimarekin lotutako gertaera traumatikoekiko zuzeneko esposizioaren bidez, baita zeharkako ondorioen bidez ere, hala nola pobrezia, langabezia eta etxebizitza-falta.
Klima-aldaketarekiko kezkak eta natura osoan dituen ondorioak estres-iturri izan daitezke, eta eguneroko kezkei gehitu beharreko estres. Ekoantsietatea arrazoi ezberdinengatik gerta daiteke. Alde batetik, jatorrizko lekutik alde egin behar izanagatik edo ondoez psikologikora eramaten duen ingurumen-kontzientzia garatua izateagatik. Jasaten ari garen ingurumen-aldaketen ondorioz, biodibertsitatearen zati handi bat galtzen ari da, eta leku jakin batzuk bizitza posible egiten duten baliabiderik gabe geratzen ari dira. Arrazoi klimatikoak bultzatuta nahitaez emigratzen duten pertsonek, bizilekuz aldatu behar izatean jasaten duten aldaketaz gain, beren lurra, ingurunea nola suntsitzen den ikusteagatik sufritzen dute. Naturarekiko atxikimendua eta kontzientzia duten pertsonek desosegu emozionala jasaten dute, eta, gainera, frustrazio-sentsazioa izaten dute, ekintza indibidualek duten botere eskasagatik.
Horrela, pertsona zein izaki bizidun askok benetan sufritzen dute planetan eragiten ari garen efektuengatik. Halaber, muturreko gertaera klimatikoen estaldura mediatikoaren eraginpean etengabe dauden pertsonei ere eragin diezaieke, baita etorkizuneko hondamendien etengabeko mehatxuarekin bizi direnei ere.
Ekoantsietateaz gain, asko dira krisi klimatikoaren ondorioz gertatzen diren ondorioak. Alderdi psikologikoei dagokienez, aldaketa horiek aldaketa fisiologikoak eragin ditzakete. Gure prozesu fisiologiko oinarrizkoenek, lo egitea edo elikatzea, adibidez, naturaren eragin handia dute. Eguzkiaren argiak edo tenperaturak erritmo zirkadianoei eragiten die, eta neurotransmisoreak erregulatzen ditu, gure osasunari eta gogo-aldarteari eragiten dietenak. Beraz, gure inguruko aldaketa erradikalek gure organismoaren oreka kolokan jartzen dute maila guztietan.
Kontzientziazioa, autozaintza eta ohitura ekologiko onak funtsezko tresnak dira krisi klimatikoarekin lotutako erronka emozionalei aurre egiten laguntzeko eta buruko erresilientzia handiagoa sustatzeko. Baina aipatu bezala, ekintza indibidualek lagundu arren, ekintza kolektiboak dira indarra dutenak, eta, beraz, garrantzitsua da politika-mailan zer neurri hartzen ari diren eta alderdiek zer planteatzen duten jakitea. Horrela, hautetsontzietan ere erabakiak hartu ahal izango ditugu. Ingurumen-arazoa globala denez, nazioarteko erakundeek irtenbideak dinamizatu beharko lituzkete.
Helburu garrantzitsuenetako bat etorkizuneko belaunaldiekiko dugun erantzukizuna da. Etorkizuneko izakientzat “mundu hautsi” bat uzteak gizateriak lortutako printzipio etiko asko kontraesanean jartzen ditu. Krisi klimatikoak eta ekosistemetan izandako inpaktuak, guri ez ezik, izaki bizidun askori ere eragiten die. Giza sufrimendua ez ezik, beste espezie batzuena ere kontuan hartzeko beharra azpimarratzekoa da.
Amaitzeko, klima-aldaketak planetaren bizitzan duen inpaktuak ez die ekosistemei eta osasun fisikoari bakarrik eragiten, pertsonen funtzionamendu mentalari ere eragiten dio. Ingurumen-aldaketak eragin nabarmena izan dezake gure existentzia esperimentatzeko moduan. •