GAUR8

Herriko dendetan erosteko Udalaren deia: ‘Badaezpada, Bermeon erosi’ kanpaina

Herriko merkataritzari bultzateko kanpaina jarri du abian Bermeoko Udalak, Behargintzarekin elkarlanean, herrian erostera deituz. ‘Badaezpada, Bermeon erosi’ lelopean, herriko dendetan erosteak herriko bizitzaren eta etorkizunaren aldeko apustua dela nabarmentzen du kanpainak.

Herrian erostea herriko bizitzaren eta etorkizunaren aldeko apustua dela nabarmendu du Bermeoko Udalak merkataritzaren aldeko kapainan.
Herrian erostea herriko bizitzaren eta etorkizunaren aldeko apustua dela nabarmendu du Bermeoko Udalak merkataritzaren aldeko kapainan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bermeoko Udalak, Behargintzaren bitartez, herriko merkataritzari laguntzeko ekimen berri bati ekin dio ‘Badaezpada, Bermeon erosi’ kanpainarekin.

Udalak ohar batean azaldu duenez, helburua bezeroak fidelizatzea eta herriko saltokiek gehiago saltzea da. Kanpaina honen bidez, herrian erosteko deia egiten da, tokiko merkataritzari laguntzeko. Era berean, sektorearen lana eta bizi-kalitatea sortzearen garrantzia nabarmendu nahi da.

«Herritarrek Bermeon erostea gure herriaren bizitzaren eta etorkizunaren alde egitea dela sentitzea nahi dugu», adierazi dute udal ordezkariek.

Bermeoko Udalak egindako aurreko kanpainetan bezala, urdinezko bi tonuko aterkiak banatu dira kanpainari atxikitako saltokietan. Euritakoak bertako artista batek sortutako irudi bat dauka, Bermeoren esentzia eta nortasuna islatzen dituena. Ekimena herriko jaiekin batera eta udazkenean garatzen da, eguraldia azkar alda daitekeen garaian.

Aterkiez gain, kanpainaren leloa duten pegatinak banatuko dira, gainazaletan, osagarrietan edo ageriko lekuetan erakutsi ahal izateko. Tokiko 45 saltokik parte hartzen dute ekimen honetan, eta aterkiak emango zaizkie gutxieneko erosketa bat egiten dutenei edo bezeroen konfiantza eta fideltasuna aitortzeko.

«Bermeon erosteak herriaren esentzia bizirik mantentzen laguntzen du, eta elkar zaintzeko modu bat da, hortaz, herritarrak gonbidatzen ditugu herrian bertan, bertokoa erostea, konfiantzaz», adierazi dute udal arduradunek.