Sapiosexualitatea

Izaki sozialak garen heinean, besteekin lotzeko beharra errotuta dago gure izaeran. Eta lotura horretan oinarritzen da, hein handi batean, desiraren bidez eusten zaion erakarpena. Erakarpena lagun dugu bizitzako etapa guztietan, haurtzaro goiztiarretik zahartzarora. Giza izaerari datxekio. Lotura esanguratsuak bilatzera eta inguratzen gaituen mundua arakatzera bultzatzen gaituen indar bat bezalakoa da, ederra, interesgarria edo benetakoa dugunaren bila. Gure esentziarekin bat datorrela sentitzen duguna. Ondorioz, pertsona askorenganako erakarpena senti dezakegu, eta, gainera, mota eta intentsitate desberdinetakoa.
Aisialdia, ohiturak, itxura, umorea... zergatik erakartzen gaitu pertsona batek? Zeri erreparatzen diogu norbaitenganako erakarpena sentitzen dugunean? Besteekin konektatzeko dugun modua larruazaletik eta irudi batetik haratago doa. Gizakia hain da aberatsa eta apartekoa bere ñabardura guztietan, ezen ezinbestekoa baita alderdi bat baino gehiagoz liluratuta geratzea. Norbaitenganako erakarpena sentitzen dugunean, ez dugu zalantzan jartzen eta ez dugu barrutik eztabaidatzen zergatiei edo moduei buruz. Besterik gabe gertatzen da, eta horrek esan nahi du pertsona horrekin egoteko gogoa dugula eta bete dadin saiatzen garela.
Zergatik da adimena hain kitzikagarria batzuetan? Zergatik gertatzen da pertsona batzuentzat faktore intelektuala hain jarkiezina? Adimena sexu-erakarpeneko faktore nagusitzat jotzen duten pertsonak izendatzeko erabiltzen da “sapiosexual” kontzeptua. Termino honen jatorria “sapiens” hitzetik dator, jakintsu edo zuhur esan nahi duena. Horrelako subjektuak estimulu berrien aurrean emozionalki aktibatzen dira, eta arreta gutxi jartzen diote errepikakorra zaienari. Psikologoek, “esperientziarekiko irekitasuna” izenez ezagutzen den nortasun-ezaugarriari dagokionez, maila altua dutela diote. Horregatik, sedukzioan gogoa zabaltzen dieten elkarrizketek erakartzen dituzte. Aktibazio hori, hasiera batean mentala baino ez dena, beste maila batzuetara zabaltzen da azkenean, hala nola fisikora, afektibora eta erotikora.
Sexu-kitzikapena ez da figuratua, ezta moda baten zati bat ere. Benetako mekanismo biologikoa da, eta norbaitek lilura, kitzikadura eta desira sentitzen ditu faktore jakin horrengatik, eta ez beste batzuengatik. Sapiosexualak ez dira edertasunarekiko itsu eta ez diote uko egiten, inola ere. Berezitasun bakarra da honek ez duela desira handirik pizten, ezta lilura berezirik ere. Elkarrizketa da harrapatzen duena eta benetan liluratzen eta maitemintzen duena.
Egia esan, sapiosexualitatea ez da «sasijakintsu» hutsa izatea, elkarrizketa intimitate eta hausnarketa modu bihurtuko duen norbait aurkitzea baizik; hor, hitzaren, ezagutzaren eta emozioaren bidez emozionalki konektatzeko gai izatea. Ohikoa da norbait begi hutsez erakarrita sentitzea. Hala ere, adimena ez da erraz hautematen, denbora behar du, elkarreragin estua eta hurbiltasuna, su motelean, oso motelean ehuntzen dena, konplizitateak, miresmena, harridura... sortzen diren bitartean.
Funtsezkoa da gogoratzea, erakarpen modu guztiak bezala, sapiosexuala izatea giza sexualitatea osatzen duten ñabardura ugarietako bat baino ez dela. Azken finean, benetako lotura bat aurkitzea bilatzen dugu, adimenean, pasio partekatuan edo beste edozein ezaugarritan oinarritua. •
saioaaginako@gmail.com