GAUR8

Britainia Handiko ikastetxeetan Shakespeare ikastea errazteko plataforma berria

Royal Shakespeare Companyren babesarekin, Shakespeare ikastetxeetan irakasteko plataforma berri bat aurkeztu dute Britainia Handian. Luxuzko amabitxi eta aitabitxiak izan zituzten plataformaren aurkezpenean, alegia, Helen Mirren eta Ian McKellen aktore ezagunak.

Helen Mirren eta Ian McKellen aktore handiek irakaskuntza plataforma digital berri bat aurkeztu dute, William Shakespeare idazlearen antzezlan guztiei bizia emateko helburua duena, ikasleen eskura jarriz.

Plataforma doakoa da eta Royal Shakespeare Companyk sustatu du, RSC Shakespeare Curriculum izenarekin.

«Nik zorte handia izan nuen 15 urterekin 'Hamlet' ikustera eraman nindutelako, eta Shakespearekin maitemindu nintzen. 13, 14, 15, 16 urterekin Shakespeare irakurtzeko prest zaude. Bere obrak ezagutzeko adin egokia da, baina eskoletan irakastea ez da erraza, badakizu, irakasleek ahal duten guztia egiten dute obrei bizia emateko eta garrantzitsuak izateko. Baina oso oso zaila da hizkuntza mota horrekin borrokan ari zaudenean», azaldu zuen plataformaren aurkezpenean Helen Mirren aktore ezagunak.

«Ezagutzen duzue Shakespearen natura eraldatzailea, eta niretzat eta Ianentzat oso emozionantea da Shakespeare modu zirraragarri, sexy eta bortitzean ekarriko duen ekimen berri bat dagoela ikustea», gehitu zuen.

Ian McKellen aktoreak eskarmentu handia du Shakespeareren lanak antzezten: «Shakespeare 60 edo 70 urte antzezten eman ostean konturatu naiz oso zaila dela, eta oraindik ez dut asmatu nola egin. Beraz, nola has liteke 13 edo 14 urteko haur batek Shakespeareren idazketaren zailtasun zoragarriak estimatzen?»

Bere ustez, plataforma berria oso tresna egokia da gaztetxoei autore britainar ospetsuaren lanak gerturatzeko. «Nik ez nuen Shakespeare gelan deskubritu, antzezlanetan baizik, horiek antzeztuz, horiei buruz pentsatuz, horiei buruz hitz egiten beste zaletu batzuekin. Eta uste dut hori dela curriculum berriaren atzean dagoen espiritua», azaldu zuen.

McKellenek oroitzen duenetik izan da bere bizitzaren parte Shakespeare, eta horregatik zorionekoa dela uste du. Curriculum berriak pozez hartu zuen aurkezpenean. «Lege moduko bat da ikasleek Shakespearen inguruan ikasi behar dutel, eta hau haren istorioen eta hizkuntzaren gozamenean haurrak murgiltzen saiatzen ari diren irakasleei laguntzeko oso tresna ona da», adierazi zuen.

Jacqui O'Hanlon Royal Shakespeare Company-ko kidea da, eta plataforma sortzen lagundu du. «Espero dugu Shakespeareren curriculumak iraultza bat sortzea irakasleek antzezlanak irakasteko eta ikasleek haiei buruz ikasteko moduan», esan zuen. Plataformaren bidez, antzezlen guztiak online ikus ditzakete ikasleek, irakurri  beharrean, zuzenean aktoreen bidez jasotzen dituzte, «antzezpena eta pedagogia uztartuz».

Marlon Bonilla Winder eta Jiya Desai Stratford ikastetxeko ikasleak dira, eta haiek plataformaren aurkezpenean egon ziren. «Baditugu pertsonaiak, argumentua, antzezlan guztiak. Oso argi erakusten da, eta oso erabilgarria eta erraza iruditzen zait. Eta uste dut Shakespeareren beste alde bat ikusi dudala ezagutzen nuenarekin alderatuta», adierazi zuen Bonilla Winderrek.

Desaik, bere aldetik, aitotu zuen lehen Shakespeare ez zuela gustoko «baina atzean dagoen testuinguru osoa ulertu eta antzezlana bera guztiz ulertu ondoren, asko gozatzen hasi naiz».