CONTENU SPONSORISÉ

Orain dela 45 urte hil zuen Mark David Chapmanek John Lennon

John Lennon The Beatles taldeko kide mitikoa gaurko egunez hil zen New Yorken, Mark David Chapmanek eman zizkion tiroen ondorioz. Yoko Onorekin bere apartamentura iristean eraso zion, eta bertan geratu zen Chapman Polizia iritsi eta bera atxilotu arte.

Lennonen omenezko estatua Habanan
Lennonen omenezko estatua Habanan (Wikipedia commons)

John Winston Lennon ingelesa (Liverpool, 1940ko urriaren 9a - New York, AEB, 1980ko abenduaren 8a) The Beatles taldeko kide izan zen, abeslari, gitarra jotzaile eta taldearen abesti askoren egilea, haietako batzuk XX. mendeko kanturik ezagunenak. Musika talde hura utzi ondoren, bakarlari gisa jarraitu zuen musikan, baita gerren aurkako jardunean ere. Ospe handia zuen mundu osoan.

Mark David Chapman estatubatuarra (Fort Worth, Texas, 1955eko maiatzaren 10a) Honoluluko (Hawai) ospitaleko langilea zen. Hura ere ezaguna da mundu osoan, John Lennon hil zuenez gero.

1980ko abenduaren 8ko arratsaldean, Lennon eta bere emazte Yoko Ono beren apartamentutik irten zirenean, fan talde batek inguratu zituen. Haien artean Chapman zegoen, eta “Double Fantasy” diskoaren kopia bat eman zion musikari ingelesari sina ziezaion. Hala egin zuen Lennonek. 22:50ean, bikotea etxera itzuli zenean, zain zuen Chapman, eta haren ondotik igarotzean, Lennoni tiro egin zion bost aldiz. Lau balak jo zuten, heriotza eragin ziotenak. Ondoren, espaloian eseri zen Chapman, Poliziak atxilotu zuen arte. Hilketaren erruduna zela aitortu zuen.

Poliziek esan zutenez, Chapman oso lasai aurkitu zuten, eta J.D. Salingerren “The Catcher in the Rye” liburua zuen eskuan. Liburuaren azalaren barrualdean mezu bat idatzia zuen: «Holden Caulfieldentzat. Holden Caulfielden partez. Hauxe da nire deklarazioa». Holden Caulfield Salingerren liburuko protagonista da. Bere bizitzak harena islatzen zuela esan zuen Chapmanek geroago.

Lennon abenduaren 10ean erraustu zuten. Ez zioten hiletarik egin, Yoko Onok hala erabakita, baina hainbat omenaldi egin zizkioten. 1980ko abenduaren 14an, Onok Lennonen omenez hamar minutuko isilunea egiteko eskaerari erantzun zioten milioika pertsonak munduan zehar. Lennonen bi jarraitzailek gutxienez beren buruaz beste egin zuten.

Chapmani biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten, baina erruduntasun deklarazioa horrek 2000. urtetik aurrera baldintzapeko askatasuna eskatzeko aukera eman zion; hala ere, hura askatzearen aurkako hainbat kanpaina egin dituzte, eta bi urtean behin ukatu egin izan diote askatasuna.