Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevue
Gorka Pagonabarraga Agorria
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalista

«Ahalik eta kantukide onenak izaten saiatuko gara lehiakide onenak izateko»

2000. urtean Durangon sortutako bertsolariak hirugarren finala jokatuko du. Txapelketak hotz harrapatu bazuen ere, Casillan sartzean ilusioa piztu zitzaion.

Gorka Pagonabarraga Agorria.
Gorka Pagonabarraga Agorria. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)
Txapelketa honek hotz harrapatu zaituela adierazi duzu, baina Casillako aurkezpenean ilusioa piztu zitzaizun.

Halako lilura edo zirrara bat sartzen da gorputzean, ikusita non kantatuko dugun, zelako plaza erraldoia izango den. Halako plazetara ez dago ohitzerik, nahiz eta ez den lehenengo aldia izango. Ilusioagaz eta gogotsu nago finalerako. Ez da jakiten zergatik gauden batzuetan hobeto eta besteetan txarrago, bizitzan moduan bertsotan ere berdin. Seguruenik ez dut urtean bertsoa buruan gehiegi eduki. “Txapelketa etorriko da” pentsatzen nuen, eta prestakuntzan ondo sartu barik eta behar beste mentalizatu barik harrapatu nau. Halakoetan kolpean kudeatu behar izaten dira gauza asko, eta hor harrapatu nau, nahiko hotz, ondo jakin barik bertsotara zertara noan.

Lehenengo finalaurrekoa Abadiñon egin zenuen eta hirugarren postua lortu zenuen. Nola joan zen?

Nire buruaren kontra egin behar horren adibide nabarmena Abadiñoko saio hori izan zen. Ez nuen ariketa batean ere disfrutatu ahal izan. Horrek ez du esan nahi dena txarto egin nuenik, baina ofizioa joan ofizioa etorri ez genuela elkarrizketa ganorazkorik osatzen, ez nuela bertso politik botatzeko biderik topatzen ikusten nuen. Emaitza ez zen hain txarra izan, baina sentsazio txarrak izan nituen.

Eta Markina-Xemeingo saioa nolakoa izan zen?

Hor bai lortu nuen tarteka gaiei ondo erantzutea, albokoarekin elkarrizketaren bat osatzea eta gozatzea. Zortziko handian Txaberrekin [Altube] batera osatutako ofizioa aipatuko nuke. Ez genion aparteko brillorik atera, baina nahiko elkarrizketa sinesgarria egin genuen. Oihana Bartragaz beti gustura kantatzen dut eta orduan ere hala izan zen. Seiko motzean frankismoaren ikur bati buruz kantatu genuen.

Ganbarako ariketan Durangoko alkatearen musuari uko egin zenion.

Lehenengo etorri zitzaidan gauza izan zen. Bigarren buelta bat emanda, gai zabalago bat hartzea erabaki hobea izango zen, oso txokoko bakarkakoa geratu zelako, Durangon oso kokatuta, gaztetxe konkretu batean. Edozein kasutan, esandakoagaz gustura eta damurik gabe.

Hirugarren finala izanen duzu. Zein helburu dituzu?

Helburu bakarra, udazken honetan kostatu zaidanez, neure buruari bertso eskoletan eustea eta bertsoa ahal beste zorroztea da. Eta, beste barik, ahalik eta final onena defendatzera joateko jarrera lortzea.

Oihana Bartrarekin gustura kantatzen duzula aipatu duzu. Zer diozu bertze kideez?

Beti esaten dugu zortzikote polita dela, baina beti izaten da egia. Edonor dela ere finalera heltzen dena, beti izaten du zeresana eta zelan esana, eta aurtengo zortzikoteak ere kolore eta ahots diferenteak edukiko ditu. Aitor Bizkarra jende gutxik ipiniko zuen finaleko kinieletatik kanpo, baina Txaber eta biok ere pasatu izana gure taldearentzat oso pozgarria da. Jende asko daukagu ilusioz bizi duena aurtengo finala eta jende horri ere poz txiki bat eman nahiko genioke. Orokorrean, elkarrizketa batean galdetzen zidaten ea lehiakidetzat ala kantukidetzat hartzen ditugun beste zazpiak; batak ezin du bestea kendu, elkarrekin doaz eta ahalik eta kantukide onenak izaten saiatuko gara lehiakide onenak izateko.

Nola zabiltza plazaz plaza?

Nahiko karu dago plazara sartzea. Beste garai batzuetan baino bertsolari gehiago gaude bertsotan minimo bat behintzat emateko gai garenak, eta konpetentzia handia dago. Dibertsifikatuta ere badago plaza, eta bakoitzak bere sektoreetan kantatzen du. Nik boladaka saio gehiago edo gutxiago edukitzen ditut eta etortzen zaizkidanean oso gustura hartzen ditut. Txapelketan baino askoz ere gehiago disfrutatzen dut. Udan zortea eduki dut sei-zazpi saio polit harrapatzeko eta gozatu dut.

Aurkezpenean transmisioa izan zenuen gogoan. Aipatu zenuen badela gazte jende bat orain arte bertsozalea ez zena eta bertso mundura erakartzen ari zaretena.

Bertsoa dibertsifikatzen ari da, diskurtso diferenteak entzun ahal ditugu plazan, eta horren eskutik bertsoa berez ailegatzen ez zen lekuetara ailegatzen ari da. Adibidez, aurten Gaztetxeak Bertsotan moduko sariketa bat antolatu da, eta, horri esker, gazte belaunaldi berri bat bertsotara hurbiltzea lortu dugu. Kontrako funtzioa ere bai, bertso munduko jendea gaztetxera hurbiltzea.