«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»
Ikus-entzunezkoen sektorea gurean bizitzen ari den une politaz gozatzen ari da. «Nahi duguna da euskaraz pelikulak egiten jarraitzea eta ez dugu erlaxatu behar», ohartarazi du, dena den.

Aurtengo urtea oparo etorri da Jone Laspiurrentzat (Donostia, 1995). Uzta biltzeko garaia izan du. “Faisaien irla” (Asier Urbieta) eta “Karmele” (Asier Altuna) filmetan protagonista lanetan ikusi dugu. Sei urte dira lehen aldiz kameren aurrean jarri zela. 30 urteak beteta, eta egindako bideari esker, garbi ikusi du: interpretazioari lotuta ikusten du etorkizuna.
Zer nabarmenduko zenuke 2025 honetatik?
Batetik, erreta eta inpotentzia handiarekin ikusi dut Palestinaren egoera, baita eskuinaren igoera munduko leku pila batean. Bestetik, oparoa izan da euskarazko zineman. Pozik txoratzen nago, izugarrizko Zinemaldia eduki dugu. Kontraesan asko sortzen dizkizu maila profesional eta pertsonalean arrakasta izateak mundua hain aldrebes dagoenean.
Ez zaude kexatzeko moduan, urteko euskal ekoizpen nagusietako bitan protagonista izan zara.
Bai “Faisaien irla”, bai “Karmele”, bi estreinaldi garrantzitsu izan dira. Urte hasiera oso potentea izan nuen. “Faisaien irla”-rekin zinema areto askotatik pasa ginen, solasaldi pila bat egin genituen, promozioa hainbat hilabetetakoa izan zen eta ez da ohikoa. 2024ko hasieran izan ziren bi grabaketak, bata bestearen atzetik, lehenengo “Faisaien irla” eta gero “Karmele”. 2025a uzta jasotzeko urtea izan da.
«Faisaien irla» eta «Karmele» garrantzitsuak dira pertsonalki zure eraikitze bidean?
Bi proiektuak oso pertsonalak dira. Biak oso lan lokalak dira, ukitzen nautenak nahiko zuzenki. Bi filmek erabateko eragina izan dute; identitate aldetik, ni naizena egiten naute. “Faisaien irla”-k geografikoki etxera ekarri nau eta “Karmele”-k nire familiarekin eta Euskal Herriko panoramarekin asko konektatu nau; nire lekuan sentitzen naiz.
Eta aktore bezala lagundu dizute erremintak eskuratzen?
Erantzukizun handia sentitu dut. Kamera une oro egon da bi pertsonaia protagonistokin. Teknikoki ere gauza asko ikasi behar izan ditut, orain arte eduki ez ditudan erronkak; frantsesa, hasteko. Igeriketa eta txalupa motorduna gidatzen ere bai, “Faisaien irla”-ren kasuan; eta dantzak, abestiak, pianoa... “Karmele” pelikulan. Profesionalki zabaltze bat izan da. Emozionalki ere eszena zailak eduki ditut. “Karmele”-n emakume heldu baten larruan sartu naiz, hamar urtean zehar; hiru haurren ama da, gerra bat bizi du, erabaki gogorrak hartu beharrean da… Niretzako heltze bat izan da.
Ikusten duzu zuregan garapenik pertsonaiak sortzean heldulekuei dagokienez? Aktore batzuk alderdi fisikotik egiten dute, badira psikologiara jotzen dutenak…
Bai. Madrilgo Corazza eskolan Manuel Moranekin mintegi interesgarria egiteko aukera izan nuen. Antzerki fisikotik nentorren eta bide asko ireki zitzaizkidan. Horrez gain, “Karmele”-n profesional oso handiak eduki ditut ondoan. Eneko [Sagardoy], Nagore [Aranburu] eta Asierrekin [Altuna] eskuz esku lan egitea... Ni ere enpapatuz noa. Beraiek ematen dutena jasoz noa. Hasteko, mahai gaineko lan handia egin genuen grabatzen hasi aurretik, eta Eneko bera ere ikusi nuen lanean, niretzat erreferentzia dena.
2020an ikusi zintugun lehen aldiz pantaila handian «Ane» filmarekin. Zein balantze egiten duzu orain arteko bideaz?
Guztiz eskertuta nago. Agian lehen ez neukan guztiz sinistua hau nire ogibidea izango zenik, eta, ondorioz, ez nituen hainbeste kezka. Baina orain bai. Konfirmatu dut hau dela eta hau izatea nahi dudala etorkizunean ere. Eta horrekin batera etorri zaizkit hainbestetan entzun ditudan aktoreen bertigo horiek -ezegonkortasuna...- edo “hemendik aurrera zer?” galdera. Nire buruari jartzen diodan exijentzia maila geroz eta altuagoa da. Asko nabaritzen dut. Geroz eta gutxiago konformatzen naiz. Sei urte hauetan egin dudan eboluzioa pertsona bezala izugarria da. Eta hori aktoretzatik dator hein handi batean. Oso lanbide humanoa izanik, eraldaketa ekarriko dizu. Nabaritzen dut askotan jendeak ere espero dituela gauza batzuk. Ez dakit ikusiko diren edo ez.

2020an hiru lanetan ikusi zintugun Donostiako Zinemaldian: «Ane», «Akelarre» eta «Alardea». Ate handitik sartu zinen. Urtebetera eskuratu zenuen emakumezko errebelazio aktore onenaren Goya saria «Ane»-n egindako lanagatik. Eskaintza gehiago ekarri zizun sariak?
Denak ditu aurpegi ezberdinak. Casting gehiago iristen zaizkizu, askotarikoagoak, eta ederra da, baina bestalde zaila eta gogorra da. Exijentzia handia eskatzen dute. Bidean ikasten joan naiz. Nire buruarekin ondo eta pozik egon naiz momentu batzuetan, eta, beste batzuetan, urrun beste gauza batzuekiko. Orain arte hori ez zitzaidan axola eta orain bai, eta exijitu egiten diot nire buruari. Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan.
Eskaintzarik? Sei urte daramatzat eta apenas egin dut lan Estatuan. Ateak ireki dizkit castingetara, baina ez pelikuletara, inola ere ez.
Nola asimilatu zeuen 2020ko Zinemaldi hartan bat-batean fokupean jartzea?
Oroitzapen oso ona daukat. Erraz eta natural egindako Zinemaldia izan zen. Kontua da orain hasten naizela konturatzen ze arraroa zen. Ondoren zinema festibal desberdin pila batean egon naiz. Zinemaldian dagoen azpiegitura guztia, dagoen aurrekontua, zaintza, dagoen kalitate hain altua, onenekin partekatzea pantaila... Ez da ohikoa.
Bizitako esperientziarekin orain kontzienteagoa zara.
Bai, zinemaren dimentsio asko aldatu zait. Ni ikuslea nintzen, zinema gustatzen zitzaidan. Noski, aktore izateak behartu nau nolabait ikusle bezala ere zorroztera. Hau izan da lanaren gauza ederrenetako bat. Zinemaz askoz gehiago gozatzen ikasi dut, eraman nau leku askoz sakonago batzuetara. Gehiago preziatzen dut, baita aktoreen lana bera ere. Behin ikasten duzunean zinema nola egiten den, nik uste dut beste begi batzuekin ikusten duzula, ez? Eta hori niretzat oso ederra da. Esango nizuke aktore bezala kasik gehien disfrutatzen dudana dela beste aktoreen lana ikusten. Benetan zeozer ederra ikusten duzunean, gehiago emozionatzen zara baldin badakizu horrek zer balio daukan. Emozioa are handiagoa da, eta hori oso ederra da.
2023an «Negu hurbilak» filmean lan egin zenuen, proiektu berezia, ezta?
Nik asko maite dudan proiektua da eta badaukat sentsazioa Euskal Herrian jende askok ez duela pelikularen berririk izan. Euskal gatazkaren testuingurua lantzen du, baina ikuspuntu nire ustez oso eder batetik. Badut pena. Kategoria handiko jaialdian estreinatu genuen eta ondoren hemen ez zuen oihartzun handirik izan.
Hasieratik bide arrakastatsua izateak badu arriskua ere. Zerk edo nork jaisten dizkizu oinak lurrera?
Euskal Herrian nahiko modu terrenalean bizitzen ditugu kontu hauek. Noski, badaude momentuak zeinetan agian pixka bat gehiago altxatzen zaren lurretik. Nire heldulekua Donostia da. Ni ondo sentitzen naizen lekua da. Intxaurrondon bizitzen jarraitzen dut. Betiko lagunekin egoten naiz eta ez dute inongo harremanik zinemarekin. Aktore izan aurretik neukan mundua ez da desegin. Dena den, Madrilera asko joaten naiz, ikastaroak egiten ditut eta harreman estuak ditut.

Aurreko elkarrizketa batean esan zenidan ez zeniola zure buruari mugarik ezarri nahi. Nakar taldean ere bazabiltza, asmo berarekin jarraitzen duzun seinale.
Orokorrean ez naiz ezertara ixten bizitzan. Kosta egiten zait nire burua definitzea eta interes zabalak ditut. Eroso nago denetarik egiten.
Betiko lagunak aipatu dituzu. Nakar beste kuadrilla bat da?
Bai, Nakar nire helduleku handienetako bat da. Lagun talde bat gara eta azken urte hauetan izugarri hazi naiz beraiekin. Erreferenteak dira, miresten ditut. Oso pertsona politizatuak dira eta asko laguntzen didate nire testuingurua ulertzeko orduan.
Bi Jone dira Nakarrekin eszenara igotzen dena eta zuzendariaren aginduetara jartzen dena?
BBadira bi Jone. Ezetz esango banu gezurra esango nizuke. Zinema nire lana da. Lagunekin egiten dut eta plazer handiz, baina lana da. Aldiz, ganberroa izateko eremua da Nakar, aske sentitzekoa. Eta hori izateari uzten dion unean utzi egingo dut. Pretentsiorik gabe egiten dugu. Orain pausa eder batean gaude, ez dakit noiz itzuliko garen eszenatokietara. Ni orain pelikula berria filmatzen ari naiz.n.
Zer aurreratu dezakezu?
Dani Romero zuzendariaren opera prima da. Generozko pelikula da, beldurrezkoa. Lehen aldiz gaztelera hutsean egingo dut. Ez dut generoa jarraitzen, kosta egiten zait ulertzea genero hori maite duen jendea, baina interpretatiboki oso interesgarria da genero berri bat urratzea. Oso pozik nago.
Hemen grabatzeko erakundeak ematen diren kenkari fiskalak asko ari dira nabaritzen. Garai batean Madrilera joan ziren teknikari asko bueltan dira. Ja industria batez ere hitz egin dezakegu.
Bai, industria bat existitzen da. Filmaketa bat baino gehiago egiten dira aldi berean eta gertatzen da teknikariak Madrildik ekarri beharra. Proiektu honetan ere departamentu batzuk Madrildik etorri dira, nahiz euskaldun asko gauden. Orain haiek dira euskarazko hitzak eta hemengo kultura ikasi behar dutenak. Orain arte alderantziz izan da, beti Madrilera joan eta egokitu beharra. Momentu polita da. Erne ibili behar dugu halere: nahi duguna da euskaraz pelikulak egiten jarraitzea eta horrekin ez dugu erlaxatu behar. Nik neuk ere bolada daramat Euskal Herrian bizitzen. Egon nintzen Madrilen antzerkia ikasten eta gero itzuli egin nintzen. Eta horrek ez dit inolako lan arazorik sortu. Alderantziz, niri lana hemen sortzen zait.
Ikus-entzunezkoek bizi duten momentu politaz ari gara, baina ezin da gauza bera esan lan baldintzez, oro har. Hor dago Lanartearen ikerketa...
Gure kasuan ezegonkortasuna handia da eta horren gain musu truk gauza asko egiten ditugu. Gure lanaren beste gai bat, ikusten ez dena, gestioarena da; telefonoari eta ordenagailuari itsatsita ordu asko egoten gara. Gainera, beti aktibo mantendu behar dugu, filmatzen ez gauden momentuetan edo lanean ez gauden momentuetan ikastaroak egiten ari gara. Normalean Madrilera goaz eta oso garestiak dira. Horrek esan nahi du alokairua ere ordaindu behar duzula. Gure lana inguratzen duten gauza ugari daude normalean ikusten ez direnak. Diru sarrerarik ez eta zure poltsikotik jarri behar. Areago, festibaletan ere bai. Zinemaldia oso ederra da, baina guk hor dirua galtzen dugu. Tontakeria dirudi, baina arroparekin, diseinuarekin eta irudiarekin dagoen rollo guztiak derrigortzen gaitu egunera egoten, arropak alokatzera edo ordaintzera diseinatzaileei, gauzak ekartzera Madrildik edota urrunagotik ere, estilistak, bidaiak... Gehienetan dirua galtzen dugu. Proiektu handi bat baldin badaukazu primeran, horrekin ateratzen duzu urtea, baina bestela oso zaila da.
Euskal Herrian kulturgintzari ematen diogun balio(ez)az zer iritzi duzu?
Madrilen asko egoten naiz, Estatu mailan ere leku askotan lagunak ditut eta haiekin alderatuta esango nuke Euskal Herrian badaudela bekak, badaudela hainbat laguntza eta azpiegiturak ere. Baina hori horrela izanik, adibidez, hemen oso zaila da antzerki obra bat aurrera ateratzea eta emanaldiak izatea. Hutsune handiak daude kulturgintzan. Eta egia da jendea benetan prekarioki bizi dela.

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»

Kantina eraberritua, elikaduratik komunitatea egin eta goxatzeko

«Bizitzen ari garen garai hauek kristoren ‘mala ostia’ sortzen didate»

