Espainian ez dago politikarik, patua baizik

Unibertsaltasunaren patua omen zen Espainia, Jainkoaren nahiaren adierazpena. Armadaburu frankisten agindua jarraituz Konstituzioan ere ezarri zuten, Espainia komun eta zatiezina, eskubide politikoen abiapuntu bakar dena. Ildo horretan, Franco hil ondoren, politikariek Espainiaren patua jarraitu besterik ez zuten egin, erregeak aginduta. Ideia hori hain dago barneratuta espainiar iritzi publikoan, ezen trantsizio politikoa deitu denaren edozein kontakizun ezinbestean blaitzen baitu.
Hala gertatzen da “Anatomía de un instante” (Alberto Rodríguez eta Paco R. Baños, 2025) telesailean ere. Maila pertsonalean Alvaro Mortek bikain antzeztutako Adolfo Suarezen asmoa, lehen unetik omen zen «presidente demokratiko» bihurtzea. Ez monarkia eta frankismoak ezarritako klase interesak iraunaraztea eta oposizioaren mehatxutik salbatzea, praktikan maisuki egin zuen bezala. Egia da islatzen dela frankismotik zetorren elite politikoaren bizi maila, ingurune soziala eta ikuspegi elitista, baina telesailaren lau kapituluetan zehar ez du kezka politikorik fikziozko Suarezek. Ez arrangurarik greben aurrean, ezta zailtasunik ere frankismoko notableekin osatu zuten alderdi politiko ahul hura kontrolatzeko. Ez da ageri beti erabili zuen mehatxu inplizitu hura ere, «edo ni edo militarrak», praktikan herritarren beldurra eta prozesu politikoaren kontrola ziurtatu zizkiona.
Carrilloren pertsonaia Paul Prestonek ondutako biografiatik aterata dago, bere alderdi politikotik erabat isolatuta agertzen duena, erabaki guztiak pertsonalki hartuz gainontzekoen iritziak kontuan hartu gabe. Hori hala izan zitekeenik guztiz baztertu gabe, ez dira ageri ezkerreko alderdietan ohikoak ziren etengabeko bilerak eta tentsioak. Hori bai, Espainiari zegokion patu monarkiko eta kapitalistari amen eginez, erantzukizunez hartutako erabakiak bezala aurkezten dira Carrillorenak, ez PCI Italiako Alderdi Komunistatik hartutako inspirazio eurokomunistarekin pentsatutako erabaki politiko bezala. Azken finean, Carrillok espainiar on izatea beste asmorik ez zuen eta telesailean negar egiten du espainiar pasaportea lortzen duen unean (ez dakit halakorik jasota dagoen nonbait, egia esan).
Sinesgarriagoa iruditzen zaidan atala (agian militarren arteko elkarrizketa bat inoiz benetan ezagutu ez dudalako), otsailaren 23ko estatu kolpe saiakerara eraman zuen konspirazioaren kontakizuna da, Alfonso Pinillak “El laberinto del 23-F” (2010) liburuan aztertutakoa gogorarazten duena. Hainbat konspirazio uztartu ziren, azkenean denek huts egiteko. Baina, praktikan, monarkia konstituzionala finkatzeko, estatu kolpeari beldurrez. Finean, Espainiaren patuaren ondorio saihetsezina izan zen finkapen hura ere... Trantsizioa fase politiko bereziki interesgarria izan zen espainiar iritzi publikoarentzat, politikarik, kapitalaren aurkako etengabeko grebarik, protesta erraldoirik, eguneroko arazoen politizaziorik, esperantza iraultzailerik... gabekoa, Espainia unibertsalaren gauzatzearen metafisika hutsa.

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»

Kantina eraberritua, elikaduratik komunitatea egin eta goxatzeko

«Bizitzen ari garen garai hauek kristoren ‘mala ostia’ sortzen didate»

