Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Txinaren lezioa Japoniako buruzagi berriari

Taiwanen kontrako eraso militarrak Japoniaren interbentzio militarra eragingo lukeela esan zuenetik, ia analista guztiek berdina galdetzen dute: zer zuen buruan Sanae Takaichik, japoniar buruzagi berriak, bi herrialdeen arteko harremanetan negu luzea ekarri duen adierazpen probokatzailea botatzeko?

Japoniako lehen ministroa, Sanae Takaichi, AEBko presidente Donald Trumpekin pasa den urriaren 28an Tokion egindako bileran.
Japoniako lehen ministroa, Sanae Takaichi, AEBko presidente Donald Trumpekin pasa den urriaren 28an Tokion egindako bileran. (EUROPA PRESS)

Txinak Sanae Takaichi Japoniako lehen ministroari emandako erantzuna berehalakoa izan zen. Takaichiri «barne arazo» baten inguruan aritzeagatik kontu hartzeaz gain, Beijingek herritarrei Japoniara ez bidaiatzea aholkatu zien. Askoz harago joan zen Osaka hiriko kontsul txinatarra: X sare sozialen argitaratu zuenez, «arazoetan sartzen denari lepoa moztu behar zaio». Japoniako itsaskien inportazioaren debekua ere iragarri zen, eta hainbat artista japoniarren kontzertuak bertan behera utzi ziren. Azken biktima bi herrialdeen arteko ikasle-trukea izan da eta Beijingek nabarmendu du normaltasuna ez dela bueltatuko Takaichik bere adierazpenetan atzera egin arte.

Sorpresarik gabeko sorpresa da Takaichiren adierazpenek Txinan Interneten polemika latza sortzea, Japoniaren gerra krimenek eragindako minak bizi-bizirik segitzen baitu bertan. Gainera, Japoniako lehen ministro berriak hildako Shinzo Abe lehen ministro gogorraren ildokoa izatearen itxura du, hau da, Bigarren Mundu Gerran txinatarren aurka japoniar askok izandako jarrera damugabea ordezkatzen zuen Aberen ildokoa.

SAREAN SUZKO EKAITZA

Baina zer esan zuen zehazki Takaichik? Legebiltzarrean aurrekontuen inguruko saio bateko galdera bati erantzunez, gerraontziekin egindako Taiwanen kontrako eraso bat Japoniaren «biziraupenerako mehatxua» izango zela esan zuen, interbentzio militar japoniarra eskatuko lukeena. Takaichiren aurreko lehen ministroak inoiz halakorik esan gabeak ziren; sekula ez zuten zehaztu Japoniak nola erantzungo zuen Taiwanen kontrako eraso militar baten aurrean. Analista batek aipatu bezala: «Takaichiren adierazpenek ekarritako aldea ez dago hainbeste edukian, esan zuena hain argi esatean baizik. ‘Anbiguotasun estrategikoaren politika’ japoniarretik urruntze bat eman zela uler daiteke, Japoniaren segurtasuna Taiwangoarekin zuzenean lotu baitzuen».

Takaichiren hitzak interpretatzean, askoren ustez, aintzat hartu behar da Legebiltzarreko eztabaida batean esan zituela, oraindik ikasten ari den lehen ministro hasiberri baten hitzak direla. Takaichiren akatsa, beharrik gabe Japoniaren ohiko anbiguotasuna alboratzea izan zen askoren ustez. Iritzi horren aldekoek, egindako adierazpen gogorrak astebete lehenago Takaichik eta Xi Jinping presidente txinatarrak Seulen egindako bileraren tonuarekin bat ez datozela nabarmendu dute, biek Txinaren eta Japoniaren arteko harreman sendoen eta eraikitzaileen alde egin baitzuten.

Takaichik atzera egin ez duen arren, aurrerantzean horrelako adierazpenak berriro egingo ez dituela baieztatu du. Baina badira «politikari baldarraren» argudioa baztertzen dutenak ere, adierazpenak ongi pentsatuta egin zituela diotenak, kanpo politikan irudi indartsua emanez bere barne ahulezia indartzeko amarrua izan zela. Iritzi horren aldekoen arabera, Shinzo Aberen dizipulua izateaz gain, Takaichik Margaret Thatcher lehen ministro britainiar ohia du jarraitu beharreko eredu bezala, hau da, “Burdinazko Dama”. Baina argudio horrek ere ez dirudi sinesgarria: zergatik eten behar ditu Japoniak harremanak Txinarekin, kanpo harremanak aintzat hartuta bigarren herria garrantzitsuena denean beretzat? Barne mailako irabazi politiko txiki eta iragankor baten alde? Horiek horrela, azalpen probableenak, nire iritziz, Donald Trumpekin du zerikusia, Asia-Pazifikoan egindako biran urrian Japoniara egin zuen bisitarekin.

Eskualde osoa zegoen kezkatuta Trumpen bigarren agintaldiarekin. Ia herrialde guztiei deklaratu baitzien gerra komertziala, eta Asiako ekialdeko herriak, beren ekonomiak esportazioek bultzatuta eraiki zituzten “Asiako Tigreak”, zituen jomuga gogokoen. Ia herri denak muga-zergen %19ko igoerarekin zigortu zituen; Japonia eta Hego Korea, %15arekin. Hala ere, bi herrialde horiek komertzioa baino zerbait gehiagogatik zeuden kezkatuta. Azken 80 urteetan, inperio estatubatuarrak Asian izan dituen lehen lerroko protektoratu gisa jokatu izan dute. Gerra Hotzaren amaieran, AEBko Pazifikoko Komandoaren boterea Asian proiektatzeko, estatubatuarrek ehunka base eta azpiegitura militar jarri zituzten Japonian eta Hego Korean. Trumpek, lehen agintaldian, bi herriei defentsa kostu handiagoak beren gain hartu behar zituztela esan zienean, segurtasun arloan zeinek babestuko zituen kezkatzen hasi ziren. Eta ez ziren lasaitu Trumpek 2019an Koreako Eremu Desmilitarizatua zeharkatu zuenean Kim Jong-un Ipar Koreako buruzagiari eskua luzatu eta bizkarrean zaplada emateko. Trump boterera bueltatzean, Seul eta Tokioko elite kontserbadoreak asko larritu ziren, azken 80 urteetako statu quo-a arriskuan ikusita.

Sanae Takaichi, Japoniako lehen ministroa. (Johannes NEUDECKER / EUROPA PRESS)

Hainbat analistaren arabera, Trumpen zirkulu intimoan eragiten duten hiru fakzio elkarren artean borrokan ari dira: «Lehena, ‘maximalistak’, AEBn dominazio globalaren ideiari eusten dion gero eta talde txikiagoa. Bigarrena, ‘espezifistak’, Txinan zentratzeko estatubatuarrak Europatik eta Ekialde Hurbiletik erretiratu behar direla uste dutenak. Hirugarrena, ‘kontinentalistak’ edo 'neomonroezaleak’ -Stephen Miller eta J.D. Vance presidente ordea, besteak beste-, ia ermitauarena den atzera-egite baten aldekoak, zertarako eta AEB kontinente-gotorleku bihurtzeko». Egoera ikusita, japoniarrak eta korearrak kezkatuta daude, oso. Pentsa liteke Trumpek Europa ekialdean konkistatuko lurraldeen gaineko Errusiaren subiranotasuna aitortuko duela, Ukrainan NATOko aliatuak abandonatuz. Azken asteotako Venezuelaren aurkako oldarraldia ikusita, pentsa liteke ere «baratze propioan», mendebaldeko hemisferioan, jarriko dutela arreta militarra estatubatuarrek, eta horrek “isolazionistak” edo “kontinentalistak” irabazten ari direla esan nahi duela...

Espekulazioak espekulazio, harrigarria da Etxe Zuriak ez duela oraingoz Asia-Pazifikoaren inguruan politika argirik zabaldu. Peter Hegseth Gerra Idazkariak 2025 hasieran eskualdea bisitatu eta Gerra Hotzaren leloak errepikatu zituen. Baina Seul eta Tokioren beldurrak ez ziren desagertu, Washington «influentzia esferen estrategia» informalki hartzen ari zela baitzirudien...

Asia-Pazifikoa Kooperazio Ekonomikorako Seulgo gailurrerako bidean zela, Trumpek egin zion bisitan segurtasunezko ezkutu estatubatuarren etorkizunaren inguruko adierazpen definitiboak lortzeko aukera eskaini zion Takaichiri. Taiwanen inguruko Takaichiren anbiguotasun estrategikoaren apurketa, Trump Tokiorekin aliantza militarra sakontzera konprometitzeko maniobra bat izan zen?

Takaichiren adierazpenetatik egun gutxira, Xi Jinpingekin izandako deiaren kontakizuna egitean, Trumpek argi esan zuen: «Oso elkarrizketa oparoa izan dugu. Gai asko izan ditugu hizpide: Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerra, fentaniloa, soja eta beste nekazaritza produktu batzuk… Txinarekin gure harremana zinez sendoa da!». Trumpek ez zuen Takaichiren jarrera inolaz babestu, ezta Taiwanen eta Japoniaren arteko gaiaz hitz bakarra esan ere. Iradokitzailea izan zen, halaber, Trumpen tonua: Xi Jinpingekiko errespetua erakusten zuen, berotasuna ez esateagatik. Nanjingeko Unibertsitateko Nazioarteko Ikasketen Eskolako dekano Zhu Feng analistak jakitera eman zuenez, Washington «ez dago prest Taiwango gaia AEBn eta Txinaren arteko harremanak bahitzeko erabiltzen uzteko» eta «Trumpen barne eta kanpo politiken lehentasunak ez dira ez Taiwan ez Asia-Pazifikoa».

Japoniar askok ulertzen ez dutena da, belatz tematia den Takaichik tartean, Txinarentzat Bigarren Mundu Gerra ez dela bukatu, Beijingek ez duela presioa arinduko Tokiok amore eman arte. Eta hori, etsigarria da azkar zahartzen ari den, moteltze ekonomiko eta teknologiko betean den eta Armadak soldadu kuotak betetzeko zailtasunak dituen herri batentzat. Are zaindari estatubatuarrarentzat bi herrien arteko aliantza lehentasuna ez bada. Inkestetan Takaichiren onarpenak gora egin omen du, baina bada argi dagoen zerbait: Japoniarekin odolezko zorra duen eta gero eta indartsuagoa den Txina sutu du.